Euskal antzerkia bultzatuko dute Zumaian ere, "Zubi" egitasmoaren baitan

2019/11/22

"Zubi" proiektua tresnatzat hartuta, Euskal Herriko antzoki desberdinek laguntza eskainiko diote artista edo konpainia bati, euskarazko antzerki obra bat sortzeko. Abenduaren 13an amaituko da proposamenak bidaltzeko epea.

Atzo aurkeztu zuten Zubi egitasmoaren V. deialdia. Bertan izan zen, besteak beste, Miriam Romatet Zumaiako Udaleko Kultura Teknikaria. "Pozarren eta euskal antzerki sortzaile berriei laguntzeko 2012an hartutako erabakia berretsiz" aurkeztu zuten Zumaian ere lurra hartuko duen proiektua.

Zubi proiektua, euskal sortzaile berriei bultzada emateko helburua duen ekimena da, eta bertako kideek hautatua den proiektuari babesa emateko hartzen duten konpromisoa du oinarritzat. Durangoko San Agustin Kulturguneak, Kultur Leioak, Iparraldeko Euskal Hirigune Elkargoak, Zornotza Aretoak, Kulturaz Azpeitiako Kultur Kooperatibak, Elorrioko Arriola Antzokiak, Hendaiako Mendi Zolan Kulturguneak, Zumaiako Aita Mari Antzokiak eta Artedramak sorkuntza berriak bideratzeko helburuarekin, Zubi proiektua tresnatzat hartuta, laguntza eskainiko diete artista edo konpainia bati, euskarazko antzerki obra bat sortzeko.

"Hastapen prozesuan dauden aretoko eta formatu txiki edo ertaineko proposamen artistiko berritzaileen bila" ari dira ekimenaren sustatzaileak, "testua duten kasuetan, euskaraz izango dutenak". Ekimen honen bidez, euskal artista eta konpainiei "profesionalizaziorako bidea erraztu" nahi diete antolatzaileek, "sorkuntzaren beharretara egokituko den laguntza emanez".

Sorkuntza prozesuan laguntza

Zubi egitasmoko kideek, hautatutako antzezlana bere sorkuntza prozesuan "babestu, bultzatu eta laguntzeko konpromisoa" hartzen dute, agerraldian azaldu dutenez. "Laguntza hau globala izango da eta egokitua aukeratua den obrak dituen beharrei".

Laguntza honen baitan, obraren estreinaldia Zubi ekimenaren baitan dauden antzokietako batean egiteko aukera eskaintzen dute. Gainera, obra antzoki horiek guztietan aurkeztu ahal izango dute sortzaileek. Bultzatzaile bakoitzak, antzezlanaren katxeaz gain, sorkuntza prozesuko gastuak ordaintzeko ekarpen ekonomikoa egingo dute.

Horretaz gain, entseguak egiteko aretoak eskainiko dituzte. Bestalde, egonaldi labur bat egiteko aukera eskainiko dute, baita aholkularitza artistikoa, teknikoa eta kudeaketakoa ere, betiere "proiektuaren beraren nolakotasunen arabera".

Proposamenak aurkeztea

Proposamenak aurkezteko zubi.eus orrialdeko formularioa bete eta ehkozubi@gmail.com helbidera bidali beharko dute eskatzaileek.

Proposamenak jasotzeko azken eguna 2019ko abenduaren 13a izango da. Hautatutako antzezlanaren estreinaldia, 2020-21eko neguan izatea aurreikusten dute antolatzaileek.

Zubi ez da ohiko diru-laguntza deialdi bat eta zentzu horretan, bateragarria da bestelako diru-laguntzekin..

 

 

 

* Aurreko edizioetan Zubiren bitartez sortu diren lan guztien informazioa eta gehiago www.zubi.eus atarian.

 

 

 

Harremanetarako:

Iasone: (+34) 615 779 511

ehkozubi@gmail.com