Lurraren zientziek XXI. mendeko ingurumen erronkei aurre egiteko duten garrantzia nabarmendu dute Zumaiako adierazpenean
Zumaiako Adierazpenaren irakurketarekin amaitu da IUGSren ondare geologikoko lehen 100 lekuak (The First 100 IUGS Geological Heritage Sites) aurkezteko Euskal Kostaldeko Geoparkean egin den nazioarteko ekitaldia.
Zumaiako Itzurun hondartzan egin da gaur Geologia Zientzien Nazioarteko Elkartearen (IUGS) 60.urteurrenaren ospakizun nagusia, eta ekitaldi horretan ezagutzera eman dira IUGSren ondare geologikoko lehen 100 lekuak, Zumaiako Flysch-a barne. Halaber, IUGS Zumaiako Adierazpena irakurri dute. Adierazpen horretan Lurraren Zientziek XXI. mendeko ingurumen erronkei aurre egiteko duten garrantzia nabarmendu dute.
100 leku horiek balio zientifiko handieneko leku gisa identifikatzen ditu Geologia Zientzien Nazioarteko Elkarteak. Geologiaren zientzia garatzeko balio izan duten lekuak dira; ezaugarri eta prozesu geologikoen munduko erakusleihorik onenak dira. Testuinguru horretan, Geologia Zientzien Nazioarteko Elkarteak, bere 60. urteurrenean, 40 herrialdetako 200 aditu baino gehiagorekin, Lurraren Zientzietako erakunde nagusien ordezkari gisa, irakurri du IUGS Zumaiako adierazpena.
Stanley Finney IUGSko idazkariaren hitzetan, “Zumaiako adierazpena Geologia Zientzien Nazioarteko Elkartearen deklarazio bat da, gure ondare geologikoa zaintzearen garrantziari buruzkoa”.
Halaber, “Zumaiako adierazpena komunitate geologikoak Lurraren zientziek etorkizunean ditugun erronkei aurre egiteko moduan duten zereginari buruz duen ikuspegia da: klima-aldaketa, uraren eskuragarritasuna eta kudeaketa, mineral berrien eskuragarritasuna, lehengaiak, energia…”, adierazi du Asier Hilario IUGS-Ondare Geologikoaren Nazioarteko Batzordeko zuzendariak. “Oinarrizko ikerketaren alde egitearekin ere badu zerikusia. Izan ere, geologiako eta beste edozein zientziatako oinarrizko ikerketa funtsezkoa da sistemak nola funtzionatzen duen ulertzeko”, gehitu du Hilariok.
Munduko geologo adituenak bildu dituen nazioarteko ekitaldi honen itxiera-ekitaldian izan dira Iñaki Ostolaza, Zumaiako alkatea, Markel Olano, Gipuzkoako Diputatu Nagusia, Arantxa Tapia, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko Saiburua, Nickolas Zouros, Global Geoparks Network-eko presidentea, John Ludden, IUGSko presidentea, Stanley Fineey, IUGSko idazkari nagusia eta Asier Hilario, IUGS-Ondare Geologikoaren Nazioarteko Batzordeko zuzendaria, besteak beste.
Munduko Lehen 100 leku horien zerrenda osoa IUGSen Ondare Geologiko Nazioarteko Batzordearen webgunean ikus daiteke: https://iugs-geoheritage.org
Erakusketa
Nazioarteko ekitaldi hoen harira antolatu den Munduko Lehen 100 Geologia interes guneak erakusketa zabalik izango da Alondegiko Oxford aretoan azaroaren 6ra arte; egunero 18:00etatik 20:00etara bitartean.
Albiste erlazionatuak
Geoparkea
- Geoparkean gidari izateko trebakuntza ikastaroa eskainiko du Euskal Kostaldeko Geoparkeak 2024/01/15
- Algorriko ibilbidean hezitzaile bat egongo da uztailean eta abuztuan, gune horren babesa sustatzeko 2023/07/12
- Beste 600.000 euro lortu ditu Zumaiako Udalak, besteak beste, Algorri Interpretazio Zentroa eraberritzeko 2023/05/10
- 'Euskara, bestela ez gara' zikloa asteazken honetan abiatuko da 2023/02/13
Ingurumena
- Santiagoko dunetatik landare inbaditzaileak kentzeko auzolana egingo dute hilaren 29an 2024/10/23
- Uda honetan ere San Telmo ermita egunero bisitatzeko aukera izango da, baita ingurumena babestu eta euskara sustatzeko ekimenak ere 2024/07/01
- Hasi dituzte Eguteraren eguzki parkea eraikitzeko lanak 2024/06/07
- Futbol zelaiko argiteria LED teknologiara aldatzen ari da Udala 2024/06/06