Terrazen ordenantzaren eguneraketa aztertzeko saio irekia izango da datorren astelehenean

2022/11/10

Inplikatutako sektoreekin eta herritarrekin bilerak egin zituen Udalak urriaren erdialdean. Orain, bi saioetako ekarpenak entzunda, kontraste saio irekia egingo da azaroaren 14an (astelehena), 18:00etan udaletxeko pleno aretoan.

Terrazen ordenantzaren xedea da Udalarenak diren jabetza eta erabilera publikoko lurzoruen aprobetxamenduaren erregimen juridikoa arautzea, baita erabilera publikoari lotutako jabetza pribatuko lurzoruaren erregimena ere, ostalaritzako eta merkataritzako jarduerak garatzeari lotuta. Guzti horrek tabernen terrazei zein denden kaleko erakusleihoei eragiten die zuzenean.

Azken urte hauetan espazio publikoaren erabileraren inguruan jasotako kexak eta erabilera desegokiak kontutan hartuta, gaia berrartuko du Udalak. Lanketa hori egiteko inplikatutako sektoreekin zein herritarrekin bildu nahi du Udalak (ostalariak, merkatariak, bizilagunak, udal ordezkari eta teknikariak, ostalaritza- eta merkataritza- bezeroak, behar bereziak dituzten herritarrak...), gaiaren inguruko ahalik eta iritzi osatuena edukitzeko.

Eztabaidaren oinarri moduan ordenantza berriaren zirriborroa erabiliko da. Hemen irakur daiteke:

> Ordenantza berriaren zirriborroa

Prozesua garatzeko, ordenantza berriaren zirriborroaren kontraste saioak antolatu ditu Udalak. Urriaren erdialdean hiru saio egin ziren: merkatariena bata, ostalariena bigarrena, eta herritarrena hirugarrena. Saio horietan jasotako ekarpenekin osatu da ordenantza berriaren zirriborroa, eta orain, kontraste saio irekia egingo da.

AZAROAK 14, ASTELEHENA

18:00

UDALETXEKO PLENO ARETOAN

Aurrekariak

Ordenantza 2019an eguneratu zen lehen aldiz. Prozesu horretan alde inplikatu guztiek parte hartu zuten, egindako sektorekako bilera zein bilera irekietan. Aldaketa egin eta denbora gutxira, ordea, pandemia garaia hasi zen, eta egoerari aurre egiteko neurriek ordenantzan jasotako hainbat alderdi aldatu eta malgutzea ekarri zuten. Horrekin batera, tasen kobrantzan ere malgu jokatu zuen Udalak, herriko ostalaritzak eta merkataritzak bizi izan duten egoeraren jakitun.

Egoera bere onera itzultzearekin batera, ordenantza berformulatzeko beharra ikusi da. Arautze hori egiteko, interes desberdin eta kontrajarriak daudela kontutan hartu beharko da; hala nola, espazio publikoa herritar guztiek erabiltzeko eskubidea, atsedenerako eskubidea, larrialdiei aurre egiteko bermeak, aisialdirako eskubidea, eta merkatari eta ostalarien interesak.