Zabalik dago Moilaberri eraikina birgaitzeko lizitazio prozesua
Eraikin honek bisitari eta turistentzat harrera gune berria, erakusketa-guneak eta erabilera anitzeko espazioak hartuko ditu, herritarren eta bisitarien topaleku bihurtuz. Lizitaziora eskaintzak aurkezteko azken eguna abenduaren 11a izango da, 15:00ak arte. Europar Batasunaren NextGenerationEU funtsek kofinantzatutako proiektua da honakoa.
Zumaiako Udalak Moilaberri eraikinaren birgaitze jasangarri eta integrala martxan jartzeko beharrezkoak diren obrak kontratatzeko espedientea onartu eta lizitazioa ireki du. Birgaitze hau Europar Batasunaren NextGenerationEU funtsek kofinantzatuko dute, Suspertze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren baitan. Moilaberri eraikina Zumaia eta Geoparkea ezagutzeko ate bihurtu nahi dute [informazio gehiago beherago].
Proiektuaren aurrekontua 1.060.010 eurokoa da (BEZ barne), eta kostuaren %47 (494.095 euro) Europar Batasunak finantzatuko du, Next Generation funtsen barruan. Gainerako %53 Zumaiako Udalak hartuko du bere gain, 565.915 euroko ekarpenarekin.
Birgaitzearen helburua eraikinaren eraginkortasun energetikoa hobetzea eta ingurumen-irizpide zorrotzak betetzea da, energia aurrezpen primarioaren %30 lortuz. Obrak gauzatzeko epea 12 hilabetekoa izango da, eta kontratazio-prozesua prozedura ireki eta erraztuaren bidez egingo da. Eskaintzak aurkezteko epea abenduaren 11n amaituko da, 15:00etan. Dokumentazioa eta baldintzak Zumaiako Udalaren kontratugilearen profilean kontsulta daitezke.
> Kontratatzailearen profila
Geltokia izandakoa, Zumaia eta Geoparke osoa ezagutzeko atea
Moilaberri eraikina, tren geltokia izandako eraikin historikoa, Zumaia eta Geoparkea ezagutzeko ate bihurtuko da. Ate horretatik Geoparkearen eremu geografiko osora eta askotariko intereslekuetara bideratu nahi dituzte bisitariak.
Birgaitzearen asmo nagusietako bat da eraikina herritarrei eta bisitariei irekitako gune publiko gisa berreskuratzea. Harrera guneaz gain, erakusketa edo interpretazio-guneak izango ditu eraikinak, baita lanerako bulegoak eta erabilera anitzetarako espazio bat ere.
Horiek horrela, Moilaberri eraikina turismo bulego soil bat baino gehiago izatea nahiko lukete Zumaiako Udalak. Geoparkerako sarbidea izatearekin batera, bisitari eta turistak Geoparkearen eremu osoan ahalik eta modu orekatuenean mugitzea bilatzen du proiektuak, bisitariak Geoparkearen eremu osoak barnebiltzen dituen askotariko interes-lekuetara bideratzeko.
Izan ere, geologia, paisaia eta natura balio handiko baliabidez gain, ingurune horretan sortutako eta garatutako kultur balioek osatzen dute Geoparkea: artea, tradizioa, ohiturak, gastronomia, musika, landa-eremua, etab. Estrategia horrekin ingurumen-inpaktua murriztu eta lurraldearen oreka indartzeko bideak jarri nahi dituzte Zumaiako Udalak eta Geoparkeak.
Zentzu berean, eraikin berri honetan, bestelako elementuetan ere jarriko dute indarra. Hala nola, Zumaiako Industria Ondarearen Informazio Zentroak (ZIIZ) bere leku propioa izango du Moilaberrin, tokiko industria ondarearen balioan azpimarra egiteko. Gainera, euskara ere elementu garrantzitsua izango da espazio berrian.
Moilaberri eraberritzeko proiektuaren zati bat Europar Batasunak finantzatuko du, Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren funtsen bidez, Berreskuratze eta Erresilientzia Mekanismoaren (MRR) esparruan. Dirulaguntza lortu izanak dakartzan betebeharrak betez, erakundeon ikusgarritasuna eta komunikazioa bermatzen da.
Albiste erlazionatuak
Turismoa
Geoparkea
- Geoparkean gidari izateko trebakuntza ikastaroa eskainiko du Euskal Kostaldeko Geoparkeak 2024/01/15
- Algorriko ibilbidean hezitzaile bat egongo da uztailean eta abuztuan, gune horren babesa sustatzeko 2023/07/12
- Beste 600.000 euro lortu ditu Zumaiako Udalak, besteak beste, Algorri Interpretazio Zentroa eraberritzeko 2023/05/10
Ingurumena
- Santiagoko dunetatik landare inbaditzaileak kentzeko auzolana egingo dute hilaren 29an 2024/10/23
- Uda honetan ere San Telmo ermita egunero bisitatzeko aukera izango da, baita ingurumena babestu eta euskara sustatzeko ekimenak ere 2024/07/01
- Hasi dituzte Eguteraren eguzki parkea eraikitzeko lanak 2024/06/07
Energia
Zumaia bizitzeko da
- 19,8 milioi euroko aurrekontua izango du Zumaiako Udalak 2025ean, 'orain arteko bidean sakontzeko' 2024/12/04
- Zumaiako euskararen historia soziala jasotzen duen ikus-entzunezkoa aurkeztu dute Udalak eta Badihardugu Euskara Elkarteak 2024/11/29
- Jostailu erakusketa egingo dute asteburu honetan Ludotekan 2024/11/27
- Zumaiena ikastetxearen ondoko pasabidea seguruagoa bihurtzeko eskuhartzea egin du Udalak 2024/11/27