Gaur zabalduko ditu ateak Aita Mari aretoak, teloi berriarekin jantzita
Udalak gortina berriak jarri ditu Aita Mariko estenatokian, azken bi urteotan egindako hobetze lanei jarraipena emateko. Asteburu honetan bi film ikusi ahal izango dira bertan: 'Barbie' eta 'Superheroi familia'.
Aita Mari zinema aretoa itxita egon da azken bi asteotan, eta gaur zabalduko ditu ateak berriro. Udako atsedenaldian suaren aurkako ezaugarriak dituzten gortina berriak jarri ditu Udalak, azken bi urteotan egindako hobetze lanei jarraipena emateko.
Asteburu honetan zehar Greta Gerwig zuzendariaren Barbie filma ikusteko aukera izango da bertan, eta igandean Superheroien familia filma ikusi ahal izango dute herriko haurrek. Emanaldi horietarako sarrerak salgai daude dagoeneko, sarrerakzumaia.eus webgunean.
Halaber, Udaleko Kultur Sailak eta Aita Mari aretoko zine programazio arduradunek jakitera eman dutenez, datozen asteotan emango dute Aita Mari antzokiko udazkeneko eskaintza osoaren berri.
Hobetze lanei jarraipena
Aita Mari antzokia Zumaiako kultur eskaintzaren eta askotariko ekitaldien bilgunea da. Gune erreferentziala izanik, eraikinaren eta azpiegituraren egoera hobetzeko lanak egin ditu azken urteotan Udalak, herritarrei zerbitzu hobea emateko.
2021eko irailean eraikinaren egoera hobetzeko zenbait lan egin zituen Udalak. Orduan, instalazio elektrikoa, suteen aurkako instalazioa, eta eraikinaren ebakuazio-plana hobetzeko lanak egin zituen, bigarren sarrera bat eta aretoan ate berri bat jartzeaz gain. 48.400 euro erabili zituen lan horiek egiteko. Gainera, hilabete batzuek lehenago brigadako langileek larrialdietako argiak aldatu zituzten, energia efizientzia hobetzeko.
Gerora, 2022ko udaran zehar, besaulki guztiak berritu zituen, aretoko lur guztia aldatzearekin batera. Bestelako hobetze lanak ere egin zituzten aldi horretan, eta guztira 100.000 euro erabili ziren.
Udako atsedenaldi tartean suaren aurkako ezaugarria duen teloi berria jarri da orain, eta, aurrerantzean ere eraikinaren egoera hobetzen jarraitzeko asmoa agertu du Udal Gobernuak.