Zumaiako 'Appa Hi!' aurkeztu dute, hitanoa praktikatzeko eta ikasteko mugikorretarako aplikazioa

2025/03/20

Hika modu erraz eta jostagarrian ikasteko aukera ematen du app honek. Hitanoaren biziberritzea sustatzeko asmoz, aplikazio honek 5 asteko ikaskuntza-prozesua eskaintzen du, eguneroko pilula didaktikoen bidez. Gainera, taldekako lehiaketak egiteko aukera ematen du.

Zumaiako Udalak eta Badihardugu kultur elkarteak Appa hi! mugikorretarako aplikazioaren berri eman dute gaur goizean: Zumaiako hitanoa gehitu dute app-ean, eta herritarrek toka zein noka praktikatzeko aukera izango dute, modu erraz eta dinamikoan. Udaletxeko pleno aretoan egindako aurkezpenean hitanoaren iraupenean ekarpena egiten duten herritar batzuk izan dituzte ondoan, eta kantuan amaitu dute aurkezpena.

> Deskargatu aplikazioa

aitor.manterola.JPGHitanoa garai berrietara ekarri nahi izan dute app-aren sortzaileek. Aitor Manterola hezkuntza eta euskara zinegotziak adierazi duenez, proiektu honek euskara eta hitanoaren biziberritzeko beste bide batzuk eskaintzen ditu, belaunaldi berriei formatu digitalean hika erabiltzeko aukera emanez. Aplikazioak 5 asteko ikaskuntza-prozesua eskaintzen du, eguneroko pilula didaktikoen bidez. Gainera, taldekako lehiaketak egiteko aukera ematen du (Egunean behin aplikazioan egiten den antzera). Hika modu erraz eta jostagarrian ikasteko aukera emango du, beraz.

Xabier Azkue euskara teknikariaren esanetan, eskoletan erabiltzeko tresna aproposa da hau. Gainera, uste du gazteek aplikazio honetatik onura handia atera dezaketela. Generoari begira ere jarri da: haren esanetan, mutilek hika gehiago erabiltzeko joera badute ere, askotan forma okerrak erabiltzen dituzte edo aditz-formak asmatzen dituzte. Halaber, ia ohiturarik ez dago emakumeei noka egiteko. Gogoratu du noka konplizitate eta sororitate hizkuntza izan zela garai bateko emakumeen artean, eta nokaren erabilera berreskuratzearen garrantzia nabarmendu du; bide horretan Emakumeon* Etxea egiten ari den lana azpimarratu du; Euskaraldiaren barruan noka triki-poteoa antolatuko dute, adibidez.

hitanoa.JPGAitor Manterola zinegotziaren esanetan, Zumaiako Udalak hitanoaren ikerketan eta sustapenean duen konpromisoa aspalditik dator. Modu aitzindarian 1997an abiatu zuen ekimena, hitanoa aztertzeko beka batekin. Harrezkero, Udalaren babesarekin hainbat ikerketa egin dira, besteak beste, herriko hizkera, toponimia eta euskararen historia sozialari buruz. Xabier Azkuek hitanoari buruz idatzitako liburua argitaratu zenetik 25 urte bete diren honetan, Udalaren apustua ez da gelditu, eta duela 15 urte ikastetxeetan lantzeko unitate didaktikoak ere prestatu ziren.

Tresna berri honekin, belaunaldi berri zein zaharragoek aukera izango dute Zumaiako hitanoa modu arinean praktikatzeko.  Aitor Manterola zinegotziak zumaiarrak gonbidatu ditu aplikazioa jaistera, eta, probak eginda, aurrez aurrekoan euskararekin eta hitanoarekin jolas egitera eta ohitura berriak sortzera.

Aplikazioan ikasitakoa praktikan jartzeko aukera egongo da, gainera, maiatzeko Euskaraldian. Zirhika taldearen ekimenez, herri askotan hika egiteko aukera emango zaie izena ematen duten norbanakoei, eta baietz esaten dutenek H letradun txapa jasoko dute. Horrez gain, jarduera bereziak ere antolatuko dituzte Euskaraldiaren egitarauan.

Appa hi!, hitanoa modu errazean praktikatzeko

Aintzane Agirrebeña Badihardugu elkarteko koordinatzaileak, aplikazioaren xehetasunak azaldu ditu:

  • Aplikazioa doan deskargatu daiteke Appstoren edo Playstoren. Deskargatutakoan aukera izango dugu nahi dugun bertsioa aukeratzeko eta, horrekin batera, aukera izango dugu mezuak toka/noka jaso nahi ditugun hautatzeko.

  • Ikasgaiak: 35 egunean, egunero pilula batean, informazio jakin bat ematen du app-ak: azalpenak, marrazkiak eta bideoak (adibideak edo lagungarri izan daitekeen bestelako materiala bildu dute). Ikasgai gutxi batzuk teorikoak dira, baina normalean aditz-taula bat izango da erabiltzaileak aurkituko duena; egun horretan landuko den aditz-sailari dagokion taula, hain zuzen ere.

  • Galdera-erantzunak: Ondoren, azalpenekin lotutako galdera-sorta bat dator: partidak. Galdera guztiei zuzen erantzunez gero, hurrengo egunean beste pilula bat egiteko aukera izango du erabiltzaileak. Bestela, berriro saiatu daiteke: partidak errepikatu ditzake. Nahi beste aldiz, ondo egin arte. Astero errepaso bat egongo da, eta maila bat igotzeko aukera. Guztira bost maila dira gainditu beharrekoak, aste bakoitzeko bat. Bakoitzak bere erritmora egin dezake prozesua. Galderei zuzen erantzuten eta mailak gainditzen doanak, azkarrenak, bost astean lortuko du hika ikastea.

  • Material osagarria: Ikasgaietako azalpenei laguntzeko, material osagarria aurkituko dugu aplikazioan: irudiak, adibideak jasotzen dituzten bideoak, testuak… Bideoak osatzeko, hainbat iturri erabili dituzte.

> Deskargatu aplikazioa

App-a osatzerakoan izandako erronkak: forma desberdinak biltzea eta nokari dagokion lekua ematea

P1230294.JPG

Xabier Azkuek azaldu duenez, Appa Hi! aplikazioaren edukia lantzeko, duela 25 urtehitano-app.JPG Zumaiako Udalak hitanoari buruz argitaratutako liburua izan dute oinarri. Hala ere, hainbat erronka gainditu behar izan dituzte. Besteak beste, formak lehenesteko beharra izan dute (ditxiau ala dixkiau, gixkiñenan ala gitxiñenan, etab.), hutsuneak bete behar izan dituzte (adibidez, aginterako formak ez ziren jasota geratu liburuan), eta Oikiako formak aplikazioan sartzeko modua aztertu behar izan dute, edukia gehiegi ez kargatzeko.

Gainera, hitanoa transmititzeko material osagarria bilatzerakoan emakumeen ahotsen falta antzeman zuten, izan ere, ahotsak.eus-en haien elkarrizketa gehienak zuka jasoak ziren. Hutsune hori berdintzeko, duela 15 urte ZER DIYON antzezlana egin zuten Zumaiako emakume batzuen grabazioa baliatu dute.

> Deskargatu aplikazioa