Etxebizitza politikan pauso sendo bat: tentsiopeko eremua izango da aurki Zumaia
Izendapen horrek, besteak beste, hainbat kasutan alokairuen prezioei muga jarri ahal izatea ahalbidetuko du, etxebizitza eskuragarriagoa izan dadin. Diagnostikoa egitearen batera, hiru urteko ekintza plana zehaztu du Udalak, Eusko Jaurlaritzarekin batera.
Agerraldia egin dute gaur eguerdian Iñaki Ostolaza Zumaiako alkateak eta Denis Itxaso Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailburuak. Zumaia tentsiopeko eremu izendatzeko prozesuaren inguruko nondik norakoak azaldu dituzte udaletxeko pleno aretoan, izendapen honen eragina azaltzearekin batera. Jendaurreko agerraldia alegaziorik gabe gaindituta, eta Eusko Jaurlaritzak Zumaiako Udalak osatutako hiru urteko ekintza-plana onartu ondoren, gutxi falta zaio Zumaiari tentsiopeko eremu izateko. Aurreikuspenen arabera apirilean sartuko da indarrean.
Iñaki Ostolaza Zumaiako alkateak adierazi du izendapen hau urrats garrantzitsua dela alokairuan bizi direnei edo biziko direnei segurtasuna emateko. "Zumaia gune tentsionatu izendatzea ezinbestekoa da alokairuaren prezioen igoera geldiarazteko. Premiazkoa da lehenbailehen indarrean jartzea, prezioen muga ezarriz, eta herritarrek izendapenaren onurak jasotzeko mekanismo argiak definituz”, adierazi du alkateak. Edonola ere, haren esanetan "neurri hau ez da etxebizitzaren arazoaren behin betiko konponbidea: merkatuaren erregulazio eraginkorra eta espekulazioaren aurkako benetako konpromisoa behar ditugu. Ezinbestekoa da Etxebizitza Legea irmo aplikatzea, prezioak mugatzea, parke publikoa indartzea eta hutsik dauden etxebizitzak mobilizatzea".
Zumaiako Udalak azken urteotan egindako lana ere nabarmendu nahi izan du: "Udalean neurri ausartak hartzen ari gara: etxebizitza turistikoak arautu ditugu, etxebizitza publikoak bultzatzen ari gara eta hutsik dauden etxebizitzei kanona aplikatuko diegu, besteak beste". Lan hori guztia Etxebizitza Plana jarraituz eta Etxebizitza Bulegoaren barruan koordinatuta egiten ari da. Edonola ere, gaineratu du ahalegin hori "egiturazko eta errotiko etxebizitza-politika publiko batekin bakarrik" izango dela eraginkorra. "Ezin dugu onartu merkatuak erabakitzea nor bizi daitekeen Zumaian. Jarduteko gaitasun handiena duten administrazioek ardura hartu behar dute, eta, pertsona guztientzat etxebizitza eskubidea bermatu, politika ausarten bidez", zehaztu du. Bide horretan ekiteko prest dauden goragoko instituzioekin bidelagun aritzeko borondatea ere agertu du.
Bere aldetik, Denis Itxaso sailburuak Zumaiako Udalaren lana goraipatu du: "udalek beren udalerrietako etxebizitzen eskasia eta garestitasuna zorroztasunez eta hurbiltasunetik aztertzeko egindako ahalegina handia izan da". Itxasoren esanetan "ekintza-plana azken hilabeteetan egindako elkarlanaren emaitza da". Era berean, "figura honek Euskal Autonomia Erkidegoan sortzen duen eta EAJ, EH Bildu eta PSE-EEko alkateak tramitatzen ari diren akordio maila altua" nabarmendu du.
Sailburuak, gainera, keinua egin dio Zumaia bizitzeko da leloari, adieraziz, "Zumaia ez ezik, Zumaiako etxebizitzak ere bizitzeko" direla. Horiek horrela, gaineratu du etxebizitza hutsak mobilizatzeko tresna eraginkorrak ditugula eskura: Ondasun Higiezinen gaineko Zerga, edota etxebizitza hutsen gaineko kanona. Bi aldeek nabarmendu elkarlanerako beharra eta borondatea agertu dute.
Zumaia tentsiopeko eremu izendatzearen ondorioak
Zumaia eremu tentsionatu izendatzeak ondorio zuzenak ekarriko ditu maizterrentzat, hala nola:
- Kontratua hiru urtez luzatzeko aukera emango du, indarrean dagoen kontratuaren baldintza berberetan.
- Kontratu berriak ezingo du gainditu azken kontratuaren errenta. Salbuespen gisa, errentak soilik %10 igo daitezke hamar urtetik gorako alokairuetan, edo etxearen eraberritzearekin, energia eraginkortasunarekin edo irisgarritasunarekin lotutako hobekuntzak egiten badira.
- Azken bost urteetan alokatuta egon ez diren etxebizitzak alokatzeko prezioa mugatu egingo da. Gehienezko muga erreferentziako prezioen indizeen sistemaren arabera zehaztuko da.
- Alokatuko den etxearen jabea jabe handia bada —bost etxebizitza edo gehiago baditu—, prezioari aplika dakiokeen gehienezko muga ere erreferentziako prezioen indizeen sistemaren arabera zehaztuko da.
Gaurko agerraldiaren aurretik aldebiko bilera egin dute Zumaiako Udalak eta Etxebizitza Sailak, izendapenaren ondorioak bermatzeko ezarri beharreko mekanismo konkretuak zehazteko.
Hiru urteko ekintza plana ardatz eraldatzaile gisa
Gune tentsionatu izendatzeak azterketa zorrotz bati erantzuten dio; azterketa horrek erakutsi du etxebizitzen eskaria neurriz kanpokoa dela eskuragarri dagoen eskaintzarekin alderatuta, eta horrek merkatua garestitzea ekarri du. Izendapen hori indarrean sartuta, funtsezko elementuetako bat Zumaiako Udalak aurkeztutako hiru urterako Ekintza Plana izan da. Plan hori osatzeko Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailaren laguntza izan du Udalak, eta ekintza konkretuak jasotzen ditu.
Denis Itxasok gaurko agerraldian adierazi duenez Eusko Jaurlaritzak prozesu hori lagundu eta babestuko du neurri zehatz eta gauzagarriekin. Hona hemen neurri horietako batzuk:
- Alokairuko etxebizitza babestuen kopurua handitzea, etxebizitza horien % 50, gutxienez, 36 urtetik beherako gazteentzat izateko konpromisoarekin. Hitzarmenek udal-lurzoruaren doako lagapena eta hobari fiskalak barne hartu behar dituzte.
- Hutsik dauden etxebizitzak mobilizatzea pizgarrien eta Bizigune bezalako programen bidez, eta etxebizitza hutsen kanona aplikatzea. Gaur egun, udal etxebizitza erroldaren arabera, inor erroldatu gabeko 654 etxebizitza daude Zumaian. Dena den, etxebizitza hutsen dekretuaren arabera, horietatik 400 etxebizitza inguru dira huts moduan kalifikatu daitezkeenak; horietatik 4 Bizigune programan daude eta bi bertan sartzeko prozesuan. Ildo horretan, Eusko Jaurlaritzak udalei arlo guztietan jarduteko eskatzen die, baita eraikitako hirian ere, hutsik dauden etxebizitzak alokairuko bizitegi-merkatuan sar daitezen sustatuz.
- Gazteentzako eta adinekoentzako zuzkidura-bizitokiak sustatzea, hauek garatzeko udal-lurzorua baliatuz
- Etxebizitza babestuetarako lurzoru kalifikatua aktibatzea, publikoa zein pribatua
- Hirigintza-araudiak berrikustea, merkataritza-lokalak etxebizitza bihurtzeko eta tamaina handiko etxebizitzak banatzeko.
- Alokairurako laguntza-programak indartzea, hala nola Gaztelagun (33 pertsonak jasotzen dute laguntza hori Zumaian) eta Etxebizitzarako Prestazio Ekonomikoa (EPE), gero eta herritar gehiagori mesede eginez (oraingoz, 62ri).
Azpimarratzekoa da Zumaiako Hiri Antolamendurako Plan Orokorraren (HAPO) Aurrerakinak 565 etxebizitza berri eraikitzea aurreikusten duela, Torreaga, Puntanoeta eta Aita Mari esparruetan banatuta. Torreaga sektorean (APD-R01), 249 etxebizitza sustatzea aurreikusten da; horietatik 52 babes ofizialekoak izango dira, 52 tasatuak eta 145 sustapen pribatukoak. Horrez gain, Udalari helburu sozialetarako lagatako 6 zuzkidura-etxebizitza ere sustatuko dira beheko solairuan. Beraz, Torreagan guztira 255 etxebizitza eraikiko dira. Bestalde, Puntanoeta eta Aita Mari esparruetan 310 etxebizitza eraikitzea aurreikusi da; horietatik 182 alokairu sozialerako izango dira (150 Puntanoetan eta beste 32 Aita Mari auzoan), 32 tasatuak eta 96 salmenta librekoak.
Etxebizitza, lehen mailako arazoa
Etxebizitza Plana eta hortik sortutako Ekintza Plana osatzeko egindako diagnostikoaren arabera, agerikoa da Zumaiako etxebizitza merkatuan dagoen presio handia: eskaintza gainditzen duen eskaria dago, eta etxebizitzen prezioak (salmentakoak zein alokairukoak) oso altuak dira. 2017tik 2022ra bitartean alokairuaren errenta % 22,8 igo da, hau da, 8,8 puntutan gainditzen du KPI indizeak izandako hazkundea.
Udalerri osoa eta familia-eredu guztiak oro har kontutan hartuta, etxebizitza ordaintzeko ahalegin ekonomikoak ez du % 30eko irizpidea gainditzen. Izan ere, bataz beste, diru-sarreren % 26,2 bideratzen ditugu zumaiarrok etxebizitza ordaintzera. Edonola ere, beste familia-eredu batzuk eta bakarrik bizi diren pertsonak kontuan hartuz gero, ahalegin ekonomikoa handiagoa izango litzateke: % 30,3 emakumeentzat eta % 55,0 bakarrik bizi direnentzat. Gainera, alokairu-errenta etengabe handitzen ari denez, irizpide hori etorkizun hurbilean bete liteke, familiaren diru-sarrerak nabarmen handitzen ez badira behintzat.
Azkenik, agerikoa da Zumaian salmentarako zein alokairurako dagoen etxebizitza eskaintza baxua. Zumaiako Udalak egoera iraultzeko Etxebizitza Plana