Martxan da Zumaiako Udalaren Herritarren Arreta Zerbitzua

2020/12/15

Zerbitzu honen helburua da Udalak herritarrekin duen harremana ahalik eta gehien erraztea, arreta 'integrala eta zentralizatua' eskainiz. Udaletxeko beheko solairuan emango dute zerbitzua, astelehenetik ostiralera 8:00etatik 14:30era. Eskaerak e-posta bidez ere egin ahal izango dira aurrerantzean.

Zortzi urteko prozesu luzea egin eta gero, dagoeneko martxan dago Zumaiako Udaleko Herritarren Arreta Zerbitzua (HAZ). Azken hilabeteotan zerbitzua abian jartzeko prozesuan murgilduta egon da Udala, eta harrera-gunea egokitzeko lanak egin eta gero, martxan dago HAZ zerbitzu berria.

Hiru langile egongo dira bertan, eta herritarrek egin behar dituzten tramite guztiak bertatik bideratuko dituzte: sarrera-erregistroa, informazioa emateko zerbitzuak, erroldatze-agiriak, zergen helbideratzeak, obra-baimenak edota dirulaguntzen eskaerak, besteak beste.

Iñaki Ostolaza alkatearen esanetan herritarrentzako gune erreferentzial bat izango da:“herritarrei egokitutako zerbitzu hobeagoa ematea da asmoa, modu zentralizatuan ahalik eta zerbitzu gehienak harrera-gunean bertan kokatuta”. Harreran egongo diren pertsonek artatuko dituzte herritarrak, eta haiek erantzungo diete haien eskaera eta beharrei.

Izaskun Goikoetxea Pertsonal arloko teknikariak azaldu duenez zerbitzu berri horrek bi helburu nagusi izango ditu: batetik, herritarren eta Udalaren arteko komunikazioa eta harremana erraztea, eta, bestetik, Udal barruko administrazio prozedurak berrikustea eta arintzea. “Barne lan handia eskatu du aldaketak, eta ahalegin handia egin dugu antolaketari dagokionez, sailen arteko ardura-banaketa eta antolaketa aldatu dugulako".

Aurrez aurre, e-posta bidez zein telematikoki

HAZ berria astelehenetik ostiralera 8:00etatik 14:30era bitartean egongo da zabalik. Edonola ere, ordutegiaren barruan bertaratu ezin duten herritarrei arreta emateko ahalegina ere egingo dutela azaldu dute.

Aurrerantzean, gainera, eskaerak e-posta bidez egin ahal izango dira: herritarrek udala@zumaia.eus helbidera idatzi ahal izango dute behar duten tramitea egiteko eskaera egiteko. Gainera, udal tramite asko telematikoki egin daitezkeela gogorarazi dute, lotura honetan.

Bestalde, ohiko telefono zenbakira deitu dezakete herritarrek, kontsultak egiteko: 943 86 50 25. Halaber, Udaleko sail konkretu batekin harremanetan jarri nahi dutenek telefono-luzapenak erabiltzen jarraitu ahal izango dute.