Urrezko Bikain ziurtagiria jaso du Zumaiako Udalak
Bereziki nabarmendu dute zerbitzu hizkuntzaren ardatza, eta komunikazioan (irudi aldetik) zein herritarrekiko harremanetan egindako lana; era berean, laneko hizkuntza euskara da Zumaiako Udalean eta inguruko erakundeek euskaraz egin dezaten ere bultzatzen du.
Atzo arratsaldean Gasteizko Europa jauregian egindako ekitaldian urrezko Bikain ziurtagiria eman zioten Zumaiako Udalari, eta Iñaki Ostolaza alkateak jaso zuen, Iñigo Urkullu lehendakariaren eta Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren eskutik.
Guztira 27 entitatek jaso dute aurten euskararen ziurtagiria, 11 erakunde publikok eta 16 pribatuk. Horietatik hamabik goiko mailako urrezko Bikain egiaztatu dute, hamalauk zilarrezkoa eta batek oinarrizkoa.
Duela 40 urte ingurutik ari da Zumaiako Udala euskararen normalizazioa bultzatzen, 1979an itzultzailea lanean hasi zenetik. Agintariak aldatuta ere, pausoak ematen jarraitu du Udalak legealdiz legealdi: euskararen ordenantzak, zinegotzi eta langileei prestakuntza saioak, hizkuntza eskakizunak, erabilera plan bereziak, Euskara Zerbitzua indartzea, UEMAn sartzea, etab. Beraz, esan daiteke gaur egungo egoera ibilbide luze baten emaitza dela, idatziz erabat gaztelaniaz lan egitetik ia osorik euskaraz egitera igaro delako Zumaiako Udala.
Bikain ziurtagiria eskuratzeko prozesuak aukera ematen du egoeraren argazki objektibo bat eskuratzeko eta hobekuntza beharrak identifikatzeko. Kanpo ebaluazio bat den aldetik, erakundeak hizkuntzak nola kudeatzen dituen aztertzen da, euskararen presentziari eta erabilerari begiratuta. Lau ebaluatzailek osatutako talde bat aritu da Udalaren lanak eta jarduera aztertzen, eta oso puntuazio altua eman diote. Bereziki nabarmendu dute zerbitzu hizkuntzaren ardatza, komunikazioan (irudi aldetik) eta herritarrekiko harremanetan egindako lana; era berean, laneko hizkuntza euskara da Zumaiako Udalean eta inguruko erakundeek euskaraz egin dezaten ere bultzatzen du.
Guztira 27 entitatek jaso dute aurten euskararen ziurtagiria, tartean Zumaiako Udalak.
Albiste erlazionatuak
Euskara
- Zumaian Euskaraldia dinamizatzeko langile baten bila 2024/12/13
- Herriko ekosistemei buruzko egutegia landu du Euskara Zerbitzuak 2024/12/12
- 2024ko Euskararen Eguneko adierazpena: 'Erantzukizuna eta konpromisoa, olatu berria sortzeko' 2024/12/03
- Zumaiako euskararen historia soziala jasotzen duen ikus-entzunezkoa aurkeztu dute Udalak eta Badihardugu Euskara Elkarteak 2024/11/29