2023rako udal zerga eta tasak %1.5 igotzea proposatuko du Udal Gobernuak

2022/09/22

Zumaiako ohiko familia bati, bataz beste, eta guztira, urtean 15 euro gehiago ordaintzea suposatuko lioke igoerak. Gizarte zerbitzuetako tasak izoztu nahi dituzte, eta, hobari berriak sortu: energia efizientziari lotutakoak, eta familia ugariei zuzendutakoak.

2023rako udal zerga eta tasak KPIren azpitik igotzea proposatuko du Udal Gobernuak. %1.5eko igoera proposatuko du Ordenantza Fiskalekin lotutako iraileko plenoan. Egun %10 inguruan dago KPIa.

Arantxa Gajate ogasuneko zinegotziak azaldu duenez, egungo KPIren igoerak Udalari ere eragiten dio, “kontratatuta dituen zerbitzuen garestitzea dakarrelako". Hori horrela izanik ere, udal zerga eta tasetan KPIren neurriko igoera aplikatzea baztertu du. Izan ere, “Udal Gobernua jakitun da herriko familien eros ahalamenarentzat garai txarrak direla”. Halaber, nabarmendu du gizarte zerbitzuetako tasa guztiak izoztu egingo direla.

Hori horrela, Gajatek adierazi du "hauteskunde aurreko urtea izanik errazena eta populistena zerga eta tasen izoztea proposatzea" izango litzatekeela, baina horrelako erabakiek "udalak ematen dituen zerbitzuen kaltetzea ekarri ohi dutela ondorio gisa". Horregatik, igoera aplikatuko dute, baina “neurrian”.

Azken ogasun batzordean aurkeztu zioten proposamena oposizioari, eta begi onez hartzea espero dute. Izan ere, "EAJk kudeatzen duen Urola Kostako Udal Elkarteak, esaterako, %1.6 igo du jada 2023rako Hondakinen Tasa".

15 euro gehiago urtean, guztira

Arantxa Gajatek azaldu du proposatzen duten igoerak Zumaiako familia bati batazbeste urtean 15 euro gehiago ordaintzea ekarriko diola, ohiko zerga eta tasa denak kontutan izanda (Ondasun Higiezinen gaineko Zerga, ura, ibilgailuen gaineko zerga...).

Beraz, "familiek eta Udalak asumitzeko moduko" proposamena da egin dutena, "jakitun izanda ere Udalari kostuak %1.5 baino nabarmen gehiago garestituko zaizkiola".

Hobari berriak

Orain artekoez gain, honako hobari berriak txertatzea proposatuko du udal gobernuak:

Familia ugarien hobariak:

Aurrerantzan, musika eskola kuotetan ere familia ugariek hobariak eskatzeko aukera izango dute. Gainera, musika eskolako, udazaintza zerbitzuko, zein udaleku guztietatako kasuan, progresibitate printzipioa aplikatuko da; hobari horretan, errentaren arabera, %90era artekoa izango da hobaria.

Hobari horiekin "zailtasun gehien izan ditzaketen familiei erraztasunak eman zaizkie udal zerbitzuetara bidea zabaltzeko". Bide honi jarraituz, hurrengo urteetan pauso gehiago eman nahi lituzke udal gobernuak.

Energia efizientziari lotutakoak:

  • Eguzki energiaren edo beste energia berriztagarri batzuen aprobetxamendua ahalbidetzen duen edozein sistema ezartzeko beharrezko obraren gaineko zerga ere hobarituko da aurrerantzean: %95ean
  • Fatxadetan egiten diren obren gaineko zergaren kasuan, kontzeptua zabaldu egiten da: hobariak teilatua barnebilduko du, besteak beste. Kasu honetan ere %95ekoa izango da hobaria.