Irakurketara eta literaturara gerturatzeko parada izango da abenduan Zumaian
Zumaiako Udalak irakurketaren aldeko programa berezia prestatu du abendurako, irakurketa praktika erradikala, askatzailea eta herritarren pentsamendu kritikoaren iturri gisa aldarrikatuz. Egitarauaren barruan, irakurraldiak, aurkezpenak eta haurrentzako kontaketa saioak eskainiko dira.
Zumaiako Udalak Irakurtzen duten zumaiarrak arriskutsuak dira leloari heldu dio aurten ere abenduko irakurzaletasun egitaraua aurkezteko. Lelo hau Women who read are dangerous (ed. Stefan Bollmann) liburuaren izenburuan oinarrituta dago, eta kartelaren irudiak Vittorio Matteo Corcos margolariaren Sogni (1896) lanari egiten dio erreferentzia. Irakurtzea historian zehar erradikal eta arriskutsutzat jo izan da, eta emakume zein bazterreko askorentzat autonomia eta pentsamendu kritikoa garatzeko tresna izan da. Horregatik, Udalak nabarmendu du irakurketaren sustapena funtsezkoa dela herritar aktibo eta pentsalarien komunitatea sendotzeko.
Azken urteetan bezalaxe, abenduarekin batera martxan jarri da irakurzaletasuna bultzatzeko ekimen sorta:
-
Abenduak 9, asteartea — Irakurri matte: Beste zerbait, Danele Sarriugarte idazlearekin (18:00, Alondegiko Moila gela)
-
Abenduak 10, asteazkena — Irakurketa: Kuntzak eta kerak, Sara Uribe-Etxeberria Atxurra idazlearekin (19:00, Liburutegiko ganbaran)
-
Abenduak 16, asteartea — Liburuaren aurkezpena: Txillardegi hizkuntzalari, Markos Zapiain (18:30, Liburutegiko ganbaran)
-
Abenduak 18, osteguna — Ipuin kontaketa (+4 urte): Familia-albuma, Ana Apika (17:30, Haur liburutegian)
Egitarau berezi hau, ordea, ez da egun puntual baten ingurura mugatzen: Udalak urte osoan zehar lan egiten du irakurzaletasuna indartzeko, liburutegian eskaintza zabal eta eguneratua eskainiz, eta herritarren parte-hartzea sustatzen duten ekimenak bultzatuz. Udalak gogorarazi du liburutegia herritar guztientzat irekita dagoen topagune bizia dela, eta irakurtzera, galdetzera edo jakin-mina asetzeko bertaratzea gonbidatu ditu zumaiarrak. Irakurtzen duten herritarrak pentsatzen duten herritarrak dira; eta pentsatzen duen herriak badaki bere bidea egiten.
Halaber, Irakurri matte irakurle taldean parte hartzera ere gonbidatu dituzte zumaiarrak. Hilero liburu baten bueltan elkartzen dira Uxue Alberdik dinamizatuta.
Albiste erlazionatuak
Kultura
Literatura
Liburutegia
- George Orwellen 'Lur jota Parisen eta Londresen' eleberriarekin hasiko du ikasturtea Irakurri Matte irakurle taldeak 2025/07/23
- Montserrat Roig idazle katalanaren 'Gerezi-denbora' eleberriarekin hasiko du ikasturtea Irakurri Matte irakurle taldeak 2024/07/03
- Liburu aurkezpenak eta ipuin kontaketa, Liburuaren Nazioarteko Egunaren bueltan 2023/04/21



