Legealdiaren balorazio positiboa egin du Udal Gobernuak, agindutako 98 proiektutatik 94ri helduta

2023/03/01

2020an aurkeztutako Gobernu Planean jasotako 98 proiektu eta ekintzetatik 59 daude bukatuta, eta beste 13 bukatzear. 22 dira martxan daudenak, proiektu bat baztertu da, eta hiru utzi dituzte egin gabe.

Gobernu Plana aurkeztu eta hiru urtera, eta, legealdia amaitzeko hiru hilabeteren faltan, legealdiaren eta Gobernu Planaren balantzea egiteko saioa egin zuen udal gobernuak astearte arratsaldean, Oxford aretoan. 

Pantaila-argazkia (743).pngArritxu Iribar zinegotziak eman zituen datu nagusiak: Gobernu Planean jasotako 98 proiektutatik 71 egintzat jo daitezkeela esan zuen —horietatik 59 bukatuta daude, eta beste 13 bukatzear—; 22 proiektu dira martxan daudenak, fase desberdinetan; hiru proiektu dira egin gabe gelditu direnak; eta proiektu bat baztertu dute. Ondoren, Iñaki Ostolaza alkateak eta Maider Alberdi zinegotziak arloz arlokako datuak eman zituzten. Proiektu bakoitzaren betetze-mailaren inguruko datuak liburuxka batean bildu dituzte. 

"Zumaia bizitzeko da"

Datuak aurkeztu aurretik, Iribarrek nabarmendu zuen Gobernu Plana xede nagusi baten pean eraiki zutela. "Zumaia guztion ondo bizitzeko moduko herria izan dadin lan egitea". Haren esanetan, bi zutabe nagusi izan ditu haien lanak: "alde batetik, politika sozial indartsuak sortu eta daudenak indartzea; eta, bestetik, herri bizi eta hezitzailea sortzen jarraitzea". Guzti horri, zeharkako zutabe bat gehitu zioten: "gobernantza eredu berri bat sortzea".

Iñaki Ostolaza alkateak ekitaldiaren amaieran ideia berari heldu zion. Alkatearen esanetan, politika sozialen arloan pauso garrantzitsuak eman dituzte: 

  • Gizarte arloko dirulaguntzen hartzaile kopurua handitzea (alokairurako laguntzak, Gizarte Larrialdietarako Laguntzak...). Ostolazaren esanetan, alokairurako dirulaguntzak zabaltzeari, zein laguntzen inguruko informazioa zabaltzeko komunikazio kanpainak sendotzeari erantzuten dio emaitza horrek, besteak beste.
  • Gizarte zerbitzu berriak sortzea eta daudenak indartzea. Menpekotasun maila baxua dutenei zuzendutako Itsasargia zerbitzua sortu da legealdi honetan, eta bakarrik bizi direnen jarraipena indartu da, besteak beste.
  • Lana eta tokiko garapenaren arloan, "Zumaian ekosistema kolaboratibo eta kooperatiboa sortzeko lehen pausoak ematen hasi" direla nabarmendu zuen Maider Alberdik ekitaldian zehar. Ildo horretan kokatu zuen ZKOOP programa, sortzear den coworking gunea, edota Erkiben kokatu nahi duten elikaduraren inguruko proiektua. Merkatari elkarteari ematen zaion dirulaguntza bikoiztu egin dutela ere nabarmendu zuten, eta, orain, "Merkataritzarako Plan Estrategikoa" osatu dutela, oposizioarekin hala adostuta. Arlo honi lotuta, Iñaki Ostolazak nabarmendu zuen Xey industrialdea biziberritzeko pauso garrantzitsua eman dela legealdi honetan, eta horrek "industria, eta, beraz, lanpostuak Zumaiara erakartzeko aukera" sortuko duela epe ertainean.
  • Etxebizitzaren inguruko lanketa ere aipatu zuten. Zumaian gai horri dagoen arazoa "modu integralean" lantzen ari direla nabarmendu zuen Ostolazak. Etxe hutsen diagnostikoa egin dute, etxebizitza turistikoan arautzeko lanketak murgilduta daude, eta, teknikari bat kontratatu dute gai honi erantzuteko. Azkenik, "aste gutxi barru, etxebizitza promozio berri baten inguruko albisteak ematea espero dutela" azaldu zuen.

Herri bizi eta hezitzailearen ildoan ere aurrerapauso handiak" eman dituztela nabarmendu zuten:

  • Komentuko Kultur Topaguneak Zumaiako eskaintza eta bizitza kulturalari aterpe berri bat emango diola esan zuten. Ostolazak Alde Zaharrari emango dion bizitza ere nabarmendu zuen. Kultur arloan, bestalde, sormena zein kultur eskaintza indartzeko neurriak hartu dituzte, Alberdiren esanetan.
  • Herri hezitzailearen ikuspegia txertatzen ere hasi dira. Haurren Kontseilua sortu da legealdi honetan, eta, beste hainbat konturen artean, Mariantongo parke berriaren diseinua landu da bertan.
  • "Hezkuntzari lotutako azpiegiturak eta zerbitzuak hobetzeko" neurriak ere hartu dituzte. Hala nola, Herri Eskolako Aita Mari eraikinean haurreskola eta sukalde berriak egiteko lehenengo akordioa lortu du Udalak.
  • Kirol arloaz ere aritu ziren. Obra egitera iritsi ez badira ere, kiroldegia berritzeko aurreproiektua osatuta dago dagoeneko. Bigarren igerileku bat sortu, eta kiroldegiko azpiegiturak berritzea da asmoa.
  • Euskararen inguruan Larraina elkartearekin egindako hitzarmena goraipatu zuen Maider Alberdik, baita Zumaiako Udalak Bikain ziurtagiria lortu izana ere.

Gobernantza ereduaren inguruan ere aritu ziren Ostolaza eta Alberdi. Haien esanetan, "herritarrengandik gertu eta elkarteekin batera gobernatzeko bide berriak probatu" dituzte. Maider Alberdik Emakumeon* Etxeko kudeaketa-ereduan egin zuen azpimarra —elkartearen eta Udalaren arteko kogestio sistema bidez kudeatzen da—, eta, nabarmendu zuen, aurreratzean ere "eredu publiko-komunitario horretan sakontzea" ezinbestekoa dela. Bestelako proiektuetan ere aritu dira gobernantza eredu berriak praktikatzen: Zuntz Optikoa Zumaia proiektuan, Egutera energia kooperatibaren sorreran edota coworking gunea sortzean.

> Ikus liburuxka: Gobernu planaren balantzea

> Webgunea: bizitzekoda.zumaia.eus

"Gardentasun ariketa"

Arritxu Iribarrek gogoratu zuenez, legealdi hasieran 98 neurri eta proiektuz osatutako plana aurkeztu zuen Udal Gobernuak, 2020ko otsailan. Horrekin batera, bizitzekoda.zumaia.eus webgunea herritarren eskura jarri zuten, planaren jarraipena egiteko.

Balorazioa positiboa izangatik, atzoko ekitaldiaren helburua "gardentasun ariketa bat" egitea zela nabarmendu zuen. "Herritarren aurrean kontuak ematera gatoz. Egindakoak eta egin gabekoak hartu nahi ditugu kontutan, eta, balorazioa positiboa izanagatik, irakaspen ugari atera ditugu urteotan, eta etxerako lan asko gelditu zaizkigu egiteko", esan zuen. Halaber, nabarmendu zuen plan bat edukitzeak, eta herritarrekin publikoki konpromiso bat hartu izanik lagundu diela Gobernu Planaren "betetze-maila hauetara iristea".

Legealdiaren berezitasunak

Datu nagusiak aurkeztu aurretik, 2019-2023 legealdiak izan dituen "berezitasunez" aritu zen. Hein batean "haizea kontra" eduki dutela azpimarratu zuen; izan ere, gobernura iritsi eta hilabete gutxitara, COVID-19aren pandemiak hartu zuen mundu osoa. Egoera zail horretan zumaiarrek erakutsitako jarrera eredugarria izan zela gogoratu zuen, baina, Iribarren esanetan, "momentu horretan, ezinbestean, lehentasunak beste batzuk bihurtu ziren". Lehentasunak beste batzuk izanik, eta epealdi batean epe administratiboak etenda egonik, Gobernu Planean jasotako proiektu asko aurrera eramateko prozesu asko gelditu behar izan ziren zenbait hilabetez.

Baina alde onez ere aritu zen: 10.000 biztanleko langa pasa izanak, udal korporazioa handiagoa izatea ahalbideratu zuen, eta, 9 zinegotzi aritu dira gobernuan. Gainera, pandemiaren ondoren egon diren Next Generation dirulaguntza deialdiak aprobetxatzen jakin dutuela esan zuen: "Komenturako 2'8 milioi euro lortu ditugu, eta 5'2 milioi euro Moilaberri eta Algorri eraikinetarako".

> Balance del plan de gbierno