Arteagako eta Basustagainako herribideak hobetzeko lanetan ari da Udala

2022/10/24

Osotara, 27.200 euro erabiliko dira bi eremu horietako bideak hobetzeko.

Oikia auzotik Ibañarrieta auzora joateko bidearen atal batzuk egoera kaskarrean daude; hormigonatua dagoen arren zartadura ugari daude, eta zenbait lekutan bide-zorua ondoratuta aurkitzen da. Pitzadura horietatik ura sartu eta inguruko guztia ondora dadin eragiten du. Beraz, garaiz ez bada konpontzen arazo larriagoak sortu daitezke. Obra honekin bidearen egoera hobetuko da, altzairudun hormigoia jarrita. Udalak 17.025 euro erabiliko ditu horretarako, eta 9.360 euroko dirulaguntza jaso du Foru Aldunditik.

Basustagain inguruan dauden Xoxokua eta Otalora baserrietara doan bidea ere hobetuko da. Bide horren zati bat, gaur egun oraindik hartxintxarrezkoa da. Eremu hori konpontzeko, ondoratuta eta zartatuta dauden eremutan lurra pikatu, azpialdea gogortu eta hormigoia botako da. Lana egiteko 10.160 euro erabiliko dira.