Martxa onean doa Egutera energia kooperatibaren bazkidetza kanpaina
Dagoeneko 200 herritarretik gorak hasi du bazkide egiteko prozesua. Ondo bidean, Oikiako eguzki-parkea eraikitzeko lanak hiru aste barru hasiko dituzte.
Zumaiako Energia sorkuntza eta kontsumorako irabazi asmorik gabeko kooperatiba da Egutera. Lehen pauso gisa, hektarea bateko eguzki-panel planta bat eraikiko du kooperatibak, Oikian. Ondo bidean, hiru aste barru hasiko dituzte eguzki-parkea eraikitzeko lanak.
600 etxeren energia elektrikoaren kontsumo totala asetzeko besteko eguzki energia sortuko da bertan. Kooperatibako bazkide diren herritarrek, kapital ekarpen baten truke, euren etxeetako argindar kontsumoaren %100 estaltzeko adina energia sortuko dute Oikiako parke fotovoltaikoan. Bazkideak biltzeko kanpaina hasi zenetik, 200 herritarretik gorak hasi du bazkide egiteko prozesua; horietatik 96 bazkide dira dagoeneko.
Proiektuak Euskal Energia Erakundearen babesa duenez, eguzki-parkea eraikitzeko obrak hasteko ez da bazkide kopuru totala bildu zain egon beharko. Edonola ere, Egutera energia kooperatibak herritarrei jakinarazi nahi die arreta bulegoa uda baino lehen itxiko dela, eta interesa duten herritarrei gomendatzen die bazkide egiteko prozesua ahal bezain pronto hastea.
Halaber, beste ohar garrantzitsu baten berri ere eman dute: merkatariek eta enpresa txikietako bazkideek ordainketa epeka egiteko aukera izango dute. Horiek egin beharreko hasierako ekarpena handiagoa izanik, erraztasunak eman nahi zaizkie. Ekarpena handiagoa bada ere, Eguteraren energia sorkuntza erabat aproposa da haientzat, kasu gehienetan energia kontsumo osoa egunean zehar egiten dutelako.
Bazkide egiteko bi modu: internet bidez eta aurrez aurre
Bi modutan hasi daiteke bazkide egiteko prozesua:
- Internet bidez, www.egutera.ekiola.eus webguneko formularioa beteta
- Aurrez aurre, Kofradiako bulegora joanda: Kofradian (Erribera kalea 20), astelehenetik ostegunera 16:00etatik 19:00etara bitartean.
Halaber, zalantzak argitzeko bi bide daude zabalik:
- Whatsapp zenbakia: 747 418 647
- E-maila: info@egutera.ekiola.eus
Inguruko herritarrentzat ateak zabalik
Bazkidetza kanpainaren lehen fasea pasata, eta, oraindik lekua egonik, inguruko herrietako herritarrek, merkatariek zein enpresa txikiek Egutera kooperatiban sartzeko aukera dute orain.
Gehienez ere 25 kilometroko erradiora arteko lekuetan bizi direnei onartuko zaie Eguteran sartzea, eta lehentasuna gertuen daudenek izango dute.
Albiste erlazionatuak
Egutera
- Egutera energia kooperatibak Kontseilu Errektorea izendatu du bere lehen Batzar Nagusian 2024/07/29
- Ekainaren 27an itxiko da Eguteraren arreta bulegoa 2024/06/20
- Dendari, tabernari eta elkarte gastronomikoetako kideekin bilduko da Egutera energia kooperatiba ostegun honetan 2024/06/11
- Hasi dituzte Eguteraren eguzki parkea eraikitzeko lanak 2024/06/07
Energia
Zumaia bizitzeko da
- 19,8 milioi euroko aurrekontua izango du Zumaiako Udalak 2025ean, 'orain arteko bidean sakontzeko' 2024/12/04
- Zumaiako euskararen historia soziala jasotzen duen ikus-entzunezkoa aurkeztu dute Udalak eta Badihardugu Euskara Elkarteak 2024/11/29
- Jostailu erakusketa egingo dute asteburu honetan Ludotekan 2024/11/27
- Zumaiena ikastetxearen ondoko pasabidea seguruagoa bihurtzeko eskuhartzea egin du Udalak 2024/11/27