'Luze edo motz' ikuskizunarekin hasiko da martxoaren 8aren harira antolatutako egitaraua

2022/03/02

Emakumeon* Etxera bisitak, manifestazioa, eta zaintzaren inguruko jardunaldiak izango dira martxoan zehar. Beste urte batez, herriko eragileekin batera antolatu du egitaraua Zumaiako Udalak.

Ostegun honetan bertan hasiko da martxoaren 8ra begira antolatutako egitaraua Zumaian. Mirari Martiarena eta Idoia Torregarai umoristek “Luze edo motz” ikuskizuna eskainiko dute Emakumeon* Etxean, arratsaldeko 19:00etan. Ikuskizun honetan generoa hartuko dute umoregai, gure gizartea zertan luze eta zertan geratzen den motz galdetzeko. Horretarako hilekoa, menopausia, ligatzeko teknikak eta sexua izango dituzte hizpide, besteak beste.

Martxoaren 8an (asteartea) Zumaiako Mugimendu Feministak manifestazioa egingo du. 19:00etan hasiko da Eusebio Gurrutxaga plazatik, “Feminismoa, dena aldatzeko” lemapean. Gainera, herrian Emakumeon* Etxea dagoenetik lehenengo martxoaren 8a izanik, martxoaren 7an, 8an eta 9an eskoletako ikasleei bisita gidatuak egingo dizkiete.

Zaintzaren inguruko problematika mahai gainera

Aurtengo martxoaren 8aren bueltan, Zumaiako Udaleko Berdintasun Sailak zaintzaren gaia mahaigaineratu nahi du. Martxoaren 17an eta 18an Ana Fernandez Cubero arkitektoa izango da Zumaian. Lehenengo saioan zaintzaren arkitekturei buruzko hitzaldia eskainiko du: oinarrizko kontzeptuak azaldu, eta horiek Zumaian lurreratzeko solasaldi gidatua izango da. Bigarren saioan herriko gabezia eta indarguneak aztertuz, Zumaian zaintzaren egoeran dagoen egoeraren inguruko diagnostikoa egingo du. Bi saioak gazteleraz izango dira.

Ildo beretik, apirilaren 6an “Elkar zaintzeko sistema publiko-komunitario baterantz. Udalerrien erronkak” hitzaldia emango du Miren Aranguren Emagin taldeko formatzaileak, euskaraz.