Hitzarmena sinatu dute Zestoa, Zumaia, Deba eta Itziarrek, herritarrei eman beharreko zerbitzua hobetu eta estrategia bateratuak martxan jartzeko
Lehentasunezko lau lan-lerro zehaztu dituzte: herritarren zerbitzua, sozioekonomia, ingurumena, eta kultura eta ondarea.
Zestoa, Zumaia, Deba eta Itziar mugakideak dira, baina udal elkarte desberdinean dago bakoitza. Herri horietan bizi diren biztanle asko eta askok lotura estua dute aldameneko herriarekin (ohiturengatik, gertutasunagatik...), eta ondare-gune asko zein industriaguneak hiru udalerrien arteko muga inguruan daude, besteak beste.
Errealitatea hori izanik, eta orain arteko antolaketa-mugak gainditzeko asmoz, hitzarmena sinatu dute Zumaiako, Zestoako, Debako eta Itzarko Auzo Udaleko alkateek. Koordinazio eta antolaketarako gune iraunkorra jarriko dute martxan, herritarrei eman beharreko zerbitzua hobetu, eta estrategia bateratuak martxan jartzeko.
Hitzarmenean lau lan-lerro nagusi zehaztu dituzte:
- Herritarren zerbitzua: Hiru udalerrien arteko muga inguruetan bizi diren herritarrengan, hainbat zerbitzuren (bideak, hondakinak, ura...) banaketan arazoak eta deskoordinazioak hobetu nahi dituzte.
- Sozioekonomia: Ildo honetan, industriaguneetako eskuhartzeak, bertako turismo eredua eta merkataritza suspertzeko neurriak zehaztu eta garatuko dituzte.
- Ingurumena: Kostaldeko korridore ekologikoak hiru udalerriak ukitzen dituenez, gainontzeko eragileekin batera larrialdi klimatikoari aurre egin, eta lurraldea zaindu zein baso politika egokia garatzea dira lehentasunak.
- Kultura eta ondarea: Hiru udalerrien muga inguruan dagoen ondarea babestu, ikertu eta ezagutzera emateko proiektuak sustatuko dituzte (Zumaiako zementugintza edota Ekaingo haitzuloak, besteak beste), baita mugarrien berreskurapenerako eta horien ezagutarako dinamikak ere. Gainera, mugakideak diren populazio-guneen kultur eta festa jardueretarako dirulaguntza irizpide bateratuak zehaztuko dituzte. Kultur eta festa arloan, herrian bertan sortutako proiektu edota taldeen elkar-trukea egingo dute. Azkenik, kirol arloan egitasmo komunak landuko dituzte.
Jadarreko mugarrian eman dute hitzarmenaren berri, hain justu, Zumaia, Deba eta Zestoako udalerriek bat egiten duten lekuan. Orain arte erorita egon da mugarria, eta berriro ere bere lekuan jarri ondotik egin dute agerraldia. Hitzarmenaren baitan, inguruko mugarrian berreskuratu eta horiek ezagutzera eramateko dinamikak martxan jartzea ere adostu dute.
Muga inguruetako herritarrentzat zerbitzu hobea
Hitzarmenaren helburu nagusietako bat da muga inguruetan bizi diren herritarrei eman beharreko zerbitzua hobetzea. Iñaki Ostolaza Zumaiako alkateak baserrietan bizi direnen egoeran egin du azpimarra: "Baserri batzuek Zumaia dute gertuago, baina administratiboki Zestoa izanik, Zestoara joan behar dute kontu administratiboak egitea; antzekoa gertatzen da Narrondon edo Endoia inguruan ere, besteak beste". Egoera horiei soluzioa emateko beharra ikustean erabaki zuten koordinazio gune berri hau martxan jartzea.
Mikel Arregi Zestoako alkateak azaldu duenez, Zestoa Urola Erdiarekin lotuta badago ere, "ondare handia konpartitzen dugu bai Zumaiarekin eta baita Debarekin ere; horregatik, dinamika desberdinak martxan jartzeko beharra ikusten dugu". Gainera, esaterako arroabehetarrek, "bizitza handia egiten dute Zumaian, eta erraztasunak eskaini behar dizkiegu herritar horiei ere".
Bere aldetik, Gilen Garcia Debako alkateak gobernantza ereduaren ikuspegitik dakarren aldaketa nabarmendu du: "Itziarko Auzo Udalarekin egin dugun lanketan ikusi dugu ezinbestekoa dela herritar guzti-guztiak kontutan hartzea, baita mugaren azken puntan bizi diren horienak ere. Horiek guztiak dira gure udalerrietako herritarrak, eta horien guztien bizitzak errazteko neurriak hartu behar ditugu".
Arantza Egaña Itziarko Auzo Udaleko alkateak nabarmendu du kirol arloan azpiegituren erabilera koordinatzeko beharra ere ikusi dutela. "Iaz, adibidez, kirol egokituko eskaintza koordinatua jarri genuen martxan, eta horrelako ekimen gehiago etor daitezke hitzarmen honetatik", azaldu du.
Lau aldeak pozik agertu dira hitzarmenarekin, eta, egitasmo xumea bada ere, epe labur eta ertainean emaitzak ematea espero dute.
Albiste erlazionatuak
Auzoak
- Itzurunbidea eta Larretxo auzunea lotuko dituen igogailua egiteko lizitazio prozesua martxan 2024/11/13
- Hastear dira Oikiako Mantzizidorko zubiaren inguruko bidea asfaltatzeko lanak 2024/10/28
- Zabalik dago trenzubiaren azpiko pasabidea 2024/10/16
- San Jose kaleko berrurbanizazio lanak amaituta 2024/07/03
Ingurumena
- Herriko ekosistemei buruzko egutegia landu du Euskara Zerbitzuak 2024/12/12
- Zabalik dago Moilaberri eraikina birgaitzeko lizitazio prozesua 2024/11/26
- Santiagoko dunetatik landare inbaditzaileak kentzeko auzolana egingo dute hilaren 29an 2024/10/23
- Uda honetan ere San Telmo ermita egunero bisitatzeko aukera izango da, baita ingurumena babestu eta euskara sustatzeko ekimenak ere 2024/07/01
Industria
- Zumaiako Udalak 'Balenciaga ez itxi!' lelopean ostiralerako antolatutako manifestazioarekin bat egiten du 2024/11/26
- Balenciaga ontziolan izan da Iñaki Ostolaza alkatea, 'Edda Brint' ontziaren izendapen ekitaldian 2022/06/17
- Oikiako industrialdean 69.000 metro koadro atonduko ditu Sprilur-ek, enpresa berriak erakartzeko 2021/12/16