Kiroldegia astelehenean irekiko dute

2020/05/29

Astelehenetik aurrera martxan egongo dira kardio gunea, fitness gunea, eta padel eta teniseko pistak. Igerilekua ekainaren 8an irekiko dute. Ezinbestekoa izango da aurrez hitzordua hartzea, eta erabiltzaileek prebentzio neurriak bete beharko dituzte.

COVID19ak sortutako krisia dela eta udal eraikin eta zerbitzu ugari etenda egon dira martxoaren erdialdetik. Astelehenetik aurrera, prebentzio eta segurtasun neurriak beteta, martxan jarriko da Zumaiako kiroldegia. Erabilera mugatua izango da, eta erabiltzaileek hitzordua hartuta joan beharko dute. Gaur bertan 14:00ak arte deitu ahal izango dute erabiltzaileek astelehenerako ordua hartzeko.

Ekainaren 1ean, astelehenean, kardio gunea, fitness gunea, eta padel eta teniseko pistak irekiko dituzte. Astebete beranduago irekiko dute igerilekua, ekainaren 8an. Sauna eta spa guneak oraingoz ez dira erabilgarri egongo, horietan segurtasun eta prebentzio neurriak betetzeko dauden zailtasunengatik.

Erabiltzaileek ezingo dituzte dutxak erabili, eta hainbat prebentzio neurri bete beharko dituzte. Aldagelen kasuan, igerilekuko erabiltzaileek soilik erabili ahal izango dituzte. Sarrera eta irteerako seinaleak errespetatu beharko dituzte, eta orokorrean, distantzia eta higiene neurriak mantendu. Oharraren amaieran arau guztiak.

Udalaren izenean nabarmendu dute ahalegin handia egin dutela kiroldegiko zerbitzua eman ahal izateko, eta aldi honetan bertako 21 langileen lanpostuei eusteko. Azaldu dutenez, oraingoz zerbitzua ezingo da normaltasun osoz eman, baina hainbat eremu lehen baino hobeto daudela azaldu dute; adibidez, bizikletak eta korrika egiteko zintak dauden kardio gunean lehen baino makina gehiago daude.

Aurrez hitzordua hartuta

Kiroldegiko zerbitzuak erabiltzeko ezinbestekoa izango da aurrez hitzordua hartzea. Horretarako, bazkideek eta kiroldegia erabiltzeko bonuak gehienez hiru eguneko aurrerapenarekin hartu ahal izango dute zita, 943 86 20 21 telefono zenbakira kiroldegira ohiko deituta (6:30-21:00). Bazkideak ez direnek egunean bertan deitu ahal izango dute. Gaur bertan ireki dute hitzordua hartzeko aukera, 14:00ak bitartean.

Erabiltzaileek, gehienez, egun bakoitzean eremu guztiak behin erabiltzeko erreserba egin ahal izango dute. Kardio eta fitness guneetan ordu beteko txandak egingo dituzte; padel eta tenis pisten erabilerarako, orain arteko arauak mantenduko dituzte. Eremuko zaintzaileari ordu-muga luzatzeko eskaera egin ahal izango zaio, betiere momentuan espazio libreak baldin badaude.

Adinekoentzat eta arrisku taldeetako kideentzat lehentasunezko ordutegia jarri dute: 9:30etik 10:30era. Horiek, nahi izanez gero, lehentasunez hartu ahal izango dute hitzordua tarte horretan.

Gainera, familiek igerileku handia erabiltzeko lehentasuna izango dute 16:30etik 17:30era; igerileku txikia egun osoan zehar erabili ahal izango dute familiek, bakoitzak ordubetez.

Ordutegi berria

Kiroldegiak ordutegi berria izango du hemendik aurrera, erabiltzaileek egindako eskaerak kontutan hartuta. Astelehenetik ostiralera 6:30etik 21:30era egongo da zabalik; larunbatetan 9:00etatik 14:00etara eta 15:30etik 20:00etara; eta igande eta jai-egunetan 9:00etatik 14:00etara.

Kuoten ordainketa

Kuotei dagokionez, erabiltzaileek ohiko kuotaren %70a ordainduko dute zerbitzuak bere normaltasunera itzuli bitartean.

Kiroldegia itxita egon den aldian erabiltzaileek ez dute kuotarik ordaindu, eta martxoan itxita egondako egunen ordainketa orain deskontatuko dute ekaineko kuotatik. Zentzu horretan, Udalaren izenean adierazi dute erabiltzaileek ez dutela itxita egon den aldiko ordainketarik egingo.

Erabilera arauak eta prebentzio neurriak

Kiroldegiaren erabiltzaile guztiek hainbat arau errespetatu beharko dituzte.

ARAU OROKORRAK

  • Eskuak garbitu

  • Segurtasun distantzia mantendu (2 metro)

  • COVID19arekin bateragarriak diren sintomak izanez gero ez etorri kiroldegira, eta gelditu etxean

  • Arrisku talde bateko kideek (65 urtetik gora, gaixotasun kronikoak...) horiei zuzendutako lehentasunezko ordua erabili ahal izango dute: 09:30-10:30

  • Hitzordua hartu (943 86 20 21), gehienez hiru eguneko aurrerapenarekin. Egunean eremu bakoitza behin erabili ahal izango da

  • Etxetik aldatuta etorri eta jarduera egiteko beharrezkoak norberak ekarri (eskuzapia, ura…)

  • Baliozko elementuak ez ekarri (ez dago takilarik).

  • Irteera zehaztutako lekutik egin

  • GAINONTZEKO ERABILTZAILE ETA LANGILEAK ERRESPETATU

 

KARDIO GUNEA (1h)

48 makina jarri dituzte eskubaloiko pistan

  • Toalla erabiltzea derrigorrezkoa da

  • Zaintzailearen esanei kasu egin

  • Markatutako ibilbideak jarraitu

  • Joan etorrian ez gurutzatu

  • Jarduera egitean norbere gauzak ondoan laga

  • Jarduera amaitzean makinan ukitutako elementuak garbitu

  • Jarduera amaitzean makinan txartel gorria jarri

 

FITNESS GUNEA (1h)

8 pertsonako aforoa.

  • Eskuzapia (toalla) erabiltzea derrigorrezkoa da

  • Makinak garbitzeko potoak hartu sarreran

  • Makina, pesa edo mankuernak erabili ostean garbitu

  • Maskarilak erabiltzea gomendatzen da

 

IGERILEKUA (1h) Ekainaren 8tik aurrera

Igerileku handian, aldi berean 6 pertsona egon ahal izango dira igerian.

Irizpide orokorrak:

  • Aldagelan zehaztutako lekuan jarri eta bertan utzi arropa

  • Igerilekuko dutxan busti

  • Uretara sartu

  • Betaurrekoak erabiltzea gomendatzen da, kloro kopurua igoko baita desinfekzioa areagotzeko

  • Ordua bukatu baino 5 minutu lehenago aldagelako leku berera itzuli eta aldatu

Familiak: Igerileku txikia familiek erabiltzeko gordeko da, egunean ordu betez. Aldi berean, elkarrekin bizi diren kideak egon ahal izango dira bertan. 16:30etatik 17:30etarako tartean, igerileku handia familiei zuzenduta egongo da. 3 gune osatuko dira igerileku handian, bizikideak gune horretan batera egon daitezen. Igerileku handiko txandak 30 minutukoak izango dira.

 

TENIS (1h-1h30’-2h) ETA PADEL (1h-1h30’)

  • Norbere materiala ekarri.