Abante! jarduera fisikoaren orientazio zerbitzua jarri du abian Udalak
Jarduera fisikoaren ohiturak eguneroko bizitzan txertatzeko helburuarekin jarri du martxan zerbitzua Udalak. Osasun publikoarekin elkarlanean ekin dio zerbitzuari, nahiz eta ikastetxeetatik eta Gizarte Zerbitzuetatik ere bideratuko dituzten erabiltzaileak. Doakoa eta irekia da zerbitzua.
Jarduera fisikoa sustatzeko Abante! orientazio zerbitzua martxan jarri du Zumaiako Udalak, eguneroko bizitzan jarduera fisikoaren ohiturak txertatzen laguntzeko helburuarekin. Udalak gaur aurkeztu du zerbitzua osasun publikoko profesionalekin nahiz zerbitzuaren sustatzaileekin -tartean, Aldundia-, eta zerbitzua eskainiko duen Leire Juanbeltz orientatzailearekin.
Doakoa da, eta aldez aurretiko hitzorduarekin jaso ahal izango dute zerbitzua herritarrek. Batik bat, jarduera fisiko gutxi egiten dutenei zuzendutako zerbitzua da, kontuan hartuta jarduera fisikoa erregulartasunez egiteak hainbat onura dakartzala eta eraginkorra dela hainbat gaixotasunei aurre egiteko. Izan ere, zenbait herritarrek beste batzuk baino errazagoa dute kirola edo ariketa fisikoa egitea. Proiektu honek, bereziki, zailtasunak dituzten herritarrei lagundu nahi die.
Iñaki Ostolaza alkateak aurkezpenean aipatu du Zumaia bizitzeko moduko herria izatera bidean garrantzia berezia duela osasuntsu bizitzeak, eta bizi kalitatea hobetzen laguntzen duela jarduera fisikoak. Kiroldegitik edota beste zerbitzu publikoetatik kanpo geratzen diren pertsonengana heldu nahi dutela azpimarratu du alkateak.
Orientatzaile batek erabiltzaile bakoitzari bere aukeretara, beharretara eta lehentasunetara egokitutako jarduera fisikoko programa bat proposatuko dio. Ezarritako helburuen betetze mailaren jarraipena egingo dute gero elkarrekin erabiltzaileak eta orientatzaileak.
Osasun publikoarekin elkarlanean jarri da martxan zerbitzua. Bide horretatik ere bideratuko dituzte erabiltzaileak: osasun etxeko profesionalei iruditzen bazaie herritar bati jarduera fisikoa egitea komeni zaiola, orientatzailearengana bideratuko dute. Agiria beteko du, eta derrigor eraman beharko du erabiltzaileak orientatzailearekin izango duen kontsultara. Erabiltzailearen bizi ohiturak kontuan izanda, ariketa mota eta maiztasuna aholkatuko dizkio orientatzaileak, eta jarraipena egingo dio. Datozen hilabeteetan osasun publikotik ez ezik ikastetxeetatik nahiz Gizarte Zerbitzuetatik ere bideratu nahi dituzte herritarrak zerbitzu berrira.
Arreta, asteazkenetan
Udalak Athlon Kooperatibarekin sinatu du zerbitzua eskaintzeko hitzarmena. Leire Juanbeltz orientatzaileak jakinarazi du asteazkenetan izango dela herrian: 09:00etatik 13:00etara eta 16:00etatik 18:00etara Aitzurin, eta 14:00etatik 16:00etara anbulatorioan.
Osasun publikoko profesionalek bideratutako erabiltzaileak jasoko ditu anbulatorioan, eta horiei jarraipena egiten nahiz erabiltzaile berriak jasotzen izango da pilotalekuan. Zerbitzu irekia eta doakoa dela nabarmendu du Juanbeltzek, eta informazio gehiagorako kontaktuak ere jakinarazi ditu: 688 609 209 telefono zenbakira deitu dezakete herritarrek, edo abante@zumaia.eus helbidera idatzi.
Programa zehatza eta pertsonalizatua
Zerbitzuak jarduera fisikorik egiten ez duten edo gutxi egiten duten herritarrak identifikatu nahi dituzte, batetik, zerbitzura jotzen duten pertsonen jarduera fisikoaren maila ebaluatzeko gero. Jarduera fisikoa egiteko aholkuak ere eman nahi dizkiete, eta horretarako, programa zehatzak eskainiko dizkiete erabiltzaileei, fitxa pertsonalizatu baten bitartez. Egin beharreko ekintzak, maiztasuna, iraupena, intentsitatea nahiz jarduera osagarriak zehaztuko dizkiete han.
Erabiltzaile bakoitzari komeni zaiona argi eta garbi identifikatzea nahi dute, bestalde, zerbitzuaren bitartez, bakoitzaren ezaugarriak, egoera soziala eta gustu pertsonalak kontuan hartuta.
Dibulgazio lana egiteko ere baliatu nahi dute zerbitzua: jarduera fisikoaren onurei buruzko informazioa nahiz zerbitzuaren funtzionamenduari buruzkoa eman nahi dute, baita onura pertsonalen inguruko informazioa zabaldu ere.
Albiste erlazionatuak
Zumaia bizitzeko da
- Ikusgai daude Torreagako BOE etxebizitzen zozketan parte hartzeko onartu eta baztertuen behin-behineko zerrendak 2026/02/05
- Komentuko lorategiaren irekiera ekitaldia egingo dute otsailaren 7an 2026/01/30
- Ostiral honetan amaituko da Torreagako Babes Ofizialeko Etxebizitzen zozketan parte hartzeko izen-ematea 2026/01/29



