Gizarte zerbitzuak eta dirulaguntzak 'blindatu', eta 'orain arteko bidetik' segi nahi du Udal Gobernuak 2021eko aurrekontuekin
Diru-bilketan 686.649 euroko jaitsiera izango du Zumaiako Udalak, baina aurrekontua iazkoa baino handiagoa izango da, 15 milioi eurokoa. Hirigintza arloan urjentziaz egin beharreko zenbait lan egitea, eta maileguen bidez “Zumaiarentzat estrategikoak” diren proiektuak gauzatzen jarraitzea proposatuko du Udal Gobernuak.
2021eko aurrekontu proposamena aurkeztu dute gaur Iñaki Ostolaza alkateak, Arantxa Gajate Ogasun zinegotziak eta Maider Alberdi Berdintasun eta Parte Hartze zinegotziak. 15 milioi euroko aurrekontua izango du Zumaiako Udalak, eta Gizarte zerbitzuak eta dirulaguntzak mantentzea, eta 2020ko aurrekontuekin hasitako “norabide aldaketarekin” jarraitzea izango dira Udal Gobernuaren lehentasunak. Dagoeneko oposizioko udal taldeekin aurrekontuak lantzeko prozesua abiatu dute, eta helburua abenduaren 17ko plenoan onartzea izanago da.
Gizarte Zerbitzuak eta dirulaguntzak "blindatu” nahi ditu Udal Gobernuak, eta Ostolazak adierazi duenez, behar beste handituko dituzte behar sozialei aurre egiteko diru-partidak. Edonola ere, 2020ko aurrekontuekin egindako “norabide aldaketarekin” jarraituko dutela nabarmendu dute. “Iazko aurrekontuetan igoerak egin genituen Gizarte Zerbitzuetan, alokairurako laguntzetan, berdintasun arloan eta kulturan, eta irizpide horiek mantentzeko apustua egin dugu”, azaldu du Maider Alberdi zinegotziak.
Zentzu berean, herriko eragile eta mugimenduei ematen zaizkien dirulaguntzetan ere ez da jaitsierarik egingo. Gainera, merkataritza elkarteari emandako dirulaguntza nabarmen handituko da; 60.000 euroko laguntza bideratuko dute herriko merkataritza eta ostalaritza sustatzeko, eta besteak beste, online plataforma bat sortzeko helburuarekin.
Alkatearen arabera “zenbait azpiegitura eta proiektu handi atzeratu egin beharko dira oraingoz”, baina horien aurre-lanketan murgilduko dira, herritarrekin batera proiektu horien inguruko hausnarketak eginez eta hirigintza-azterlanen bidez (115.000 euro). Edonola ere, urjentziaz egin beharreko zenbait lan egingo dituzte: Oikiako saneamendu lanak (93.000 euro), bide publikoak eta auzo bideak hobetzea eta seinalizazioa (98.000 euro), Brankako eta larrialdietako etxebizitzak egokitzea (34.000 euro) zein haur parkeetan inbertsioak (12.500 euro), besteak beste. Halaber, Hiri Antolamendurako Plan Orokorra osatzen jarraituko du Udalak, eta horretara 96.667 euro bideratuko ditu.
Halaber, Zumaiarentzat estrategikoak diren zenbait proiektu mailegu bidez finantzatzea aurreikusten dute: 250.000 euro zuntz optikoaren sare neutroa finantzatzen laguntzeko, eta beste 588.398 euro LED argiteriaren 2. fasea gauzatzeko –1.176.795 euroko aurrekontua du proiektuak, eta dirulaguntza bat jasotzearen araberakoa izango da inbertsioa–.
Era berean, iaz abiatutako publifikazioaren aldeko apustuan sakonduko dutela nabarmendu dute. Udal Gobernuaren helburua da "ahalik eta zerbitzu gehien eremu publikoan" kokatzea, herritarrei eskaintzen zaizkien zerbitzuak hobetzeko eta azpikontratazioa murrizteko. Iaz administrari berri bat kontratatu eta gero, Idazkaritza saila indartuko da aurten eta, besteak beste, etxebizitza bulegoa sortuko dute bertan. Era berean, udal brigadara gehituko den ofizial-igeltseroarekin Zumaiako mantenu-lanak indartuko dituztela azaldu du Ostalazak.
15 milioi euroko aurrekontua
Zumaiako Udalaren aurrekontu propioa 15.008.331 eurokoa izango da, eta Kirol Patronatuarena 1.204.580 eurokoa. Horrela, osotara, 16.212.911 euroko aurrekontu-proiektua aurkezten du Udal Gobernu Taldeak.
Udalaren aurrekontu propioari dagokionez -Kirol Patronaturena kontutan hartu gabe- 2020koa baino %8,67 handiagoa izango da (1.197.290 euro gehiago). Dena den, Arantxa Gajate Ogasun zinegotziak azaldu duenez, “igoera horrek bere horretan, azalpenik gabe, ez digu aurrekontuen argazki osoa eskaintzen”. Izan ere, Covid-19ak sortutako pandemia dela-eta, Udalaren diru-sarreretan zein gastuetan aldaketak izango dira.
Diru-bilketari dagokionez, Udalak 686.649 euro gutxiago jasotzea aurreikusten dute. Kopuru horren galera handiena Udala finantzatzeko Foru Funtsetik dator, 2021ean 543.397 euro gutxiago jasoko baititu Zumaiako Udalak Gipuzkoako Foru Funtsetik. Halaber, udal tasa eta zergak izoztu izanagatik, zerga-bilketan ere jaitsiera izango da 143.252 euro ingurukoa -herritarrak ez estutzeko helburuarekin onartu zuen udalbatzak ahobatez zerga eta tasak izoztea-.
Halaber, Udalak Kirol Patronatuari egiten dion ekarpena handitu egin beharko da, diru-sarreretan 234.000 euro gutxiago jasotzea aurreikusten baita (kuoten prezioa baxuagoa izateagatik, besteak beste). Edonola ere, Kirol Patronatuaren aurrekontu osoa jaitsi egingo da, inbertsioak minimoak izango direlako. Klubei ematen zaizkien dirulaguntzak bere horretan mantenduko dituzte.
Gainera, oro har Covid-19 krisi sanitarioaren eragina nabarmena izango da hainbat udal zerbitzuren jardunean: garbiketa zerbitzua nabarmen indartu behar izan da, adibidez. Horrek ohiko gastuen igoera bat ekarri du.
Hori horrela izanik, inbertsio maila mantentzeko ahalegina egin nahi du Udal Gobernuak, eta horretarako txertatu ditu maileguak aurrekontu proposamenean. Maileguekin proiektu estrategikoak etetea saihestu nahi dute. Gajatek nabarmendu duenez, inbertsioak egiteko erabiliko dituzte maileguak, eta ez Udalaren gastu arruntari aurre egiteko. Udalaren zorpetze maila %22an jarriko dute mailegu horiek, “legez ezartzen den %70eko mugatik urrun”. Gainera, Udalaren jabetzako bi lursailen salmentarekin diru-sarrerak handitzea aurreikusten dute.
Azkenik, Zumaiako Udalaren egoera ekonomikoa egonkorra dela nabarmendu du Gajatek. Aurrekontuak osatzeko kontutan hartu dituzten irizpide nagusiak honakoak izan dira: “arlo ekonomikoaren ikuspegitik orekatuak izatea, zuhurtasun printzipioa oinarrituak eta egingarriak izatea”.
Aurrekontuen onarpen prozesua
Aurrekontuak teknikariekin batera landu eta gero, azaroko lehen astean aurrekontu-proiektua oposizioko taldeei helarazi zien Udal Gobernuak, eta datozen asteetan Batzorde bakoitzean landuko dituzte aurrekontuak. Arantxa Gajate Ogasun zinegotziak azaldu duenez, Gobernu Taldeak abenduaren 17an onartu nahi ditu aurrekontuak, “urte hasierarako indarrean egon daitezen”.
“Pozik” daude ordenantza fiskalak aho batez onartu izanaz, eta aurrekontuei begira ere “elkarlanerako borondatea” dutela azaldu dute.
Albiste erlazionatuak
Aurrekontuak
- 2024rako aurrekontuak aztertuko dituzte asteazkeneko ezohiko osoko bilkuran 2023/11/28
- 24,8 milioi euroko aurrekontu proposamena, 'herritarren eguneroko beharrei erantzuten jarraitzeko eta etorkizuneko erronkei eusteko' 2023/11/20
- Asteazken honetan izango da Partaidetzazko Aurrekontuen prozesuko bigarren leheneste saioa 2022/05/30
- Partaidetzazko Aurrekontuetarako proposamenak egiteko azken egunak 2022/03/29
Zumaia bizitzeko da
- Zumaiako gazteen partehartze zabala 'Arnasetik' bideosormen lehiaketan 2024/11/19
- Igor Mercado, Angel Gallo eta Iñigo Erkiaga izan dira 37. Julene Azpeitia ipuin lehiaketako saridunak 2024/11/18
- LGTBI+ komunitatearen genealogiez eta orainaz arituko dira Laura Iparragirre eta Ismael Manterola hilaren 22an 2024/11/14
- Itzurunbidea eta Larretxo auzunea lotuko dituen igogailua egiteko lizitazio prozesua martxan 2024/11/13