Osasungintza, hedabideak eta etorkizuneko erronkak izango dituzte hizpide aurtengo 'Euskara, bestela ez gara' hitzaldi zikloan
Larraina euskara elkarteak eta Zumaiako Udalak antolatuta 'Euskara, bestela ez gara' hitzaldi zikloa egingo dute beste urte batez: aurten otsailaren 26tik apirilaren 9ra bitartean. Osasungintzaren inguruko mahai inguruarekin hasiko dute zikloa: Felix Zubia eta Ruth Salaberria izango dira hizlariak.
Euskara ardatz hartuta, bi mahai inguru, aurkezpen bat eta zine emanaldi bat izango dira Zumaian otsailean, martxoan eta apirilean, Larraina euskara elkarteak eta Zumaiako Udalak elkarlanean antolatuta. Lehenengo saioa otsailaren 26an izango da, eta azkena apirilaren 9an. 2012tik urtero egin da Euskara, bestela ez gara hitzaldi zikloa, eta aurten, bosgarren urtez, Larraina euskara elkarteak antolatu du, Udaleko Euskara Zerbitzuarekin elkarlanean.
Honakoak dira programatu dituzten saioak:
Euskararen lekua osasungintzan
Otsailak 26, 18:30. Oxford aretoa
Askotan izaten dira mintzagai osasuna eta euskara, sarritan paziente euskaldunen eskubideak edo aukerak mintzagai. Mediku ona eta euskalduna izan daiteke, eta osasungintza barrutik eta ondo ezagutzen duten bi mediku elkartuko ditugu hitz egiteko, biak ere Osakidetzakoak: Felix Zubia eta Ruth Salaberria.
Euskal hedabideak eta itzulpengintza automatikoa
Martxoak 12, 18:30. Oxford aretoa
Aurrerapenak berekin dakar aldaketa, eta oso denbora gutxian adimen artifiziala eta itzulpen automatikoa dena aldatzen ari dira. Aukera berri ugari sortu dira dagoeneko, eta etorkizunean are gehiago sortuko dira, baina horiekin batera arriskuak eta kezkak ere sortu dira, eta ez txikiak, gainera. Horretaz hitz egiteko elkartuko ditugu Irene Arrarats (Berria), Iban Arantzabal (Goiena komunikazio taldea) eta Gorka Zabaleta (Guka-Zumaia).
Euskararen aroa Zumaian. Datozen 10 urteetarako gakoak
Martxoak 26, 18:30. Oxford aretoa
Zumaiako Udalaren ekimenez, azken hilabeteotan etorkizunera eta euskarari begira jarri gara zumaiarrok, 2034ra bitarteko AROA Plan Estrategikoa lantzeko, eta emaitza aurkeztuko digute Ahize-AEKko Ainhoa Bagliettok eta Araitz Muguruzak.
LABURBIRA. Euskarazko film laburren XXII. zirkuitua, eta solasaldia
Apirilak 9, 19:00. Aita Mari zinema aretoa
Askotariko lanak ikus daitezke 2025eko Laburbiran, guztiak ere egungo euskal zinemagintzaren lagin apartak eta Europa osoko zinema jaialdietan ibilbide arrakastatsua egindakoak. Zortzi film izango dira: Prosopagnosia (Ekain Martinez de Lizardui), Plazer Bat (Sonia Estevez), Betiko Gaua (Eneko Sagardoi), Europa (Ekain Irigoien), Pentsatzen dut (Alaia Martin, Karmele Mitxelena eta Iraitz Mateo), Hor Konpon (Jone Arriola), Goodbay Kepler (Nerea Ayala) eta Utlandsk (Alba Lozano). Filmak ikusi ondoren, solasaldia izango da zuzendarietako batekin.
Albiste erlazionatuak
Euskara
- Zumaiak, Getariak eta Azpeitiak Udaltzaingoen Lan Eskaintza Publiko bateratua egingo dute, ‘konfiantza eta gertutasuna oinarri dituzten udaltzainak’ kontratatzeko 2025/02/19
- Alba Lozanok film labur bat sortuko du Zumaian, Geuretik Sortuak ekimenaren barruan 2025/02/17
- Beatrice Salvioniren 'Barrengaizto' nobelarekin hasiko du neguko denboraldia Irakurri matte irakurle taldeak 2024/12/23
Kultura
- Basoa.wav proiektuko 'Retrobisorea' abestiaren bideoklipa aurkeztu du Iñaki Agirrezabalagak 2025/02/19
- Zabalik dago Zumaian Musika, Dantza eta Antzerkia irakasteko zerbitzua emateko esleipen prozesua 2025/02/19
- Alba Lozanok film labur bat sortuko du Zumaian, Geuretik Sortuak ekimenaren barruan 2025/02/17
Zumaia bizitzeko da
- Makinak martxan Larretxon: hasi dituzte Itzurunbideko igogailua egiteko lanak 2025/02/20
- Basoa.wav proiektuko 'Retrobisorea' abestiaren bideoklipa aurkeztu du Iñaki Agirrezabalagak 2025/02/19
- Zumaiak, Getariak eta Azpeitiak Udaltzaingoen Lan Eskaintza Publiko bateratua egingo dute, ‘konfiantza eta gertutasuna oinarri dituzten udaltzainak’ kontratatzeko 2025/02/19