Ahalik eta haur gehienek parte hartzeko, igeriketa ikastaroan saio bakarra egingo dute astean

2020/09/21

Astean igeriketa saio bakarra egingo dute ikasleek, bi egin beharrean. Modu honetan, izena eman duten haur gehienek egin ahal izango dute ikastaroa. Ikastaroaren prezioa ere txikiagoa izango da.

Covid-19ak sortutako osasun egoera dela eta, garbiketa eta desinfekzio lanak indartzeaz gain, ekintza guztietan modu zorrotzean neurtu beharko dute aforoa edo betetze-maila.

200dik gora izen-emate egon dira haurren igeriketa ikastaroan, eta protokoloa eta aforoari lotutako neurriak aplikatuz, inolako aldaketarik egin gabe, 80 pertsonak soilik parte hartu ahal izango lukete ikastaroan. Hori horrela izanik, astean igeriketa saio bakarra egingo dute haurrek, bi egin beharrean, eta ikastaroa ostiraletan ere eskaintzea erabaki dute Kiroldegiko arduradunek; parte hartzen duten guztiek oinarrizko gaitasunak lortu ahal izango dituzte horrela.

Kiroldegiko arduradunak guraso eta tutore guztiekin harremanetan jarriko dira egunotan, argibideak emateko. Gainera, azaldu dutenez, matrikularen prezioa ere baxuagoa izango da.