Itzurun hondartza antzoki bihurtuko du Jon Maiak irailaren 21ean, 'Kantu berri bat gara. Harri eta herri' ikuskizunarekin
Zumaiako dantzari, sortzaile eta elkarteen ondoan arituko da Jon Maia, Zumaiako herriaren eta kulturaren gorazarre egiteko egokitutako emanaldiarekin. Itzurun hondartza osoa hartuko du ikuskizunak, eta, zita honetarako berariaz sortutako proiekzio- eta argiztapen-joko batek jantziko du labarra. 22:30ean izango da ekitaldia, eta sarrera doakoa izango da.
Jon Maiak Kantu berri bat gara proiektuaren barruan ikuskizun ugari eskaini ditu azken bi urtetan. Orain, bere herrira itzuliko da Zumaiarako espresuki egokitutako Kantu berri bat gara. Harri eta Herri emanaldiarekin. Zumaiaren identitateari helduko dio Itzurun hondartzan, Geoparkeko flysch-aren marko paregabea antzoki bihurtuta. Ikuskizuna irailaren 21ean, gaueko 22:30ean izango da, eta sarrera doakoa izango da. Gaur arratsaldean eman dituzte ekitaldiaren inguruko xehetasunak Zumaiako San Telmo ermitan; bertan izan dira Jon Maia bera, Lucia Lacarra dantzaria, Marina Bidasoro kultur zinegotzia, Miriam Romatet kultur teknikaria eta Esti Irureta turismo teknikaria.
Ekitaldi hau Zumaiako Udalaren, Jon Maiaren eta herriko norbanako eta eragile askoren elkarlanari esker sortu da. Eta horren erakusle da ezohiko ekitaldi honetan parte hartuko dutenen zerrenda. "Ekitaldi korala izango da", esan du Jon Maiak. Honakoak dira partaideak, besteak beste: Astindu dantza taldea, Zumaiako joaldunak, adarjoleak, Zaria abesbatza eskola, Eva Franco argazkilari eta sortzailea, Lucia Lacarra eta Mathew Goldwing ballet dantzariak, Maddalen Arzallus bertsolaria eta Sambu Diaby aktorea. Jon Maiak bere lan berriko kantuak joko ditu, baina horrekin batera Zumaia, bertako kultura eta bere ingurune naturala omenduko ditu, sortzaile ugariren laguntzarekin. EITBren babesa ere jaso du ekitaldiak, eta osorik grabatuko dute ikuskizuna.
Eguna: Irailak 21, larunbata
Ordua: 22:30
Lekua: Itzurun hondartza, Zumaia
Sarrera: Doakoa
Maiak bere ohiko musikari taldea izango du lagun: Gorka Hermosa (akordeoia), Pello Ramirez (txeloa), Nacho Soto (pianoa eta sintetizadorea) eta Nerea Quincoces (perkusioa eta ahotsa). Ikuskizuna esperientzia ahaztezina izango da, kolaborazio bereziz, inprobisazioz eta sorpresaz betea.
Antolatzaileek nabarmendu dutenez, ekitaldi hau egiteko bada ezinbesteko baldintza bat: egun horretan euririk ez egitea. Euria egingo balu, ekitaldia bertan behera geldituko da, eta data berri bat zehazten saiatuko dira. Izan ere, ekitaldia egin ahal izateko gauza askok bat egin behar izan dute: eguraldi ona egiteaz gain, marea biziak egotea, eta larunbatarekin bat marea behean egotea, besteak beste.
"Ekitaldi oso berezia"
Marina Bidasororen esanetan ekitaldi oso berezia ikusteko aukera izango dugu, eta zumaiar zein bisitariak gonbidatu ditu ospakizun handi honetan parte hartzera. "Itzurun hondartzan sekula ez da neurri honetako ekitaldirik egin; kontzertu ederrak ikusteko aukera izan dugu bertan, baina, oraingoan, Jon Maiak eta bere taldeak Itzurun hondartza guztia hartuko du". Karidadeko Bentaren despedida kontzertua edota Luar na Lubre musika talde galiziarrak emandako kontzertua aipatu dituzte; beste momentu berezi bat izango da hurrengo astekoa, "bizitzan behin gertatzen diren horietako kontzertu horietako bat".
Jon Maiaren hitzetan ikuskizun honen helburua da "Zumaiako herriaren nortasuna erakustea eta ospatzea da". Kontzertu bat baino askoz gehiago izango da; "herriko ingurune naturala eta kulturari omenaldi berezi eta kolektibo bat". Bere esanetan, "jendea gure izaeragatik, geologiagatik eta edertasunagatik etortzen da Zumaiara; oraingoan, esparru ikusgarri hori gure antzoki eta ospaleku bihurtuko dugu, eta harrien atzean dagoen herria erakutsi". Gaineratu du Itzurun bera izango dela hilaren 21eko protagonista; "Euskal Herrian ez dago antzoki ederragorik; gizakiak ezingo luke munduko diru guztiarekin ere halako antzoki bat sortu".
Ekitaldi hunkigarria izateaz gain, teknikoki ere oso berezia eta landua izango dela nabarmendu dute. Horren erakusle nabarmena da honakoa: egun hontarako berariaz sortutako proiekzio- eta argiztapen-joko batek jantziko du Itzurungo labar osoa.
Kantuak sorlekura bueltan
Jon Maiak berak azaldu duenez, bere kantugintzaren barruan, asko eta asko dira itsasoari eta Itzuruni idatzitako, edo bertan egonda sortutako abestiak (Ken Zazpiren Itsasoa gara, Benito Lertxundiren Itsasoari begira —kantuan aipatzen duen zuhaitzaren azpian kantatuko du—, Benito Lertxundiren Ilargia, Gozategiren Welcome to beach...). Horiek horrela, nolabait, "sorlekura itzuliko dira" abesti horiek guztiak; horietako asko entzuteko aukera izango dugu hilaren 21ean. "Nolabait, itsasoak, gure inguruneak, Itzurunek, Zumaiak, nire herriak niri eman didan guztia bueltatzeko modu bat da", esan du.
Lucia Lacarrarentzat ere inspirazio iturri izan da Itzurun; horren erakusle berak eta Mathew Goldwingek sortutako azken ballet ikuskizunak. "Itzurun guztiontzat da berezia, eta, asko miresten dut Jonen lan egiteko modua, sormena ulertzeko duen modua; proposamena jasotzean ez genuen zalantzarik izan", esan du. Munduko antzoki handienetan egona da Lacarra, baina, azaldu duenez, ez dago Itzurun eta etxea baino leku hoberik. Planak aldatuta, Amsterdametik zuzenean iritsiko dira bi dantzariak Zumaiako ikuskizunera. "Horrelako gauzak bizitzan behin bakarrik gertatzen dira", zehaztu du.
Albiste erlazionatuak
Kultura
Zumaia bizitzeko da
- Haur eta nerabeei zuzendutako txangoak eta ekintzak antolatu dituzte neguko opor hauetan ere 2024/12/13
- Herriko ekosistemei buruzko egutegia landu du Euskara Zerbitzuak 2024/12/12
- 2025eko udazkenean zabalduko da babes ofizialeko 42 etxebizitzen zozketako izen-ematea 2024/12/11
- 19,8 milioi euroko aurrekontua izango du Zumaiako Udalak 2025ean, 'orain arteko bidean sakontzeko' 2024/12/04