Telekomunikazio Zerbitzuak Atzitzeko Sareak formatu unibertsalean hedatzeko Udal Ordenantza onartu dute osoko bilkuran

2020/06/26

EH Bilduko Udal Gobernuaren baiezko botoekin, eta EAJ eta PSE-Eeren ezeko botoekin onartu dute Belaunaldi Berriko Telekomunikazio Zerbitzuak Atzitzeko Sareak (BBTZAS) formatu unibertsalean hedatzeko Udal Ordenantza. LGTBI harrotasunaren egunera begirako adierazpena ere onartu dute, ahobatez.

Ekainaren 25ean egindako plenoan zinegotzi guztiek parte hartu zuten berriro ere. Besteak beste, Belaunaldi Berriko Telekomunikazio Zerbitzuak Atzitzeko Sareak (BBTZAS) formatu unibertsalean hedatzeko Udal Ordenantza onartu dute plenoan, EH Bilduren baiezko 9 botorekin eta oposizioko udal taldeen 7 botoekin onartu dute.

Ordenantzaren xedeetan jasotzen denaren arabera, hainbat helburu lortu nahi dira ordenantzaren bidez, besteak beste: Zumaiako herritarrei kalitatezko banda zabaleko sarea atzitzeko aukera eskaintzea, prezio lehiakorretan; azpiegiturak hedatzeko prozesua ordenatzea, ikusizko inpaktua eta tokiko paisaian izan dezakeen eragina ahalik eta txikiena izateko moduan; Belaunaldi Berriko Telekomunikazio Zerbitzuak Atzitzeko Sareak (BBTZAS) hedatzeko prozesua erraztea, ahalik eta abiadura eta efizientzia-maila handienarekin egin dadin, baita jasangarritasuna ziurtatzea ematen zaien erabileraren arabera, administrazio publikoarentzat nahiz herritarrentzat izango duen kostua murriztuz; edota beharrezkoak diren konektatutako azpiegiturak (gailuak, sentsoreak, eragingailuak, etab.) hedatzeko prozesua erraztea, zerbitzu publiko adimendun berriak eta hobeak garatzeko (argiztapena, hondakinen kudeaketa, segurtasuna, mugikortasuna, etab.), hala nola «SMART» izenarekin ezagutzen direnak.

Belaunaldi Berriko Telekomunikazio Zerbitzuak Atzitzeko Sareak (BBTZAS) formatu unibertsalean hedatzeko Udal Ordenantza

“Helburu nagusia kalitate eta ahalmen goreneko telekomunikazio-zerbitzuen eskaintza merkea eta askotarikoa herritar guztien eskura jartzea da, bizi diren tokian bizi direla”.

Iñaki Ostolaza alkateak azaldu duenez, ordenantza horrek telekomunikazio zerbitzuen hedapenari dagokionez aldez aurretik irizpide orokor batzuk ezarriko ditu, hedapena gauzatu behar den unean inprobisatu behar izan gabe; gainera, ordenantzarekin bidez Europako eta estatuko arau-esparru berria udal-mailako eremura egokitu dituztela azaldu du; “Helburu nagusia kalitate eta ahalmen goreneko telekomunikazio-zerbitzuen eskaintza merkea eta askotarikoa herritar guztien eskura jartzea da, bizi diren tokian bizi direla, sektore pribatuan garatzen diren negozio-ereduak baldintzatu gabe, aniztasuna bermatuz eta aniztasun horri kalte egiten dieten nagusitasun edo espekulazio egoerak saihestuz”.

Oposizioko taldeek salatu dute ez dutela nahikoa informaziorik izan gaiaren inguruan eta formengatik eman dute ezezkoa. Oier Korta EAJko zinegotziaren arabera, “etorkizunera begirako asmoak dituen proiektu batek guztion adostasuna behar du; aztertu behar da zentzuzkoa den edo ez, zein esperientzia dauden, ondo atera diren edo ez... Gai oso konplexua da”; “agian ados gaude egiteko asmoa duzuenarekin, baina formekin behintzat ez”.

Ostolaza alkateak erantzun die ordenantza honen bidez ez dela telekomunikazio eremuko sare neutro bat sortzea erabakitzen, telekomunikazio eremuko esparrua udal mailan arautzen baizik; “sare neutroaren aukera hori lantzen ari gara eta landuko dugu; dakizuen moduan Batzordeetan ari gara gaia lantzen, jaso ditugu azalpenak eta dauden aukerak aztertzen ari gara, eta dagokion momentuan hartuko ditugu horren inguruko erabakiak”.

LGTBI harrotasun eguna dela-eta, Zumaiako Udalaren adierazpena

Maider Alberdi zinegotziak aurkeztu du LGTBI harrotasunaren egunaren harira udal talde guztiek adostatutako adierazpena. Zumaiako Udalak honako konpromisoak hartu ditu: LGTBI pertsonen aurkako indarkeriaren aurrean erakundeen koordinazio, arreta eta erantzun publikorako protokoloak diseinatu eta abian jartzea; LGTBI pertsonen eskubideak bermatzera bideratutako neurriak aktibatzea, hala nola: administrazio-formularioetan aldaketak egitea binarismoa gainditzeko, aldagelak eta komunak egokitzea instalazio publikoetan; prestakuntza-prozesuak bultzatzea langile publiko eta politikoentzat; eta LGTBI kolektiboekin, kolektibo feministekin eta adituekin identifikatutako ekintza guztien diseinu, jarraipen eta ebaluaziorako elkarrizketa lotesle eta iraunkorreko espazioak gaitzea.

Gainera, LGTBI Euskal Lege Integral bat prestatzeko eta LGTBI Euskal Kontseilua sortzeko eskaera egin diote Eusko Jaurlaritzari. Bestalde, LGTBI kolektiboko pertsonei lotzen zaizkien estereotipoekin amaitzeko eskatzen die erakunde publiko eta pribatuei.

Azkenik, udal ordezkariek dei egin diete LGTBI mugimenduak eta mugimendu feministak deitutako ekintzetan parte hartzera. Zumaian Amalgamak taldeak elkarretaratzea deitu du iganderako, “Ez ar, ez eme, ez hetero, ez ero” lelo hartuta; elkarretaratzea 19:00etan izango da, Saregileen plazan.

Ogasun arloko erabakiak

Ogasun arloan hiru erabaki nagusi hartu zituzten, hirurak ere EH Bilduren eta PSE-EEren aldeko botoekin, eta EAJren abstentzioarekin.

Alde batetik, Komentuko proiektua aurrera eramateko beharrezko den obra-zuzendaritzaren proiektua aurrera eramateko diru-partida bat gordetzeko konpromisoa hartu dute.

Bigarrenik, Aita Mari eraikineko kristalezko estalpearen konponketa dela eta, kreditu aldaketa bat egin du Udalak. Aurrekontuetan ez zen aurreikusten lan hau, baina %70eko diru-laguntza bat jasoko denez, eta lana egiteko kopuru handiagoa behar denez, egokitzapen bat egin behar izan da. Egoera dela eta gauzatuko ez den partida batetik kendu dute 18.000 euroko kopurua. EAJk ezezko botoa eman du, "kreditu aldaketa Oikiako bidegorriaren proiektuaren azterketa egitearen kredituaren kontra doalako, eta EAJren emendakin bidez sartu zelako".

Azkenik, kiroldegiko tasen inguruan eztabaidatu dute udal taldeetako ordezkariek. Ekainetik aurrera kiroldegian kuotaren %70a ordaintzen ari dira erabiltzaileak, eta hori posible izateko, hobari bat sortu behar izan da. Arritxu Iribar zinegotziak azaldu du kiroldegia posible den zerbitzu guztiak ematen ari dela eta erabiltzaile asko oso gustura daudela; "beste herrietarako eredua izan da Zumaiako kiroldegia". EAJko Gotzon Enbilek adierazi zuen kiroldegia irekitzeko prozesuaren inguruan ez dutela nahikoa informazio eduki, eta ez daudela kuotaren %70a ordaintzearekin ados, "erabiltzaile askok kiroldegia aldi honetan erabiltzen ez dutelako, ordutegiagatik, beldurragatik...". Arritxu Iribar PSE-EEko zinegotziak garrantzitsuena itxita egon den aldiagatik erabiltzaileak konpentsatu izana dela adierazi du.