Osasungintza publiko eta kalitatezkoaren aldeko gaurko mobilizazioarekin bat egiten du Zumaiako Udalak

2024/06/21

Deialdiarekin bat egitearekin batera, Osasun Sailak Udalari bidalitako erantzuna irakur daiteke ohar honetan.

Herriko Anbulategiaren egoerarekin lotuta, maiatzeko ohiko osoko bilkuran horrela erabakita, Zumaiako Udalak Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailari kontsulta idatzia egin zion. Kontsulta horri erantzun dio Osasun Kontseilari Gotzone Sagarduik (hemen irakur daiteke osorik).

Udala Anbulategiko Zuzendariarekin harremanetan jarri da Jaurlaritzaren erantzunaren berri emateko, eta hura ez dator bat gutunean esaten denarekin. Izan ere, Zumaian lau lanpostu plaza huts ("bakante") daude, eta horiek Osakidetzako OPEan barneratu ezean egoera ez dela konponduko aurreikusten dute anbulategiko zuzendaritzan.

Hori horrela, eta azken osoko bilkuran aho batez onartu zen mozioak lehen puntuan zioena jarraituz, Zumaiako Udalak gaur arratsaldean egingo den mobilizazioa babesten du, herritarrei bertaratzeko dei eginez, egoera konpontzeko beharrezko urratsak iritsi arte. Manifestazio zaratatsua 18:00etan abiatuko da Anbulategitik.

Azkenik, Udal Gobernuak jakinarazi duenez, ekaineko ohiko osoko bilkuran Zarauzko Etengabeko Arreta Gunearen (EAG/PAC) inguruko mozio bat aztertuko dute.