Uda honetan ere San Telmo ermita egunero bisitatzeko aukera izango da, baita ingurumena babestu eta euskara sustatzeko ekimenak ere
San Telmo ermita egunero bisitatu ahal izango da uztailaren 1etik aurrera, uda osoan zehar. Gainera, San Telmotik Algorrirako bidean hezitzaileak egongo dira udaran zehar, bisitari guztien eremua babestu dezaten sustatzeko; eta, UEMArekin elkarlanean, 'Ongi Etorri Euskararen Herrira' ekimena martxan egongo da.
Uztaila hasterekin batera, bisitariei zein herritarrei begirako zenbait ekimen martxan jarri ditu Udalak. San Telmo ermita egunero bisitatu ahal izango da gaurtik aurrera, eta, gainera, bisitarien zein bertakoen esperientzia hobetzeko hainbat jarduera eta zerbitzu egongo dira martxan.
Ekimen hauek guztiak estrategia orokor baten parte dira, eta turismo jasangarria eta tokian errotutakoa sustatzeko helburua duena. Hala nola, honako balioak sustatu nahi ditu Udalak: kultura-ondarearen ezagutza eta babesa, ingurune naturalen babesa, eta, euskararen erabilera. Jarduera eta zerbitzu horietan parte hartzera eta haietaz gozatzera gonbidatzen ditugu guztiak; izan ere, turismo-esperientzia hobetzeaz gain, gure natura- eta kultura-ondarearen errespetua eta kontserbazioa ere sustatzen dute.
San Telmo ermita, egunero zabalik
Uztailaren 1etik aurrera, San Telmo ermita egunero egongo da zabalik. Harribitxi arkitektoniko hau, bere kokapen bereziagatik eta balio historikoagatik da ezaguna, eta gure herriko txoko preziatuenetako bat da.
Abuztuaren 31ra bitartean egunero bisitatu ahal izango da ermita, 11:30etatik 13:30era bitartean. Euskaraz eta gazteleraz emango dituzte azalpenak. Sarrerak lekuan bertan hartu beharko dira, eta txartelarekin ordaindu (1,50 euro bisitari bakoitzeko).
Hezitzaileak San Telmotik Algorrirako ibilbidean
Ingurumena zaintzeko eta bisitariak hezteko konpromisoa oinarri, hezitzaileak egongo dira San Telmotik Algorrira doan ibilbidean. Ibilbide hori naturagune babestu batean dago, eta ezinbestekoa da honakoa zaindu eta babestea.
Uztailean asteburuetan ariko dira lanean; abuztuan, berriz, hilaren 20ra bitartean egunero egongo dira bertan. Bisitariek kontserbazio-arauak errespetatzen dituztela zaintzea, interes geologikoko puntuei buruzko informazioa ematea, hondakinak biltzea eta turisten galderei erantzutea dira hezitzaileen eginkizunak, eta helburua da bisitari guztientzako esperientzia segurua eta hezitzailea bermatzea.
Ongi Etorri Euskararen Herrira ekimena
Euskara da Zumaiako ondare garrantzitsuenetakoa. Gure herria sakonki ezagutu nahi baduzu, ezin duzu euskara ezagutu gabe alde egin Zumaiatik. Izan ere, euskarak balio berezia du euskaldunontzat eta zumaiarrontzat, gure nortasunaren, kulturaren eta historiaren adierazgarri baita. Hori horrela, ezaugarri eta balio horren berri eman, eta, bisitariak, herritarrak zein ostalaritzako langileak euskara erabiltzera gonbidatzeko Zumaiako Udalak hainbat ekimen prestatu ditu.
Hona hemen euskara eta euskal kulturaz gehiago jakiteko aukera desberdinak:
- Hiztegitxoa, euskal hitzak ezagutzeko: Eskuratu turismo bulegoan edo taberna eta jatetxeetan.
- Euskararen Enigma bisita gidatua (Kontsultatu egutegia eta egin erreserba Geoparkeko webgunean)
- Saiatu hitz batzuk euskaraz egiten herritarrekin, merkatariekin eta ostalariekin dituzun harremanetan.
- Bertatik Bertara kanpaina: UEMArekin elkarlanean, bertako produktuen, paisaiaren eta gainerako eskaintza zabalaren artean, udalerri euskaldunen nortasuna egokien islatzen duena euskara dela nabarmentzeko euskarriak sortu dira. Zumaiako taberna eta jatetxeetan euskararen erabilera sustatzeko eta hainbat jatorritako bisitariekin komunikazioa errazteko mahai-gainekoak egongo dira.
Albiste erlazionatuak
Turismoa
Ingurumena
Euskara
- Zumaiako Udalak bat egin du UEMAk abiatu duen 'Egin nirekin ere euskaraz!' kanpainarekin 2025/02/25
- Osasungintza, hedabideak eta etorkizuneko erronkak izango dituzte hizpide aurtengo 'Euskara, bestela ez gara' hitzaldi zikloan 2025/02/20
- Zumaiak, Getariak eta Azpeitiak Udaltzaingoen Lan Eskaintza Publiko bateratua egingo dute, ‘konfiantza eta gertutasuna oinarri dituzten udaltzainak’ kontratatzeko 2025/02/19
- Alba Lozanok film labur bat sortuko du Zumaian, Geuretik Sortuak ekimenaren barruan 2025/02/17
Zumaia bizitzeko da
- Urriaren 5ean izango da aurtengo Flysch Trail mendi lasterketa 2025/03/03
- More dator martxoa Zumaiara, feminismoa aldarrikatu eta gozatzeko egitarau zabalarekin 2025/02/28
- Kultura eta artearen alorreko sormen beka eskatzeko epea zabalik 2025/02/28
- 0-6 urte bitarteko gurasoei zuzendutako bizipen tailerrak emango ditu Jon Urdineta psikomotrizistak 2025/02/27