2023-2027 legealdiko Gobernu Plana aurkeztuko dute asteazkenean, urriaren 4an
Datozen lau urtetan jorratu asmo dituzten proiektuen berri emango dute Udal Gobernua osatzen duten hamar zinegotziek. Arratsaldeko 19:00etan izango da saioa, Alondegiko Oxford aretoan.
Zumaiako Udal Gobernuak asteazkenean (urriak 4) aurkeztuko du 2023-2027 Gobernu Plana. Plan berria aurreko legegintzaldiko oinarriaren gainean eraiki dute, eta "herritarren bizi-kalitatea etengabe hobetzeko konpromiso sendoa" jasotzen du. Bizitzeko moduko Zumaia eraikitzen jarraitzeko asmoa agertu nahi du Udal Gobernu berriak, Zumaia herritar guztientzat leku inklusiboa, eta herri jasangarria eta oparoa izan dadin.
Aurreko legealdiko plana tresna eraginkorra izan zela uste du Udal Gobernuak. Erakutsi du baliagarria dela neurrien jarraipena egiteko, bai barrura begira, lanak antolatzeko, eta, baita herritarrentzat ere, hartutako konpromisoen betetze-maila neurtzeko aukera eskaintzen duen heinean. Aurreko legealdian zehaztu ziren ardatzetan oinarrituta, etapa berri honen helburua da dagoeneko martxan dagoen bidean sakontzea eta Zumaia eraikitzen jarraitzea, biztanle guztien beharrei eta asmoei erantzuteko.
Orain arte bezala, herritarrekin batera egin nahi dute bidea, eta, horregatik, herritar oro gonbidatu dute asteazkeneko aurkezpen saiora. Euskaraz izango da ekitaldia, baina aldi berean gaztelaniaz entzuteko aukera izango da, itzultzaile sistemari esker.
Albiste erlazionatuak
Zumaia bizitzeko da
- Haur eta nerabeei zuzendutako txangoak eta ekintzak antolatu dituzte neguko opor hauetan ere 2024/12/13
- Herriko ekosistemei buruzko egutegia landu du Euskara Zerbitzuak 2024/12/12
- 2025eko udazkenean zabalduko da babes ofizialeko 42 etxebizitzen zozketako izen-ematea 2024/12/11
- 19,8 milioi euroko aurrekontua izango du Zumaiako Udalak 2025ean, 'orain arteko bidean sakontzeko' 2024/12/04