24,8 milioi euroko aurrekontu proposamena, 'herritarren eguneroko beharrei erantzuten jarraitzeko eta etorkizuneko erronkei eusteko'
Irisgarritasuna hobetzeko zenbait lan egingo dituzte 2024an (Itzurunbideko igogailua, besteak beste), baita kultur, kirol eta hezkuntza azpiegituretan hobekuntzak ere. Horiekin batera, etorkizuneko bi erronka potolori erantzuteko lanari ekingo diote: adinekoen egoera eta beharrak identifikatzeko diagnostikoa egingo dute, eta Mugikortasun Planaren idatzi, hurrengo urtetarako ekintzak zehazteko.
Iñaki Ostoloza alkateak, Unai Larrañaga ogasun zinegotziak eta Argi Yeregi hirigintza zinegotziak 2024. urterako aurrekontu proposamena aurkeztu dute gaur arratsaldean. 24.8 milioi eurokoa da proposamena, eta, alkatearen esanetan, Udal Gobernuaren helburu nagusiak dira herritarren eguneroko beharrei erantzuten jarraitzea, eta etorkizuneko erronkei begira lanean jarraitzea.
7.6 milioi euro erabiliko dituzte inbertsioetarako. Hala ere, Unai Larrañaga ogasun zinegotziak azpimarratu duenez, benetako balioa Zumaiak egunero eskaintzen dituen zerbitzu eta aukeretan dago, “zerbitzu publiko sendoak edukitzean, eta herritarren eguneroko beharrei modu duin eta sendoan erantzutean”. Halaber, nabarmendu du egingo dituzten inbertsio guztiek herritarrei beharrei erantzungo dietela zuzenean. Horiekin batera, etorkizuneko erronkei aurre egiteko neurriak ere hartuko dituztela azaldu du, hala nola, adinekoen egoeraren diagnostikoa egitea, edota Mugikortasun Plana idatzi eta garatzen hastea. Gainera, irisgarritasunean hobekuntza lanak egiten jarraituko dute, guztira 520.000 euroko inbertsioarekin (bide publikoetan hobekuntzak, kalean komunak berritzea, auzo-bideen egoera hobetzea, Itzurunbidean igogailua egitea...).Ikuspegi horrek guztiak EH Bilduren Udal Gobernuaren eredu bereizgarria islatzen duela nabarmendu du, komunitatearen eguneroko bizitza hobetzeko ahaleginean.
Azaroaren 29rako programatutako osoko bilkuran aurkeztuko den aurrekontu-proposamena funtsezko hiru zutabetan egituratzen dela azaldu du Iñaki Ostolazak, "komunitatearen ongizatea bultzatu eta udal-azpiegitura eta zerbitzuen indartzea helburu duen ikuspegi estrategiko batekin":
1. Eguneroko Zumaia: zerbitzuak, ikastaroak, kultura, kirola...
Aurrekontu proposamenaren lehen zutabea Zumaiako zerbitzu orokorrak ordaintzeko erabiliko da. Honen barruan daude Udalak egunerokoan eskaintzen dituen zerbitzuak: ikastaroak, kultur eskaintza, kirol jarduerak... Argi Yeregi zinegotziaren esanetan Udalak konpromisoa du Zumaia leku bizia eta dinamikoa izaten jarraitzeko zerbitzuak mantendu eta hobetzeko. Festetako diru-partidetan igoerak egingo dituzte, adibidez, eta sormenerako dirulaguntzetan egindako igoera mantenduko dute. Kirol eta kultur programazioa ere sendo mantenduko dute.
2. Zumaia hobetzen jarraitzeko inbertsioak
Bigarren zutabea, 7.6 milioi eurokokoa, epe luzerako hazkunderako funtsezko inbertsioetan zentratzen da. Argi Yeregi hirigintzako zinegotziak aurkeztu ditu egingo dituzten lanen zerrenda. Honakoak dira, besteak beste:
- Komentuaren eraberritzearekin jarraitzea (lorategia barne): 3.350.000 euro
- Marianton parkea egitea: 680.000 euro (datorren urterako 100.000 euroko konpromisozko kreditua ere txertatu dute aurrekontuetan)
- Aita Mari eskolako lehenengo solairuaren eraberritzea: 620.000 euro
- San Jose auzoan igogailuak egiteko urbanizazio lanak egitea: 520.000 euro
- Itzurunbideko igogailua egitea: 350.000 euro
- Bide publikoetan hobekuntzak egitea: 100.000 euro
- Ur horniduraren azpiegiturak hobetzea: 120.000 euro
- Estazioko ur hornidurako sare nagusia aldatzea: 228.281 euro
- Moilaberriko obra zuzendaritzaren idazketa: 100.000 euro
- Pump trucka eta skate parke berria egitea: 90.000 euro
Horiez gain, beste zenbait inbertsio ere egingo dituzte: 135.000 euro erabiliko dituzte hirigintza azterlanak egiteko, 50.000 euro Mugikortasun Plana idazteko, eta beste 64.800 euro Hiri Antolamendurako Plan Orokorraren idazketa amaitu eta martxan jartzeko.
Kirol arloan egingo dituzten inbertsioetan ere egin du azpimarra Iñaki Ostolaza alkateak. Kiroldegia eraberritzeko proiektua eta obra zuzendaritza idazteaz gain (250.500 euro erabiliko dira horretarako), askotariko hobekuntzak egingo dira kirol instalazioetan: futbol zelaian argiteria eta markagailua berrituko dira (93.000 euro); kiroldegian makinaria berrituko da (18.100 euro) eta eskubaloi zelaian markagailu berria jarri (11.000 euro); itsas kiroldegirako grua berria erosi eta jarriko da (32.000 euro), eta bestelako hobekuntza lanak egingo dira (14.000 euro); eta, azkenik, Aitzuri pilotalekuko argiak berrituko dira (48.400 euro). Gainera, talde federatuei laguntza ematen jarraituko du Udalak, eta bestelako kirol jarduerak diruz laguntzen jarraituko du (kirol probak edota kirolarekin lotutako hitzaldiak, hala nola).
3. Zumaia bizigarria: gizarte babesa, tokiko ekonomia eta parekidetasuna
Hirugarren zutabea gizarte-arloan oinarritzen da, eta hemen kokatzen dituzte: egoera zaurgarrienean dauden herritarrei laguntzak ematea, tokiko merkataritzari laguntzea, ekonomia soziala sustatzea, euskara indartzeko politikak, berdintasunaren sustapena eta alokairurako dirulaguntzak ematen jarraitzea, beste askoren artean. Ikuspegi horrek "Udalak komunitatearen ongizatearekin eta parekidetasuna sustatzearekin duen konpromisoa" islatzen duela esan du Argi Yeregik.
Gainera, hurrengo urteetan dituzten erronken lehen harria jarriko dutela azaldu du. Mugikortasun Plana idazteko partida sortu dute, Zumaian oinezkoei eta bizikletei lehentasuna emateko, eta mugikortasun eredua gaur egungo beharrei begira jartzeko. Gainera, adinekoen egoeraren diagnostikoa egingo dute, aurrera begirako ekintza planak zehazteko oinarriak jartzeko.
Berdintasunaren arloan ere lanean jarraituko dute: Emakumeon* Etxearekin hitzarmena mantenduko dute, jabetze eskolak indartuko dira, eta udaleko kide guztiei genero prestakuntza jasotzen jarraituko dute. Halaber, eta parekidetasunera bidean urrats garrantzitsu bat eman dadin, berdintasun ordenantza idazteari ekingo dio Udalak.
Egoera ekonomiko “sendo eta egonkorra”
Aurrekontu proposamena aurkeztearekin batera, Zumaiako Udalaren egoera ekonomikoa sendoa dela nabarmendu du Unai Larrañaga ogasun zinegotziak. Aurreikuspenen arabera, 8.9 milioi euroko diru-sarrera izango du Foru Funtsetik (%8.52ko igoera aurreko urtearekin alderatuta); gainera, onartu berri diren udal ordenantza fiskalak direla-eta, Zumaiako Udalak goranzko joera izango du diru-bilketan (%3.32 gehiago zerga zuzenetan eta %7,11 gehiago tasetan). Era berean aurrekontuen sarreren atalarekin zuhur jokatzen ari direla nabarmendu du, eta, honakoari azken urteotako kudeaketa sendo eta eraginkorra gehituta, Zumaiako Udalaren egoera ona dela azaldu du.
Haren esanetan, 6.8 milioi euroko defizita aurreikusten bada ere, Udalak espero du ez duela baliatu beharko, egungo egoera ekonomikoa kontuan hartuta. Gainera, 700.000 euroko aurrezki garbia edukitzea aurreikusten da, eta horrek udal-baliabideen kudeaketaren eraginkortasuna agerian uzten duela zehaztu du.
Larrañagaren esanetan, ogasun arloan duten erronka nagusiena herritar guztien aurrezkiak ahalik eta modu eraginkorrenean erabiltzea da, eta azaldu du, egun bizi dugun egoera ekonomikoan hori “ez dela erronka makala”. Izan ere, azken urteotako KPIak (azken hiru urtetako metaketa kontutan hartuta %10etik gorakoa) eta udalak kontratatzen dituen zerbitzuen garestitzeak aurrekontuetako bigarren kapituluaren (gastu orokorren) igoera nabarmena ekarri du. Askotan “normaltasunaren barruan” kokatzen ditugun zerbitzuak dira bertan daudenak, baina guzti horiek balioan jarri beharrekoak dira Larrañagaren arabera, “zumaiarron eguneroko bizitza hobetzen duten zerbitzuak izanik, izan kultura arloan eskaintzen den programazioa, kirol arloko eskaintza edota gizarte zerbitzuek eskaintzen dituzten zerbitzu guztiak”.
Azken gai horrekin lotuta aipamen bat egin du ogasun zinegotziak: Udalak, askotan, zerbitzuak ematen dituzten enpresa pribatuen interesekin talka egiten du, askotan merkatutik kanpoko prezio igoerak egiten dituztelako haien indar egoera baliatuz. Horiek horrela, azken urteotako bidean sakontzen jarraituko dutela nabarmendu du: behar-beharrezkoak diren zerbitzuak udalarenak eginez (publifikatuz), eta, hori posible ez denean, bestelako enpresa eredu batzuen bilaketa zein sorrera sustatuz.
Albiste erlazionatuak
Aurrekontuak
Ogasuna
- 19,8 milioi euroko aurrekontua izango du Zumaiako Udalak 2025ean, 'orain arteko bidean sakontzeko' 2024/12/04
- Udalbatzak 2025erako aurrekontuak eztabaidatuko ditu osteguneko osoko bilkuran 2024/11/26
- Abenduaren 1etik 31ra bitartean eskatu beharko dira udal tasa eta zergetan aurreikusitako hobariak 2024/11/22
- 19,7 milioiko aurrekontu proposamena 2025erako, 'gizarte zerbitzuak, berdintasuna, irisgarritasuna eta inbertsio estrategikoak oinarri' 2024/11/20
Zumaia bizitzeko da
- Beatrice Salvioniren 'Barrengaizto' nobelarekin hasiko du neguko denboraldia Irakurri matte irakurle taldeak 2024/12/23
- Zumaiako Hiri Antolamenduko Plan Orokorrari (HAPO) hasierako onarpena eman dio udalbatzak 2024/12/23
- Haur eta nerabeei zuzendutako txangoak eta ekintzak antolatu dituzte neguko opor hauetan ere 2024/12/13
- Herriko ekosistemei buruzko egutegia landu du Euskara Zerbitzuak 2024/12/12