Musika Jaialdia, bikain berriro ere
Zumaiako Udalak eskerrak eman nahi dizkie jaialdian parte hartu duten artistei, herriko elkarteei, zein ikus-entzuleei.
Uztailaren 27tik abuztuaren 7ra 38. Musika Jaialdiak hartu du Zumaia. Ohar honen bidez, Udalak eskerrak eman nahi dizkie jaialdia posible egiten duten guztiei.
Eskerrak jaialdiaren programa osatu duten artista eta taldeei: beste urte batez goi mailako eskaintza ekarri dute Zumaiako oholtzetara. Herriko elkarteak izan dira horietako batzuk: San Pedro Abesbatzak eta Sapere Aude Sinfoniettak ‘Hesia urraturik’ ikuskizuna eskaini zuten, Xabier Leteren omenez; Zumaiako Musika Bandak, bere aldetik, Aldapeko Basque Latin Jazz taldearekin batera eskaini zuen kontzertua. Zumaiako musikarien maila goi mailakoa dela erakutsi dute beste behin.
Halaber, eskerrak eman nahi dizkie herritarrei ere. Izan ere, ia emanaldi guztietan eserlekuak agortu dira, eta ikus-entzuleen erantzuna oso ona izan da.
Ikusle ezberdinei zuzendutako askotariko musika estiloak entzun ahal izan dira jaialdiaren barruan: abesbatza, orkestra, banda, txeloa, jazz-latinoa... Euskal musika eta euskal sortzaileak ere beren presentzia izan dute jaialdian: Xabier Leteren omenez antolatutako emanaldian, edota Aldapeko taldearen fusioetan, esaterako. Gainera, urtero bezala, dantzak eta haurrei zuzendutako ekitaldiek ere izan dute bere lekua. Udalak herriko elkarteak izan ditu lagun jaialdia antolatzeko aholkularitzan, eta horren garrantzia nabarmendu nahi du.
Azkenik, Zumaiako Udalak musika jaialdia antolatzen hasi ziren horiek ere gogoan izan ditu aurtengoan. Duela 38 urte antolatu zuten lehen aldiz, eta aurten, jaialdiko azken kontzertuan, eskertza egin zitzaien horiei guztiei.
2022ko edizioaren balorazioa eginda, 39. edizioko programa prestatzen hasi dira Udala eta elkarteak.