Kiroldegiko erabiltzaile batzuekin harremanetan jarri da Zumaiako Udala, txanda berdinean egondako erabiltzaile batek PCR proban positibo eman ostean

2020/08/22

Kiroldegiko erabiltzaile batek positibo eman duela jakin ahal izan du Udalak, eta jada harremanetan jarri da kiroldegian berarekin txanda berdinean izandako erabiltzaileekin. Osakidetzaren gain dago kasua eta bertako arduradunek zehaztuko dizkiete jarraibideak erabiltzaile horiei.

Kiroldegiko arduradunak egoera ezagutu bezain pronto harremanetan jarri dira txanda berean izan ziren erabiltzaileekin. Era berean, Udalak kasuaren berri eman dio Osasun Sailari, eta aurrerantzean Osakidetza izango da erabiltzaile horiei bete beharreko neurrien berri eman eta egoeraren jarraipena egingo duena.

Covid-19a saihesteko protokoloaren arabera, kiroldegira joateko beharrezkoa da aurrez hitzordua, jendea gurutzatzea zein pilaketak ekidin eta txanda berdinean egon diren pertsona guztiak identifikatuta edukitzeko; modu horretan zehaztu dute PCR proba egin behar dutenen zerrenda.

Zumaiako Udalaren izenean lasaitasun mezua helarazi diete kiroldegiko erabiltzaileei, onetsitako protokoloetan jasotako neurriek bermatu egiten baitute haien segurtasuna eta berehalako erantzuna.

Halaber, osasun neurriak betetzearen garrantzia azpimarratu diete herritar orori: maskara erabiltzea eta distantzia gordetzea ezinbestekoa da, eta Covid-19aren sintomarik izanez gero edo gaixotasuna duen norbaitekin kontaktua izanez gero etxean gelditzea beharrezkoa da. Gainera, PCR proba egiteko edo probaren emaitzaren zain dauden herritarrek etxean gelditu eta Osakidetzak zehaztutako gainontzeko arauak bete behar dituztela nabarmendu dute.

Kiroldegia, zabalik

Kiroldegiak zabalik jarraituko du, orain arteko protokoloarekin. Egoera ezagutu ostean, prebentzio gisa, PCR proban positibo eman duen herritarra egondako guneko desinfekzio lanak indartu dituzte. Dena den, kiroldegiko gune guztiak egunero desinfektatzen dituztela jakinarazi dute.

Honakoak dira, besteak beste, kiroldegiko protokoloak ezartzen dituen neurriak: erabiltzaile bakoitzak erabilitako makina desinfektatzen du jarduera amaitzean, eta garbitzaileek makina guztiak desinfektatzen dituzte txanden amaieran; langileek ez dute erabiltzaileekin kontaktu zuzenik, eta herritarrak beraien txanda berdineko gainontzeko erabiltzaileekin soilik elkabarnatzen dute gunea, betiere, sarrera-irteeretan zein gunean bertan distantziak gordeta.