Errege Magoak Aitzuri frontoian izango dira urtarrilaren 5ean

2020/12/29

Urtarrilaren 5ean, zortzi txandatan, Zumaiako haur eta familiek Errege Magoak bisitatzeko aukera izango dute. Internet bidez hartu beharko dira gonbidapenak, abenduaren 30etik aurrera. Gainera, Zumaiako haurrek Errege Magoei gutunak bidaltzeko postontziak jarri dituzte herrian zehar.

Beste urte batez Errege Magoek Zumaia bisitatuko dute urtarrilaren 5ean. Bizi dugun osasun egoera dela-eta ezin izango dute ohiko kabalgata egin, baina herritarren laguntzarekin, Aitzuri frontoian izango dira. Ekitaldi laburra baina magiaz betetakoa izango dela aurreratu du Udalak.

Urtarrilaren 5ean, arratsaldeko 15:00etatik 19:00etara izango dira Aitzurin, eta Zumaiako haur eta familiak txandaka sartu ahal izango dira bertara. Zortzi txandatan antolatu dute bisita, eta beharrezkoa izango da aurrez gonbidapenak internet bidez hartzea. 

Errege Magoek eta haien laguntzaileek ahalegin handia egin dute aurtengo bisita antolatzeko, eta herritarrei eskatzen diete zehaztutako irizpideak betetzeko eta egunean bertan antolatzaileen jarraibideak errespetatzeko. Era berean, herriko haurrei gogorarazi diete gutunak bidaltzeko postontziak jarri dituztela herrian zehar.

Gonbidapenak, familiaka eta internet bidez

Gonbidapenen inguruko xehetasunak:

  • Gonbidapenak bihartik aurrera (abenduak 30) eskuratu ahal izango dira internet bidez (entradium.com helbidean, 10:00etatik aurrera). Hilaren 5ean 13:00etan itxiko da gonbidapenak hartzeko aukera.
  • Gonbidapenak internet bidez soilik eskuratu ahal izango dira.
  • Egunean bertan sarrerok inprimatuta eraman beharko dituzte ikusleek.
  • Bisitak taldeka egingo dira, bizikidetza-unitate edo familiaka, eta gehienez ere, sei pertsonako taldetan. Talde bakoitzeko gonbidapen bakarra beharko da.
  • Zortzi txandetako bat aukeratu beharko da. Honakoak izango dira txandak: 15:00, 15:30, 16:00, 16:30, 17:30, 18:00, 18:30 eta 19:00.

Osasun neurriak eta irizpide orokorrak

Egoera berezian antolatutako ekitaldia izango da aurtengoa, eta garrantzitsua izango da partehartzaile guztiek zenbait irizpide betetzea. Honakoak dira jarraibide nagusiak:

  • Ordutegia errespetatu. Hartutako txanda hasi baino 10 minutu lehenago ilaran egotea eskatzen zaie herrritarrei, jende pilaketak saihestu eta ekitaldiaren antolaketa errazteko.
  • Gonbidapenak hartzean arduraz jokatu. Ahalik eta familia gehienek partehartzea da asmoa, eta garrantzitsua da gonbidapena hartzekotan ekitaldian partehartzea. 
  • Ezin izango da gonbidapenik gabe sartu.
  • Antolatzaileen irizpideei kasu egin. Jende pilaketak saihesteko, garrantzitsua izango da frontoi barruan zein kanpoaldean antolatzaileen jarraibideak errespetatzea. Halaber, ikuskizuna ikusteko tokia ausaz banatuko da: antolatzaileek esango diete ikusleei non kokatu, eta ezin izango da lekua aukeratu.
  • Derrigorrezkoa izango da Covid-19a dela-eta ezarritako neurriak betetzea. Taldeen arteko distantzia mantendu beharko da, maskara jantzita eduki eta sarreran zein irteeran eskuak desinfektatu. 6 urtetik beherako haurren kasuan, maskara jantzita edukitzea gomendatzen da, baina ez da derrigorrezkoa izango.

Postontziak herrian zehar

Oraindik Errege Magoei idatzi ez dieten haurrek Kofradian, Kantauri plazan eta Aizkorri kalean (Aitzuri frontoi parean) jarritako postontzietan utzi ahal izango dituzte gutunak.  Abenduaren 5eko iluntzea izango da gutuna bidaltzeko azken eguna. Ondoren, udaletxeko langileek gutunak hartu eta Hiru Erregeei eramango dizkiete.