Ostiral honetan amaituko da Torreagako Babes Ofizialeko Etxebizitzen zozketan parte hartzeko izen-ematea

2026/01/29

Egoitza elektronikoaren bidez edo udaletxean bertan presentzialki egin beharko da eskaera.

Guztira 46 etxebizitza zozketatuko dituzte. Horietatik 43 kupo orokorrekoak dira (12 hiru logelakoak eta 31 bi logelakoak), eta 3 etxebizitza egokituak (bi logelakoak), mugikortasun urriko pertsonentzat gordetakoak. Etxebizitza guztiek garajea izango dute, eta batzuek trasteroa ere bai. Prezioak 180.000 eta 230.000 euro artekoak (BEZ barne) izango dira, eta pertsona bakoitzak prozeduraren baitan esleitutako etxebizitza konkretu hori erosteko aukera izango du.

Oinarriak (GAO)
Izen-emate deialdia (GAO)
Etxebizitzen ezaugarriak (Sukia)

NOLA EGIN ZOZKETAN PARTE HARTZEKO ESKAERA?

Zozketan parte hartu nahi duten herritarrek eskaera eredu ofiziala aurkeztu beharko dute udaletxean. Hona hemen kontutan hartu beharrekoak:

> Eskaera aurkezteko epea: urtarrilak 12-30 (biak barne)
Eskaera eredu ofiziala aurkeztu beharko da

Bi bide izango dituzte horretarako:

> Eskaera udaletxean aurkeztea, presentzialki
> Eskaera online aurkeztea, egoitza elektronikoaren bidez

Eskaera orrian datu gutxi batzuk bete beharko dituzte herritarrek:

  • Etxebideko erregistro zenbakia
  • Titularraren (edo, titularren) izen-abizenak eta NAN zenbakia
  • Sinadura eta sinadura data
  • Etxebizitza egokitua eskatzen den kasuetan, horretarako prestatutako karratua markatu beharko dute. Gainera, mugikortasun urri iraunkorra duela adierazten duen ziurtagiria aurkeztu beharko du, oinarrietan jasotako gutxieneko puntu edo portzentaiak jasotzen dituena.

OHAR GARRANTZITSUAK:

  • Eskaera orriarekin batera erantzukizunpeko adierazpena sinatzen du eskatzaileak; horren bidez, eskatzaileak adierazten du baldintza guztiak betetzen dituela.
  • Eskatzaileak behin betiko zerrendan onartu moduan agertzean ez du egiaztatzen honakoak oinarrietan ezarritako baldintza guztiak betetzen dituenik. Horiek horrela, etxebizitzak behin betikoz esleitu aurretik dokumentazio guztia aurkeztu beharko du behin behineko esleipendunak.

Zumaiako Udalak nabarmendu nahi du tramitazioa online egitea oso sinplea dela, eta horretara gonbidatzen ditu herritarrak. Edozein kasutan, zalantzarik izanez gero, 943 86 50 25 zenbakira deitu edo etxebizitzabulegoa@zumaia.eus helbidera idatz dezakete.

HURRENGO PAUSOAK

Izen-emate epea amaitu ondoren, behin-behineko onartu eta baztertuen zerrendak argitaratuko dira, eta interesdunek 10 eguneko epea izango dute erreklamazioak aurkezteko.

Ondoren, behin betiko zerrendak argitaratuko dira, eta horietan jasoko dira parte-hartzaileei ausaz esleitutako zenbakiak. Zerrenda horiekin batera, zozketa zein egunetan, ordutan eta tokitan egingo den ere jakinaraziko da.

Zozketan, bizikidetza-unitatearen ezaugarriaren arabera, zenbaki bat edo gehiago izango dituzte hautagaiek:

  • Pertsona bakar batek osatutako bizikidetza unitateak: zenbaki bat.
  • Bi pertsonak osatutako bizikidetza unitateak: bi zenbaki.
  • Hiru pertsonak edo gehiagok osatutako bizkidetza unitateak: hiru zenbaki.