Egutera energia kooperatibak Kontseilu Errektorea izendatu du bere lehen Batzar Nagusian
Egutera kooperatibako bazkideek uztailaren 23an egin zuten batzarra. Proiektuaren nondik norakoen berri eman zuten bertan, eta administrazio organoaren egitura berriaren eraketa aztertu zuten, besteak beste. Bazkide gehiagorentzat ateak zabalik daudela gogorarazi zuten batzarrean; planta fotovoltaikoa 2025eko martxorako prest egongo da, eta zumaiarrak zein inguruko herritarrak deitu dituzte bazkide egitera.
Egutera energia kooperatibak 111 bazkiderekin hasi du bere ibilbidea. Uztailaren 23an egin zuten lehenengo Batzar Nagusia, proiektuaren nondik norakoen berri jaso, eta Kontseilu Errektorea eratzeko. Elene Santamaria eta Karmele Eizagirre bazkideen jardun zuten lehendakari eta idazkari moduan, hurrenez hurren; eta, Elene Santamaria berak, eta Kreaneko Asier Etxabek eman zituzten azalpenak.
Batzarrean, administrazio organoaren aldaketa onartu zen eta Kontseilu Errektore berrirako hautagaiak izendatu ziren. Bazkideen ordezkaria aukeratzeko 111 bazkideetatik 73k eman zuten botoa (71k Markel Peñalba hautagaiaren alde, eta 2 bazkidek boto txuria eman zuten). Horrekin batera, proiektuaren eta obren nondik norakoen berri jaso zuten bazkideek, kooperatibak sinatutako kontratuak eta horien zenbatekoekin batera.
Asier Etxaberen esanetan, dagoeneko prestatu dituzte eguzki plakak kokatuko diren lurrak, eta terrazak ere prest daude. Eguzki-plakak eta horiek eutsiko dituzten egiturak ere eskuragarri dituzte dagoeneko, eta epe laburrean ikusiko dugu eguzki plaken egitura eraikita. Geroko prozesua da luzeena, baimenei dagokiena. Edonola ere, aurreikuspena da, ondo bidean, 2025eko martxorako planta martxan egotea.
Kontseilu Errektore berria
Gaur egun, bazkideek egindako ekarpena %33 baino baxuagokoa denez, administrazio organoak hiru kontseilari izango ditu: herritar bazkide bat, Energiaren Euskal Erakundearen (EEE) ordezkaria, eta independente bat (EEEk proposatutakoa). Horrenbestez, Egutera energia kooperatibaren Kontseilu Errektorea honakoak osatuko dute, hurrenez hurren: Markel Peñalbak, Oscar Puchek eta Iker Bergaretxek.
Gaur egun, EEE bazkide kontingente da eta 1.374.618,78 euroko kapital ekarpena egin du. Bazkideen ekarpena handituz gero, EEEk duen ordezkaritza murriztuko da, eta herritarren parte-hartzea handituz joango da.
Honakoa da Egutera kooperatibak eta Energiaren Euskal Erakundeak egituraren inguruak lortutako akordioa:
Bazkide berrientzat ateak zabalik
Zumaiako Energia sorkuntza eta kontsumorako irabazi asmorik gabeko kooperatiba da Egutera. Lehen pauso gisa, hektarea bateko eguzki-panel planta bat eraikiko du kooperatibak, Oikian. Kooperatibako bazkide egiten diren herritarrek, kapital ekarpen baten truke, euren etxeetako argindar kontsumoaren %100 estaltzeko adina energia sortuko dute Oikiako parke fotovoltaikoan.
Egun 111 bazkidek osatzen dute kooperatiba, baina, 615 familia ingururentzat lekua dagoela azaldu zuten batzarrean. Horiek horrela, zumaiarrak zein inguruko herritarrak gonbidatu dituzte proiektuan parte hartzera. Egutera kooperatiban bazkide egin nahi dutenek webguneko formularioa erabili beharko dute prozesua abiatzeko.
> Egin Eguterako bazkide!
OHARRA: Whatsapp zerbitzua dagoeneko ez dago martxan, eta e-maila bazkideen edo bazkide egiteko prozesua hasi dutenen zalantzak argitzeko eta harremanetarako erabiliko dute. Hau da, bazkide egiteko prozesua abiatzeko modu bakarra webguneko formularioa betetzea da.
Albiste erlazionatuak
Egutera
Energia
Parte hartzea
- Kulturaren munduan aritzen direnak bilduko dira urriaren 28an, 'Zumaian euskararekin zer?' galderari erantzuteko 2024/10/24
- Santiagoko dunetatik landare inbaditzaileak kentzeko auzolana egingo dute hilaren 29an 2024/10/23
- Obra zibila amaituta, Komentua kultur topagune bihurtzeko lanketari berrekin diote Udalak eta elkarteek 2024/10/16
- 'Zumaian euskararekin zer?' prozesuaren barruan partaidetza saioei ekingo diete urrian 2024/10/03
Zumaia bizitzeko da
- Haur eta nerabeei zuzendutako txangoak eta ekintzak antolatu dituzte neguko opor hauetan ere 2024/12/13
- Herriko ekosistemei buruzko egutegia landu du Euskara Zerbitzuak 2024/12/12
- 2025eko udazkenean zabalduko da babes ofizialeko 42 etxebizitzen zozketako izen-ematea 2024/12/11
- 19,8 milioi euroko aurrekontua izango du Zumaiako Udalak 2025ean, 'orain arteko bidean sakontzeko' 2024/12/04