Komentuko lorategiaren irekiera ekitaldia egingo dute otsailaren 7an

2026/01/30

Irekiera ekitaldia San Pedro Abesbatzaren emanaldiarekin hasiko da, eta ondoren Iñigo Segurola paisajistarekin lorategian zehar ibilaldi gidatua egingo dute. Ekitaldira joan nahi dutenek aurrez eman beharko dute izena, otsailaren 2tik 4ra bitartean Kultur Sailarekin harremanetan jarrita.

Komentua.lorategia.jpgKomentuko lorategia gune berezia da, bere kokapenak eta harresiek sortzen duten mikroklimari esker. Urteetan zehar landare eta zuhaitz espezie ugari pilatu dira bertan, eta lorategiak badu, gainera, erabilera historiko eta kultural bat ere: garai batean, Komentuan bizi ziren mojek fruitu-arbolak, lore jangarriak eta usain-belarrak baliatzen zituzten. Berritze lanak eta San Jose kaleko sarrera berria egiteko lanak amaituta, otsailaren 7an herritarrekin batera inauguratuko du Zumaiako Udalak. Aurrerantzean 10:00etatik 20:30era bitartean egongo da zabalik, egunero.

Berritze-proiektuaren barruan, lorategiaren izaera historikoa eta egitura mailakatua errespetatu dira: lehendik dauden hainbat espezie mantendu dira, eta, aldi berean, askotariko landaketak egin dituzte. Mantenduko diren zuhaitz eta landareen artean daude, besteak beste: bi muxika, hiru intxaurrondo, laranjondo bat, limoiondo bat, bi ahuakateondo, bost kiwi zuhaitz, bi urritz, pikondo bat, bi sagarrondo, kakiondo bat eta erramu handi bat. Iñigo Segurola paisajista izan da proiektua diseinatzearen arduraduna, eta Kimu Bat enpresak egin ditu eskulanak.

Lorategia berritu badute ere, berezko egitura mailakatuari eutsi diote. Hain justu, hiru terrazetan antolatu dituzte landaketak: goikoan fruitu-arbola arruntenak eta buganbillak; erdikoan, mikroklimari lotutako fruitu exotikoak eta zitrikoak; eta behekoan, itzala eta freskotasuna emango duten zuhaitzak eta landare apaingarriak. Bankaletan, gainera, lorategiaren jatorrizko izpirituari eutsiz, lora jangarriak, barazkiak eta usain-belarrak landatuko dituzte.

Argi Yeregi hirigintza zinegotziak azaldu duenez, Komentuko lorategiaren berritzea ez da ekimen isolatua. Batetik, Komentuaren osagarri bikaina izango da; baina, bestetik, herritarrentzako gune berde atsegin eta erabilgarri bihurtzeko helburua ere badu. Ildo horretan, proiektuak Udalaren ikuspegi orokor bati erantzuten dio: herriko gune berdeak zabaltzeko eta biziberritzeko lanean murgilduta dago. Hurrengo hilabeteetan, Erkibeko lorategia Beheko plazarekin lotzeko lanak amaituko dituzte, eta Mariantongo parke berriaren lanak ere urte honetan zehar abiatzea da aurreikuspena. Helburua argia da: ongizatea, kohesio soziala eta ingurumenaren zaintza uztartzen dituen Zumaia eraikitzea.

Irekiera-ekitaldia otsailaren 7an

Komentuko lorategiaren irekiera ekitaldia otsailaren 7an (larunbata) egingo dute. San Jose kaleko sarreran elkartuko dira (ORDUA)etan, eta, ongietorriaren ondoren, San Pedro Abesbatzaren emanaldiarekin hasiko dute ekitaldia. Jarraian Iñigo Segurola paisajistan azalpenak entzunez lorategia gertutik eta xehetasunez ezagutzeko aukera izango dute zumaiarrek.

Ekitaldia behar bezala antolatzeko beharrezkoa izango da aurrez izena ematea:

 

  • EPEA: otsailaren 2tik (10:00etatik aurrera), otsailaren 4ra (14:00ak arte)

  • NOLA EGIN IZEN EMATEA?

  • PERTSONA BAKOITZAK BI PERTSONAREN IZEN-EMATEA EGIN AHALKO DU GEHIENEZ