Garraio publikoaren aldeko mezua zabaldu dute Zumaian

2019/09/25

Goizean zehar, MUGI txartela tramitatzeko aukera egon da Saregileen Plazan. Eluska Renedo GGLAko zuzendari nagusiak eta Iñaki Ostolaza Zumaiako alkateak garraio publikoaren onurak nabarmendu dituzte.

Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzak antolatuta, Mugipuzkoa ekimena iritsi da gaur Zumaiara. Garraio publiko jasangarriaren eredua zabaltzeko ekimen ibiltaria da Mugipuzkoa, eta Europako Mugikortasunaren Astearen harira antolatu dute. Gaur, asteazkena, Zumaian izan da ekimena, eta GGLAk duen arreta zerbitzuko bulegoa Erribera kalean izan da, herritarrei MUGI txartelaren inguruko informazioa emateko eta txartela egiteko aukera eskainiz.

Eluska Renedo Gipuzkoako Garraio Lurralde Agintaritzako zuzendari nagusiaren hitzetan, “ekimenaren helburua MUGI txartela herritarrengana gehiago hurbiltzea da, hau da, gure mugikortasuna gero eta jasangarriagoa izan behar dela kontzientziatzea. Garraio jasangarria izatea denon betebeharra dela azpimarratzea da gure nahia, horregatik, herritarrengana gerturatu nahi dugu”.

Iñaki Ostolaza alkateak ere "garraio publikoaren aldeko apustua ezinbestekoa” dela nabarmendu du, “herritarren bizitza hobetzeko eta erratzeko, zein autoen gehiegizko erabilera gutxitzeko”. Horretaz gain, “jasangarritasunaren eta ingurumenaren zaintzaren erronkari dagokionean, instituzio desberdinetako ordezkariok elkarlanean” lan egin behar dutela nabarmendu du, “elkarlanean eta eremu guztiei begira”. Zumaia “ondo konektatuta” dagoela uste du Ostolazak, “baina horretan sakontzen jarraitu behar dugu, horretarako elkarlanerako bide posibleak aztertuz”.

Azkenik, MUGI txartelaren Zumaiako datuak eman dituzte. Gaur egun 5.654 txartel daude aktibo; gainontzeko herrietako datuekin alderatuta, “datu oso ona dela” nabarmendu du Renedok. Iaz egindako txartel berriak 486 izan ziren eta urte honetako lehen seihilekoan, berriz, 240 egin dira. 2018an 317.842 bidaia kopuru egin zituzten herritarrek txartelarekin; 2019ko lehen seihilekoan, 125.827.