Emakumeon* Etxea ere ikasturte berriari ekiteko prest

2025/09/09

Jabetze eskola eskaintza zabala eta elkarguneak antolatu dituzte ikasturte berrirako; izen-ematea irailaren 17ra arte edukiko dute zabalik. Agenda ere ekintza mordoarekin bete dute; azken hauek herritar guztiei zuzendutako ekitaldiak dira.

Astelehen arratsaldean aurkeztu zuten Emakumeon* Etxeko kideek eta Udaleko berdintasun saileko kideek 2025eko udazkeneko egitarau berria. Herritarrek dagoeneko jaso dute etxeetan programazioa biltzen duen liburuxka (iraila-abendua bitartekoa); jaso ez dutenek Emakumeon* Etxean, Udaletxean, Kultur Etxean edo Gizarte Zerbitzuetan aurkitu dezakete. Online ere eskuragarri dago. 

Programazioak hamabi jabetze eskola, zortzi elkargune, agenda zabala eta zerbitzuak jasotzen ditu. Jabetze eskoletan parte hartzeko aurrez izena ematea beharrezkoa izango da, irailaren 8tik 17ra bitartean, Emakumeon* Etxean edo webgune honetan.

Jabetze eskolen eskaintza askotarikoa da: ikastaro laburrak, luzeak, iraunkorrak eta berriak. Oraingoan, adineko emakumeentzako eskaintzak izango du protagonismo berezia. Elkarguneei dagokienez, aurreko ikasturteetatik zazpi elkargune egonkortu dituzte: xakea, korrika, pala, futbola, eskubaloia eta mendi-irteerak. Nobedade gisa xaboi komunitarioa egiteko elkargunea sortu dute. Horietan parte hartzeko ere izena eman beharko da, Emakumeon* Etxean edo webgunean.

Agenda ere ekintza mordoarekin bete dute: hitzaldiak, liburu-aurkezpenak, solasaldiak, bakarrizketak… Irailaren 26an ospatuko duten Emakumeon* Etxeko 4. urteurren festak emango dio hasiera, eta hortik aurrera, ia astero izango da ekintzaren batean parte hartzeko aukera. Agendako ekitaldiak herritar guztiei zuzendutakoak dira.

Zerbitzuei dagokienez, aholkularitza juridikoa eta arreta psikologiko zerbitzua eskaintzen dutela nabarmendu nahi izan dituzte. Zerbitzu hauek lagungarriak izan daitezke emakume askorentzat, eguneroko arazoei aurre egiteko zein indarkeria-egoeretan babesa izateko. Eta berritasun moduan, Eusko Jaurlaritzaren Berdindu zerbitzua eskainiko da Emakumeon* Etxean, LGTBI+ kolektiboari arreta emateko.

Albiste erlazionatuak