Euskararen egunerako adierazpena onartu du Zumaiako udalbatzak

2020/11/27

Malen Etxea elkartearen eskariz, etxeko zaintza lanen inguruko adierazpena ere onartu du Zumaiako Udalak, EH Bilduren aldeko bozkekin eta EAJren eta PSE-Eeren abstentzioarekin. Halaber, Zumaiena ikastetxearen eta Udalaren arteko hitzarmenari babesa eman diote udal talde politiko guztiek.

 Azaroko ohiko plenoan bi adierazpen eta hitzarmen bati baiezkoa eman dio udalbatzak. Hasteko, udal talde politiko guztiek aho batez, Euskararen Egunerako adierazpen instituzionalari onartu dute. Euskaraldiaren testuinguruan kokatuko da aurtengo Euskararen Eguna, eta euskararen aurrerapauso behinetan “norberaren eta gizartearen konpromisoak uztartzetik, unean uneko beharrizanei euskaraz erantzuteko erabaki sendotik, eta etorkizunerako bidea euskaraz zolatzeko euskal instituzioek, gizarteak eta gutariko bakoitzak egindakotik” etorri direla nabarmendu dute adierazpenean. Euskararen Egunean argitaratuko dute adierazpen instituzionala

Bestalde, Malen Etxea elkartearen eskariz, zaintza lanen inguruko adierazpena landu dute osoko bilkuran. Eusko Jaurlaritzari, foru-erakundeei eta Udalei konpromiso etiko eta politikoak eskatzen dizkien adierazpena da, eta “zaintza-sistema eraldatzea premiazkoa, aginduzkoa eta saihestezina” dela nabarmentzen du. EAJ abstenitu egin da, zaintzaren gaiari modu sendoan heldu behar zaiola uste duen arren, “adierazpenean zehazten diren neurriak Espainiako Gobernuaren eskumenekoak direlako”. PSE ere abstenitu egin da, uste duelako bertan jasotzen diren eskariak “nahasiak” direla. Edonola ere, nabarmendu du foru-erakundeetan eta Eusko Jaurlaritzan ere badaudela zaintza arloari eragiten dioten eskumenak, eta arlo guztietatik heldu behar zaiola gaiari. Irakurri adierazpen osoa lotura honetan. EH Bilduren aldeko botoekin atera da aurrera adierazpena.

Zumaiena ikastetxearen eta Udalarena arteko hitzarmena ere aztertu dute. Azken urteotan ikastetxearekin zenbait hitzarmen egin diren arren, Udal Gobernuak osoko bilkuraren baieztapenarekin sinatu nahi du hitzarmen berria. Hala, gaia teknikariekin eta Zumaiena ikastetxeko ordezkariekin landu eta gero, Zumaiako Udalak eta Zumaiena ikastetxeak hitzarmena sinatuko dute ikastetxeak dituen lokal eta azpiegiturak erabiltzeko eta herritarren esku utzi ahal izateko. Hitzarmenaren helburua izango da azpiegitura horiek zumaiarrek erabilgarri izatea eta erabilera horrek ikastetxeari sortuko dizkion gastuak neurri batean estaltzea.

Horrez gain, 21. kreditu aldaketa onartu da, EH Bilduren aldeko botoekin, eta EAJ eta PSEren absentzioarekin. Iker Mardaras EAJko zinegotziak kezka agertu du gastu kudeaketagatik: “Covid erosketa partida hirugarren aldiz handitu duzue. Egun bizi dugun egoeran aurreikustea zaila dela onartzen dugu, baina dagoeneko aurreikuspen gehiago eduki daitekeela uste dugu”.

Beste zenbait gai ere landuko dituzte, hala nola: 2021eko taxien tarifak, Joxe Mari Korta industrialdearen Kontserbazio Juntaren Estatutuen 3. artikuluaren garapenaren aldaketa, edota Astilerros Balenciagak sustatutako Zumaiako Kirol Portuaren eremu bateko azterlanari baiezkoa ematea.

Azkenik, udaltzain plaza bat eskaintzeko beharrezko tramitazioari baiezkoa eman diote. Honen arabera, egin beharreko kudeaketa Polizia eta Larrialdietarako Euskal Akademiaren esku uzten du Udalak. Oier Korta EAJko bozeramaileak orain artean erabaki erabaki honen aurrean abstenitu izana kritikatu dio EH Bilduri. 2018an Poliziaren Euskal Legean egondako aldaketaren ondorioz, eta “EH Bildu udaltzaingoa Polizia eta Larrialdietarako Euskal Akademiaren bidez kudeatzen aurka egon arren” Udala hori egitera derrigortuta dagoela azaldu du Asier Arakistain pertsonal arloko zinegotziak. Udal talde politiko guztien aldeko botoekin atera da aurrera erabakia.