Irailaren 21ean hasiko da martxan 'Atozte', desgaitasuna duten herritarrei zuzendutako asteburuetako aisialdi zerbitzua
Aurtengo erronka taldearen ahalduntzea izango da, eta, elkarrekin diseinatuko dute azarotik aurrerako programazioa. Parte hartu nahi dutenek 943 86 22 00 telefonora deitu beharko dute, gizarte langilearekin zita hartzeko; gainera, irailaren 18an (asteazkena) informazio saioa egingo dute, 16:00etan Brankan.
Atozte zerbitzuak irailaren 21ean hasiko du ikasturte berria. Aurten, gainera, helburu eta erronka argi batekin: pertsonak ardatz hartuta eta norbere beharretatik abiatuta, taldea ahalduntzea. Horretara zuzendutako ekintzak egingo dituzte, eta, besteak beste, azarotik aurrerako egitaraua partaideek elkarrekin adostuko dute.
Astero jarduera bat antolatzen da Atozte programaren barruan. Normalean larunbat arratsaldetan izaten dira saioak, eta, Hezkide Eskolako hezitzaileen laguntzarekin, aisialdia beste modu batean bizitzeko aukera ematen zaie desgaitasuna duten herritarrei.
Programa honen bidez, desgaitasunen bat duten herritar gazte eta helduen aisialdiko eta denbora libreko ekintzen dinamizazioa, laguntza eta jarraipen zerbitzua eskaintzen da. Gainera, ekimen honen bidez pertsona desberdinen arteko harremanak indartu eta hobetu nahi dira.
Nori zuzenduta dago?
18 urtetik gora dituzten eta desgaitasuna duten zumaiarrei zuzendutako zerbitzua da Atozte; edonola ere, zerbitzuaren ateak zabalik daude haien senitartekoentzat zein gainontzeko zumaiarrentzat ere. Programan parte hartzeko lehentasuna 18 urtetik gorako herritarrek duten arren, gazteagoek ere parte hartu dezakete.
Era berean, herriko elkarte, talde edota eragileei parte hartzeko gonbita luzatzen zaie, desgaitasuna duten herritarrei zuzendutako ekintza berriak diseinatu eta sustatzeko, edota ekintzak antolatzerako orduan pertsona guzti-guztien beharrak aintzat hartu ditzaten. Edonolako ekarpenak egiteko prest dauden elkarte edo herritarrek Gizarte Zerbitzuetara deitu dezakete (943 86 22 00).
Izen-ematea eta informazio saioa:
Parte hartu nahi dutenek 943 86 22 00 telefonora deitu beharko dute, gizarte langilearekin txanda hartzeko; gainera, irailaren 18an (asteazkena) informazio saioa egingo dute, 16:00etan Brankan.
Ekintzak:
Saio guztiak larunbatetan izaten dira, 16:30etatik 19:30era bitartean.
- IRAILAK 21: Ongi etorri saioa. Ikasturteko plangintza egiteko ideiak landuko dituzte saio honetan, eta, beranduago pintxo-potea egingo dute, Zumaiako triatloiaren giroa aprobetxatuta.
- IRAILAK 28: Artadiko samieletara irteera.
- URRIAK 5: Argazkilaritza tailerra eta pintxo-potea. Mugikorrekin argazkiak nola atera ikasteko tailer praktikoa jasoko dute aurrena, eta pintxo-potera joango dira gero.
- URRIAK 12: Argazki lehiaketa eta pintxo-potea. "Zumaia nire ikuspegitik" gaitzat hartuta, mugikorrarekin ateratako argazki lehiaketa egingo dute; ondoren, pintxo-potea.
- URRIAK 19: Sari-banaketa eta pintxo-potea. Aurreko saioan ateratako argazkiak elkarrekin ikusiko dituzte. Ondoren, pintxo-potea.
- URRIAK 26: Kamisetak margotzeko tailerra eta pintxo-potea.
Albiste erlazionatuak
Gizarte Zerbitzuak
- 19,8 milioi euroko aurrekontua izango du Zumaiako Udalak 2025ean, 'orain arteko bidean sakontzeko' 2024/12/04
- 25 indarkeria matxista kasuren berri izan du Zumaiako Udalak 2024an 2024/11/22
- 19,7 milioiko aurrekontu proposamena 2025erako, 'gizarte zerbitzuak, berdintasuna, irisgarritasuna eta inbertsio estrategikoak oinarri' 2024/11/20
- Oroimena lantzeko tailerra, 'Tipi tapa' programa eta Itsasargia zerbitzua; Zumaiako adinekoen bizi-kalitatea hobetzeko 2024/09/13
Zumaia bizitzeko da
- Beatrice Salvioniren 'Barrengaizto' nobelarekin hasiko du neguko denboraldia Irakurri matte irakurle taldeak 2024/12/23
- Zumaiako Hiri Antolamenduko Plan Orokorrari (HAPO) hasierako onarpena eman dio udalbatzak 2024/12/23
- Haur eta nerabeei zuzendutako txangoak eta ekintzak antolatu dituzte neguko opor hauetan ere 2024/12/13
- Herriko ekosistemei buruzko egutegia landu du Euskara Zerbitzuak 2024/12/12