%3ko igoera udal tasa eta zergetan, 'zerbitzu publikoak kalitatez ematen jarraitzeko, eta udalaren inbertsio gaitasuna mantentzeko’
Zumaiako udalbatzak 2025erako ordenantza fiskalak onartu ditu iraileko ohiko osoko bilkuran. Oro har, salbuespenak salbuespen, zergek eta tasak %3ko igoera izango dute, eta zenbait zerbitzu berri eta hobari egokitzapen jaso dira.
Zumaiako Udalak 2025erako ordenantza fiskalak onartu ditu, EH Bilduren eta EAJren aldeko botoekin, eta PSEren abstentzioarekin. %3ko igoera orokorra aplikatuko dute, herritarrei ematen zaizkien zerbitzuen kalitate ona mantendu, eta, Zumaiaren proiektu eta erronkei aurre egiteko ahalmenari eusteko. Unai Larrañaga ogasun zinegotziak eman zituen xehetasun guztiak.
Azken urteotan KPIaren igoera nabarmena izan dela aipatu zuen Larrañagak, eta horrek, herritarrei eragiten dien moduan, Udalaren gastuak ere handitu dituela –besteak beste, kontratatutako zerbitzuetan eta inbertsio kostuetan–. Gainera, haren esanetan, Zumaiako Udalak eskuartean dituen proiektu eta erronkak handiak izanik, eta "urteetan utzita zeuden ekipamendu publiko asko eraberritzeko lanetan murgilduta egonik", ezinbestekoa da behar horiei erantzungo dien fiskalitate eredua edukitzea. "Inbertsio ziklo horri eusteko eta udal zerbitzuen kalitatea ez murrizteko behar beharrezkoa da gure aurrezki garbia azken urteetan bezala mantentzea", adierazi zuen.
Zerga eta tasen bidez, herritarrek udalaren funtzionamendua finantzatzen dute, eta horri esker, herritar guztien ongizatea bermatzen duten azpiegiturak, zerbitzuak eta proiektuak gauzatu daitezke. Igoera neurtu hauekin, Udalak herritarren beharrei erantzuten jarraitu ahal izango du, zaurgarrienak babestuz eta herriaren garapenean inbertituz; hala nola, ekipamendu publikoen eraberritzean eta kaleen hobekuntzan. "Proposatutako igoerarekin herritarrek igoera neurtua jasango dute, eta udalak funtzionamendu egokian jarraitu ahal izango du", zehaztu du Larrañaga. Halaber, gogorarazi du oinarrizko beharrak ordaintzeko zailtasunak dituztenentzat Gizarte Zerbitzuen ateak zabalik daudela; eta, egoera horietan dauden herritarrak bertara jotzera gonbidatu ditu.
EAJk aldeko botoa eman zuen, eta, Iker Mardarasek eskertu egin zuen ordenantza fiskalak osatzerakoan izandako elkarlanerako jarrera eta gardentasuna; alderdi jeltzaleak familia ugarien definizioan zehaztapena txertatzeko proposamena aurkeztu zuen, eta emendakinari baiezkoa eman zion udalbatza osoak. PSE, bere aldetik, abstenitu egin zen.
Albiste erlazionatuak
Ogasuna
- 19,8 milioi euroko aurrekontua izango du Zumaiako Udalak 2025ean, 'orain arteko bidean sakontzeko' 2024/12/04
- Udalbatzak 2025erako aurrekontuak eztabaidatuko ditu osteguneko osoko bilkuran 2024/11/26
- Abenduaren 1etik 31ra bitartean eskatu beharko dira udal tasa eta zergetan aurreikusitako hobariak 2024/11/22
- 19,7 milioiko aurrekontu proposamena 2025erako, 'gizarte zerbitzuak, berdintasuna, irisgarritasuna eta inbertsio estrategikoak oinarri' 2024/11/20