Energia jardunaldiak, Zumaian trantsizio energetikoaren oinarriak jartzeko

2021/02/17

'Aldaketa garaia da' izenburupean trantsizio energetikoan sakontzeko aukera izango da Aita Mari aretoan otsailaren 23an, martxoaren 2an eta martxoaren 9an. Azken saioan Zumaian eguzki energia sortzeko proposamena aurkeztuko da.

Etorkizunera begira jarri, eta estrategikoa den arlo bati helduko dio hurrengo hilabeteetan Zumaiako Udalak: energiaren gaiari. Bide hori herritarrekin batera egin nahi du Udalak, eta horretarako, energiaren inguruko jardunaldiak antolatu ditu. Trantsizio energetikorako gakoak izango dira hizpide hiru saiotan, eta herri mailan sortu daitezkeen alternatiben inguruan sakontzeko aukera ere izango da.

Iñaki Ostolazaren ustez “erronka handia” da energiaren arloan dagoena: “aldaketa klimatikoaren gaiari gaurtik heldu behar diogu; energia berriztagarriak bultzatu behar ditugu, burujabetza energetikora bidean kokatuta”. Gobernualdia abiatu bezain pronto jarri zuten martxan energiari buruzko azterketa. Lan horretan herri mailan dauden gabeziak identifikatu, eta hobetzeko bideak jaso dira. Gainera, zenbait erronka eta bideorri bat zehaztu ziren bertan: “kontsumoa murrizteaz gain, bertan ekoizteko beharra nabarmendu da azterketan”, azaldu du Ostolazak.

Alex Oliden zinegotziaren arabera, “trantsizio energetikoak herritarrak gobernatzea, edo herritarrek trantsizio energetikoa gobernatzea dira bi aukera bakarrak”. "Aldaketa egongo da, guk nahi ala ez. Helburua da guk gobernatzea trantsizio energetikoa, eremu lokaletik bideratuta eta adostuta", esan du. Zentzu horretan, “trantsizio energetiko justu bat” egitera bidean zenbait oinarri eta helburu zehaztu dituzte: kontsumoa jeistea, energia jasangarria ekoiztea maila lokalean, autokontsumoa bultzatzea, burujabetza energetikoaren bidean pausoak, pobrezia energetikoari erantzuna ematea.

Jardunaldiak, otsailaren 23tik martxoaren 9ra

Lehenengo solasaldia otsailaren 23an izango da. Euskal Herriko Unibertsitateko Ekopol ikerketa taldeko irakasle bat izango da hizlari. Trantsizio energetikoa gero eta gehiago entzuten den kontzeptua izanik, hori diogunean zertaz ari garen azalduko digu. Zein da bizi dugun egoera? Zeintzuk dira egoera horri buelta emateko erronkak?

Bigarren solasaldia martxoaren 2an izango da, eta energia politikekin lotuta udalerrietan dauden esperientziekin izango du lotura. Lehen zatian Aitor Ossa Rissanen energia teknikariak Zumaiako Udalarentzat egindako Zumaiako Energia Diagnostikoa aurkeztuko du. Zenbat energia kontsumitzen dugu? Zer motatakoa? Zer baliabide ditugu energia berriztagarria Zumaian bertan ekoizteko? Nola gutxitu dezakegu energia kontsumoa Zumaian? Horri buruz arituko da. Bigarren zatian, Garestik (Nafarroa) etorritako gonbidatuak izango dira, bertako energia sorkuntza proiektuaz aritzeko. Oihan Mendo alkatea eta Txetxu Ezkurra talde eragileko bolondresak azalduko dituzte Garesen eguzkia energia eta energia hidraulikoa sortzeko dituzten instalazioen nondik norakoak.

Hirugarren eta azken solasaldia martxoaren 9an izango da. Solasaldi horretan, Zumaian bertan energia berriztagarria sortzeko planta fotoboltaiko eta energia komunitate kooperatiba proiektu berria aurkeztuko da. Mondragon Kooperatibako Krean taldeak Zumaiako Udalarekin elkarlanean garatuko duen proiektuaren nondik norakoak azalduko ditu. Zumaian energia berriztagarria sortzeko bidearen lehen pausoa izango da proiektu hau, eta herritarrek parte hartuko dute bertan.