Bihar (ekainak 15) hasiko dira hondartza denboraldia eta TAOren udako aldia

2024/06/14

Hondartza denboraldia ekainaren 15ean hasi eta irailaren 15ean amaituko da. Epealdi horretan, Itzurun eta Santiagon hainbat aldaketa egongo dira; izan ere, Udalak hainbat hobekuntza eta aldaketa egin ditu hondartzetarako sarbideetan, zerbitzuetan eta ekipamenduetan. Era berean, herritarrei eta bisitariei gogorarazten zaie tarte honetan indarrean egongo dela TAOren udako erregulazioa; horrenbestez, bertakoen guneak indarrean egongo dira herri osoan.

Hondartza denboraldia bihar bertan (ekainak 15) hasiko da, eta irailaren 15era arte egongo da zabalik. Zumaiako Udalak aurtengoan egongo diren zenbait aldaketen berri eman nahi du, egindako hobekuntzak jakinaraztearekin batera.

Itzurun hondartza:

  • Itzurungo magaleko obrak: Eremuaren ezaugarriak tarteko, obraren amaiera luzatu da; ondorioz, ekainaren 19an zabalduko da arrapalako pasabidea. Zumaiako Udalak maiatzaren erdialdean hasi zituen Itzurungo magaleko lanak, hondartzarako sarbidearen segurtasuna hobetzeko; berez Kosta Zuzendaritzaren eskumenekoak badira ere, Udalak bere gain hartu du lan horiek kostua eta ardura  –ezinbestekoa izan da, bestela Gipuzkoako Foru Aldundiak ez baitzuen hondartza garbituko, langileen segurtasuna bermatzen ez zelako.
  • Aldaketak pertsonen zirkulazioan: Kosta Zuzendaritzak aginduta, kantinako terrazatik petrilera gutxienez 3 metroko tartea egon beharko da aurrerantzean; beraz, pertsonen zirkulazioa petriletik egingo da aurrerantzean, eta ez hormaren aldetik.
  • Hobekuntzak instalazioetan: Itzurungo sorosleen instalazioak margotu eta hobetu ditu Udalak. Leihoak konpontzearekin btaera, ur beroko galdara jarri da, sorosleen eskaerei erantzunez. Santiagoko sorosleen basea berria denez, ez da beste lanik behar izan.

Santiago hondartza:

  • Pasabide irisgarria: Pasabide berri bat jarri da herritar guztien irisgarritasuna bermatzeko.
  • Komunak lekualdatzea: Kosta Zuzendaritzak ukatu egin du komuna erdiko dartsenan kokatzeko baimena, eta adierazi du arrapalaren azpian kokatu behar direla. Horrenbestez, aurrerantzean hondartzaren beheko aldean egongo da komun publikoa, pasabide irisgarriarekin lotuta.
  • Kantinaren irekieran atzerapenak: Kosta Zuzendaritzaren baldintzak tarteko aurreko kontratistek uko egin ondoren, lehiaketa berri bat ireki behar izan du Zumaiako Udalak. Ondo bidean, uztailaren lehen hamabostaldian zabalduko da kantina.

Sorosle zerbitzua:

Hondartza denboraldi osoan zehar, ekainaren 15etik irailaren 15era, sorosleak 10:30-20:00ak bitartean egongo dira bi hondartzetan.

Aurten, oraindik, Zumaiako Udalaren ardurapekoa da zerbitzu hau. Sorosleen ardura Gipuzkoako Foru Aldundiak bere gain hartzeko lanean aritu dira azken urteotan kostaldeko udalak, eta, Batzar Nagusietan aztertu ondoren eskumena transferitzea adostu bazen ere, Gipuzkoak Foru Aldundiak oraindik ez du sorosleen ardura bere gain hartu. Ondorioz, aurtengoan ere Udalak bere gain hartu behar izan du sorosle zerbitzuaren kudeaketa eta finantziazioa.

Beste hainbat ohar:

  • Ingurumen ziurtagiria: Itzurun eta Santiagoko hondartzek ISO 14001 ingurumen kudeaketa sistemaren ziurtagiriak mantentzen dituzte.
  • Kerik gabeko hondartzak: Foru Aldundiak eta Udalak Itzurun eta Santiago hondartzetan ez erretzea gomendatzen jarraitzen dute, osasuna eta ongizatea sustatzeko.
  • Txakurren debekua: Herritarrei gogorarazten zaie debekatuta dagoela txakurrak hondartzetara eramatea denboraldian zehar. Debeku hau eguneko 24 orduan dago indarrean.

TAOren udako erregulazioa

Hondartza denboraldian, ekainaren 15etik irailaren 15era, indarrean egongo da TAOren udako erregulazioa. Herritarrei eta bisitariei araudi hori errespetatzeko eskatzen zaie.

Epealdi honetan, bertakoen gunean autoa uzteko ezinbestekoa izango da bertakoen txartela izatea. Errotazio altuko eta egonaldi ertaineko guneak 10:00etatik 20:00etara egongo dira indarrean, egunero. Autoa uzteko bi doako gune egongo dira (ikus mapa), eta kirol portutik herrigunera joateko txalupa zerbitzua egunero egongo da martxan.

> Ikus mapa

> Txalupa zerbitzua eta loturak

>> TAO: informazio guztia