2022rako ordenantza fiskalak onartu ditu udalbatzak

2021/10/01
%1,5eko igoera orokorra onartu dute, zenbait salbuespenekin: gizarte zerbitzuetako, Ludotekako eta kiroldegiko tasak izoztu egingo dira; uraren tasan igoera handiagoa izango da, eta Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergan %3,36ko igoera aplikatuko da. Udal gobernuak PSEren babesarekin onartu ditu 2022rako ordenantza fiskalak.

Azken bi urteotan, orohar, ez da igoerarik aplikatu Zumaiako ordenantza fiskaletan, “2019an KPIa baxua zelako eta kostuetan igoera nabarmenik aurreikusten ez zelako, eta 2020an pandemia egoerak harrapatuta, herritarrak ez estutzeko”. Hala azaldu zuen iraileko osoko bilkuran Arantxa Gajate ogasun zinegotziak. Aurten, “egoera bere onera etortzen ari den honetan, eta udal kontuen egoera aztertu eta gero”, 2022rako ordenantza fiskaletarako %1,5eko igoera orokorra proposatu du udal gobernuak.

Gajatek azaldu zuenez, proposamen horren gainean oposizioarekin lanketa eginda ekarri dute proposamena: “igoera orokorrarekin ados agertu da oposizioa, baita Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergaren igoerarekin ere”. Udalbatzak EH Bilduren eta PSEren aldeko botoekin onartu ditu 2022rako ordenantza fiskalak. EAJk ezezkoa eman zuen, “aurrelanketa eskasa egin delako eta informazioa falta izan zaigulako”; horrez gain, kiroldegiko zenbait tasa %50ean jaistea proposatu zuten.

Igoera orokorrak baditu zenbait salbuespen: gizarte arloko tasak izoztu egin dira, eta Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergan %3,36ko igoera aplikatuko da, besteak beste. Uraren tasan ere igoera bat izango da. Edonola ere, Arantxa Gajatek azaldu du “igoera horrek herritarren fakturan ez duela eragin nabarmenik izango: hiruhilabetean behin, bataz beste, euro bat gehiago ordainduko dute Zumaiako familiek”.

> Gizarte zerbitzuetako tasak, izoztuta

Igoera orokorrak zenbait salbuespen nagusi ditu. Gizarte zerbitzuen arloko tasa guztiak izoztu egingo dira, “kolektibo zaurgarrienak babesteko”. Etxez etxeko laguntza, gizarte zentroko zerbitzuak, erabilera anitzeko apartamentuak eta antzerakoak barnebiltzen ditu erabakiak.

Halaber, kiroldegiko eta Ludotekako tasak ere izoztu egingo dira; aurrerantzean, ordea, kuotaren %100a ordaindu beharko dute erabiltzaileek –orain artean pandemia egoera dela eta tasetan beherapena aplikatu du Udalak–. Gainera, kultur arloko prezioetan sailkapen berria sortuko da, “gazteak kultur mundura gerturatzeko erraztasunak emateko”.

> Uraren tasan igoera

Ur Konsortzioak azken urteetako igoerarik handiena aplikatuko du 2022an: %5,9koa. Egoera horri aurre egiteko, honako formula aplikatuko da ordenantza fiskaletan: lehenengo tramoko kontsumoa duten herritarren kasuan %3,5eko igoera aplikatuko da (honakoa da familiei eragiten diena); gainontzeko tramoetan, berriz, %5,9ko igoera aplikatuko da (negozio eta enpresei eragingo die igoera honek).

Proposatutako igoerak familien fakturan bataz beste suposatuko dion igoera, hiru hilean behin, euro bat ingurukoa izango da. Udal Gobernuaren ustez igoera hori erabat jasangarria da Zumaiako herritarrentzat, eta, “familiei kalte handia egin gabe”, erabakiak asko arinduko du uraren fakturak udal kontuetan sortzen duen defizita.

> Hobarien lanketa

Zenbait hobariren lanketa egin dela adierazi zuen Gajatek. Ibilgailuen zergari dagokionez familia ugari bereziei %10ean igoko zaie hobaria (EAJren proposamenez txertatu da neurri hau).

Ondasun Higiezinen gaineko Zergaren kasuan energia aprobetxamendu sistemengatik aplikatzen diren hobariak modu sakonagoan txertatuko dira 2022ko ordenantza fiskaletan. Aurreko ordenantzetan, eguzki plaka sistemak bakarrik onartzen ziren hobaria aplikatzeko. Aurrerantzean, bestelako sistemak ere barnebilduko ditu arauak. Halaber, hobariaren kopurua %40ra jaistea erabaki da. Bestalde, hobari berri bat gehitu da: A edo B motako energia eraginkortasuneko sailkapena duteneni %40ko hobaria aplikatuko zaie.

Hobarien arloan aldaketa tekniko nabarmen bat egingo Zumaiako Udalak: hobaria eskuratzeko aurkeztu beharreko dokumentazioaren kasuan, Udalak kontsultatuko du bere ahalmenean dagoen dokumentazio guztia, herritarrak aurkeztu beharrik izan ez dezan, betiere aurrez baimenduta.

Bestelako gaiak

Bestelako gaiak ere landu zituzten atzoko plenoan. Udal Gobernuak Zumaia Lantzeni lotutako kredituak likidatzeko proposamena egin zuen: "ekonomikoki egoera egonkorrean dago Udala, eta momentu ona iruditu zaigu Zumaia Lantzenen likidazioari lotutako maileguak kentzeko". Gajateren arabera "erabaki honen helburua, bere horretan, ez da zorpetze maila jaistea. Baizik eta, eskuartean ditugun proiektuak aurrera eramateko maileguak eskatzeko marjina handitzea". EAJ abstenitu egin zen, eta EH Bilduren eta PSEren aldeko botoekin atera zen aurrera.

Bestalde, Etxebizitzetarako hiri-lurzoruan finkatutako eremu jakin batzuetan dauden aretoen erabilera hirugarren sektorekoa izatetik etxebizitzetarakoa izatera aldatzeko jarduerak arautzen dituen ordenantzari bigarren aldaketari hasierako onarpena eman zioten. Lehen erabilera komertzialerako gordetzen zen Alde Zahar inguruko eremu osoa. Orain, zehaztapena egin da, eta aukera berri bat gehitu da: lokaletan etxebizitzak egiteko aukera. Irizpide teknikoen arabera, eta merkatari elkartearen ekarpenak kontutan hartuta egin da aldaketa. Eta oraindik ere, zenbait eremu esklusiboki eremu komertzialerako gordeko dira (San Joan iturriaren ingurua, Foruen plaza, San Joseko zatia…). Bestelako eremu batzuetan lokaletan etxebizitzak jartzeko aukera irekitzen da (Zunbillo edo Harategi kaleetan, adibidez). EAJk ezetz bozkatu zuen, eta EH Bilduren eta PSEren aldeko botoekin atera zen aurrera.