[BIDEOA] ZHEko Aita Mari eraikineko lehen solairua eraberritu du Udalak
Helburuak izan dira eraikinaren lehen solairua modernizatzea eta egungo diseinu-kanonetara egokitzea, ZHEn "mugimendu librearen metodologian sakontzen jarraitu dezaten". Irisgarritasuna eta heziketa-ingurunearen kalitatea hobetzearekin batera, eraikinaren jasangarritasunean aurrerapauso garrantzitsua eman da.
ARGAZKI GALERIA ALBISTEAREN AMAIERAN | ARGAZKIAK: EITZEN ESTUDIOA
Dagoeneko amaitu dituzte Zumaiako Herri Eskolako Aita Mari eraikinaren lehen solairuko eraberritze lanak, eta hezitzaile zein haurrak espazio berritua erabiltzen ari dira dagoeneko. Zumaiako Udalak 591.264 euro erabili ditu obra egiteko, eta zenbatekoaren %60 —355.000 euro inguru— Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren dirulaguntzetatik lortu du.
Bideo honetan proiektuaren inguruko xehetasunak azaltzen dituzte Maria Omaro ZHEko zuzendariak, Itsaso Aldalur Haur Hezkuntzako berrikuntza arduradunak, Nekane Lopetegi Haur Hezkuntzako hezitzaileak eta Aitor Manterola zinegotziak.
Eraberritze-proiektuaren ardatza eraikinaren lehen solairua izan da, gaur egun Lehen Hezkuntzako lehen zikloa dagoen tokia; eremu hori egungo diseinu-kanonetara egokitu da, heziketa-eremu atseginagoa sortzeko, eta dagoeneko martxan zegoen mugimendu librearen metodologian sakontzeko.
Barne-antolaketari dagokionez, bere horretan mantendu da orain arteko 4-4 ikasgelen eskema: eraikinaren hegoaldean 3-4 urteko haurrentzako lau gela daude, eta iparraldean 4-5 urteko haurrentzako beste lau. Ikasgela bakoitzak ikasgai espezifiko bat barnebiltzen du: matematika eta zenbakiak; zientziak eta natura; espazio artistikoa; eta, hizkuntzak. Antolaketa horri esker, haurrak espazioan mugitzen dira, esplorazioa eta zirkulazio askea sustatuz, eta horrek ikaskuntza aktiboagoa eta integratuagoa egiten laguntzen du. Eraberritzearekin, espazio malguagoa eta funtzionalagoa izango da.
Gainera, eraikinaren isolamentu termikoa zein akustikoa hobetzeko, eta, energia eraginkortasuna handitzeko, fatxada osoa estradosatuko da; instalazio elektrikoa ere erabat aldatuko da, eraikinaren energia-kontsumoa murrizteko.
Diseinu berri hau Herri Eskolako zuzendaritzarekin eta Guraso Elkartearekin elkarlanean garatu da. Horiek horrela, Udala eta hezkuntza-komunitatea eskuz esku aritu dira ikasleen beharrei erantzungo dien heziketa-eremu egokitua sortzeko.
Albiste erlazionatuak
Hezkuntza
- Zabalik dago Zumaian Musika, Dantza eta Antzerkia irakasteko zerbitzua emateko esleipen prozesua 2025/02/19
- Arrakasta handia izaten ari da PLAZerA ihes-gela, eta txanda berriak gehitu dituzte 2025/02/12
- Zabalik dago udaleku irekietako begiraleen hautaketa prozesua 2025/02/11
- Herriko ekosistemei buruzko egutegia landu du Euskara Zerbitzuak 2024/12/12
Herri hezitzailea
Zumaia bizitzeko da
- Osasungintza, hedabideak eta etorkizuneko erronkak izango dituzte hizpide aurtengo 'Euskara, bestela ez gara' hitzaldi zikloan 2025/02/20
- Makinak martxan Larretxon: hasi dituzte Itzurunbideko igogailua egiteko lanak 2025/02/20
- Basoa.wav proiektuko 'Retrobisorea' abestiaren bideoklipa aurkeztu du Iñaki Agirrezabalagak 2025/02/19
- Zumaiak, Getariak eta Azpeitiak Udaltzaingoen Lan Eskaintza Publiko bateratua egingo dute, ‘konfiantza eta gertutasuna oinarri dituzten udaltzainak’ kontratatzeko 2025/02/19