Gaur arratsaldean aurkeztuko dute 'Mostradore atzean' ikerlana
Zumaiako Udaleko Berdintasun Sailak emandako bekaren emaitza da azterlana, eta merkatari eta ostalarien historia aztertu eta herriari egindako ekarpena ezagutaraztea du helburu. Miren Osa Galdonak eta Maitane Subijanak egin dute lana.
Mostradore atzean, Zumaiako emakume merkatarien eta ostalarien historia azaleratzeko azterlana (1940-2020) aurkeztuko dute gaur arratsaldean Miren Osa Galdonak eta Maitane Subijanak. 18:30ean izango da ekitaldia, Emakumeon* Etxean. Ikerlana osatzeaz gain, erakusketa batean laburtu dute bildutako eduki guztia -Emakumeon* Etxean ikusi ahal izango da egunotan-, eta, gainera, merkatarien bizipenak jasotzen dituen podcast bat prestatu dute.
Ikerlanak bi zutabe ditu. Batetik, Alde zaharrean 1940tik 2020ra bitartean merkataritza eta ostalaritza jardueren zerrenda bat osatu dute. Bigarrenik, testigantzak bildu dituzte. Herriko merkatarien ahotsak eta bizipenak bildu dituzte, eta podcast batean jaso dituzte.
Kontatu gabeko historia kontatzeko
Zumaiako Udalak 6.700 euroko beka eman du 2022an lehen aldiz, Zumaiako emakumeek historian zehar herriari egindako ekarpenak aztertzeko. Lanean, bizitza sozial, ekonomiko, politiko zein kultur mailakoan egindako ekarpenak barnebiltzen zituen deialdiak.
Emakumeen ikuspegi eta ekarpenei balioa ematen ez dien kontakizuna izan da gure herriaren historia eraikitzeko ardatz. Gizonak izan dira objektu bakar, eta horrek, bazterrean geratzen diren errealitateak aintzat hartzen ez dituen kontakizun bat eman digu. Ez dira emakumeen errelatuak jaso izan eta ondorioz, emakumeen ikusgarritasun sozialean defizit nabarmena izan dugu.
Euskal Herriaren eta Zumaiaren historia berreskuratu eta berridazteko saiakeran, berebiziko garrantzia izan dute azken hamarkadetan ikertzaile eta historialari feministek eginiko ekarpenek. Horietan, emakumeen bizimodua, lana, erresistentzia, komunitate harremanak, nortasuna, mundu ikuskera, etab. ezagutzeko lehen pausoak eman dituzte. Zumaiako Udalak, ikerketa baliatuz, emakumeen ekarpena zer nolakoa izan den jasotzen hasi nahi du, kontatu gabeko historia argitara eman, eta emakumeei zor zaien aitortza egin ahal izateko.
Albiste erlazionatuak
Berdintasuna
- 'Hirigintza inklusiboa, denontzako herria eraikitzeko tresna' hitzaldia eskainiko dute bihar arratsaldean Emakumeon* Etxean 2024/10/29
- Zumaiako Udalak Iruñeko erailketa matxista salatzera deitzen ditu herritarrak 2024/10/10
- Prest dago plazerari buruzko ihes-gela 2024/09/26
- Zumaiako Udalak azken erailketa matxista salatzera deitzen ditu herritarrak 2024/09/12
Feminismoa
- Emakumeon* Etxeak sendo hasiko du ikasturte berria; hamabost jabetze eskola, bederatzi elkargune eta ekitaldi askorekin 2024/09/10
- Gizontasunaren inguruko hausnarketa tailerrak izango dira urritik abendura bitartean 2024/08/29
- Udal adierazpena, LGTBI+ Harrotasunaren Nazioarteko Egunean 2024/06/28
- LGTBIfobiaren aurkako eta sexu askatasunaren aldeko mezua agertu du Hezkidetza Foroak 2024/05/17