2020rako ordenantza fiskalak aho batez onartu ditu Udal plenoak

2019/10/11

Udal Gobernuak aurkeztutako ordenantza fiskalen proposamena aho batez onartu zuten talde guztiek eta, ondorioz, izoztu egingo dira ordenantzak. Kirol Patronatuko langile baten lanpostuaren kontratazioa ere landu zuten.

2020. urterako ordenantza fiskalen baitan, datorren urterako tasak eta zergak izoztea proposatu zuen Udal Gobernuak urriaren 10ean egindako ezohiko plenoan. “Azken urte luzeetako zergen progresibitatearen” joerari eutsiko diote aurtengo ordenantzekin, Arantxa Gajate Ogasun zinegotziak azaldu zuenez. Aho batez onartu zituzten ordenantzak, oposizioko gainontzeko alderdiek ere positiboki baloratuta. Iñaki Ostolaza alkateak Batzordean ordenantzen gaian “adostasunerako borondatea” egon izana eskertu zuen.

Ordenantza fiskaletan onartutako aldaketak

Hainbat ordenantzaren kasuan Zumaiako herriarentzat interes berezikoak diren obren zehaztapena onartu behar izan zuten atzoko plenoan, orain arteko Zumaiako araudia, gai horiek arautzen duen Foru Arauarekiko bateraezina baitzen. Eraikinen fatxaden konponketa edo obrei dagokionez, interes interes berezikotzat jo dituzte efizentzia energetikoa dakarten obrak, zein ahalik eta egoera onenean egotea helburu dutenak, itxura, babesa, zein kalitateari dagokionez. Bi obra horien kasuan, %95eko hobaria ezarriko da, baina Gajate Ogasun zinegotziak adierazi zuenez, datozen urteetan hobariaren kopurua jaisten joango da bigarren kasuan ( egoera onenean egotea helburu dutenak, itxura, babesa, zein kalitateari dagokionez), efizentzia energetikoa helburu duten obren mesedetan. Era berean, interes berezikotzat jo zituzten ustiaketa duten baserrietako zein merkataritza txikiaren ezaugarriak betetzen dituzten establezimenduetako obrak. Horiek ere %95eko hobaria izango dute.

Ondasun Higiezinen Gaineko Zergari dagokionez, zehaztapen bat onartu zen atzoko plenoan. Etxebizitza hutsei eta ezohikoei %50eko errekargua mantenduko zaie aurten ere, baina salbuespen berri bat gehitu dute: ezohiko etxebizitzen kasuan 1.300 kw-ko elektrizitate kontsumoa frogatzen duten etxebizitzen jabeek ez dute errekargoa ordaindu beharko.

EAJk bere adostasuna adierazi zuen ordenantzen proposamenekiko, “azken urteetako joera bera” jarraitzen dutela iritzita. Aldeko bozka iragarrita, emendakin bat proposatu zuen: trakzio mekanikodun ibilgailuen gaineko zergan, familia ugarien kasuan, hobaria 14 zaldietara ez mugatzea. “Familia ugariek behar izaten dituzten ibilgailuen ezaugarriek muga hori gainditzen dute normalean”, azaldu zuen Marikruz Alvarez EAJko zinegotziak.

EAJren emendakina zein 2020. urterako ordenantza fiskalen proposamena aho batez onartu zituen Udalbatzak.

Kirol Patronatuko langilearen kontratazioa

Urriaren 10ean egindako plenoan, 2019ko Zumaiako Kirol Patronatuko lanpostuen zerrendaren eta plantilla organikoaren aldaketa onartzea ere landu zen.

Kirol Patronatuko langile ohia apirilean jubilatu ostean, orduko Gobernuan, postu horretarako aukeratutako pertsona kontratu zuzen bidez hartu zuen. Lan hitzarmen hori agortuta, lehiaketa publiko bidez bete bitartean, lanpostua lan poltsatik beteko du Udalak. Postu horretarako lanpostuaren eginbeharrak eta ardurak kontutan izanda (batez ere kirol elkarteen, eskola kirolaren eta herrian antolatzen diren proba guztien koordinazioa izanda), lanpostuaren perfila aldatzea beharrezkoa dela nabarmendu zuen Arritxu Iribar Kirol zinegotziak. "EAJk aurreko legegintzaldian jubilazio bat ordezteko egin zuen hautua egokiena izan ez zela ikusi dugu praktikan, eta behar den bezalako prestaketa duen norbait ezinbestekoa da". Kirol Patronatuko langile ohiaren kasuan, ez zegoen baldintza hori, lanpostua kontratu historiko batetik zetorrelako.

EAJk bere aurkako posizioa agertu zuen. Gotzon Enbil eta Marikruz Alvarez EAJ zinegotziek adierazi zuten, “funtzioak bikoiztuta egongo direla”. Gerenteari badagozkio betebehar horiek ez da beharrezkoa profil berdineko beste pertsona bat. Hau da, ez da beharrezkoa A2 mailako beste lanpostu bat erretiroa hartu duen C2 mailako langilea ordezkatzeko", gaineratu zuen.

Arritxu Iribar Kiroletako zinegotziak erantzun zien, postu horrek eskatzen dituen eginkizunak “modu egokian bermatzeko beharrezkoa dela titulazioa galdatzea, beste hainbat arlotan egiten den moduan”.

Arritxu Marañon PSEko bozeramaileak adierazi zuen egoki ikusten zuela beste pertsona baten kontratazioa, baina zalantzak zituela honek izan behar zuen mailaren inguruan, “funtzioak bikoiztu” daitezkeela iritzita. Horregatik, “hasiera batean aldeko bozka emateko asmoa” zuela adierazi bazuen ere, abstenitu egin zen bozkaketan.

Proposamena EH Bilduren aldeko bozkekin (8), EAJren aurkakoekin (6) eta PSEren abstentzioarekin (1) onartu zen. Bada, funtzio hori betetzeko kirol titulazioa eskatuko da aurreratzean: lizentziatura edo gradua.