Zabalik dago euskara ikasteko dirulaguntzen deialdia

2025/06/19

Helduentzako euskalduntze eta alfabetatze ikastaroak egiten dituzten zumaiarrak izango dira dirulaguntzen onuradun, eta diruz lagunduko dira ohiko ikastaroak, trinkoak eta barnetegietakoak eta autoikaskuntza bidez egindakoak. Lehen deialdia ekainaren 30etik uztailaren 30era arte egongo da zabalik.

Zumaiako Udalaren Euskara Zerbitzuak euskara ikasteko dirulaguntzen berri eman du, eta lehen deialdian ekainaren 30etik uztailaren 30era bitartean eskatu ahal izango dira 2024ko urritik 2025eko ekainera arteko ikastaroak laguntzeko. Dirulaguntzen onuradun helduentzako euskalduntze eta alfabetatze ikastaroak egiten dituzten zumaiarrak izango dira, eta diruz lagunduko dira ohiko ikastaroak, trinkoak, barnetegietakoak eta autoikaskuntza bidez egindakoak. Ezinbestekoa izango da honako baldintza hauek betetzea:

  • Zumaian erroldatuta egotea
  • Gutxienez, % 80ko asistentzia egiaztatzea

Baldintza horiek betez gero, langabeen kasuan, matrikularen % 100 eskuratu ahal izango dute ikastaro guztietan. Gainerako ikasleei gehienez % 75 ordainduko zaie.

2024/2025 ikasturtean HABEren mailaren bat ikasi eta maila hori gainditzen edo egiazta­tzen duten ikasleek HABEk 2025. urtean egin duen dirulaguntze­tarako deialdian parte hartu beharko dute; izan ere, A1-A2-B1-B2 maila ikasi eta egiaztatu dutenei –azterketa bidez edo euskaltegian atalasearen gaineko B mailako proba gaindituta– HABEren laguntza dagokie hasiera batean, ez Udalarena.  Nolanahi ere, zerbaitegatik HABErena jasoko ez balute, bigarren deialdian Udalarena eskatzeko aukera izango dute.

euskara.dirulaguntza.2025.png

* Iaz B1 eta B2 atalasearen gaineko proba gainditu (azterketa ez) eta 2024ko deialdian HABEren laguntza jaso zutenek ezingo dute aurten maila bereko azterketa gainditzeagatik laguntza eskatu. Kasu horietan Udalaren laguntza osorik jasotzeko eskubidea izango dute.

C1 maila ikasi eta gainditu dutenei dagokienez, HABEren aldetik 150 € jasoko dituzte 1994 edo aurretik jaiotakoek, eta  Zumaiako Udalaren dirulagun­tza HABEk emandakoaren osagarria izango da. 1995ean edo ondoren jaiotakoentzat, berriz, 700 €-ra bitarteko laguntzak emango ditu HABEk, eta Udalak ez die laguntzarik emango, hasiera batean.

C2 maila ikasi eta gainditu dutenei dagokienez, HABEren aldetik 100 € jasotzeko eskubidea izango dute, eta kasu horretan ere Zumaiako Udalaren dirulagun­tza HABEk emandakoaren osagarria izango da.

HABEren laguntzak lehen deialdian eskatzeko epea ekainaren amaieran zabalduko dela aurreikusi dute, eta abuztuaren 4an amaituko da; azken 2 ikasturteetako gastuak aintzat hartzen dituztenez, iazko Udalarena osatzeko aukera dute ikasleek, baldin % 100 jaso ez bazuten. Bigarren deialdi bat ere egingo dute, irailaren 1etik azaroaren 3ra bitartean.

Zumaiako Udalari aurkeztu beharreko dokumentazioa:

  • Eskabidea beteta
  • Ikastaroa ordaindu izanaren egiaztagiria
  • Asistentzia % 80tik gorakoa izan dela ziurtatzen duen agiria, euskaltegiak edo ikasketa zentroak berak emana.
  • Hirugarrenen alta emateko agiria (bankuko titulartasun ziurtagiriak ere balio du)
  • HABEren dirulaguntzen 2025eko deialdian eskaera aurkeztu izanaren agiria (maila egiaztatu edo dagokion atalasea gainditu duten ikasleek bakarrik).

Eskaerak udaletxean Herritarren Arretarako Zerbitzuan aurkez daitezke edota telematikoki www.zumaia.eus guneko egoitza elektronikoan.

Udalak gehienez 600 € ordainduko ditu urritik ekainerako ikastaroetan, eta gehienez 200 € uztailetik irailera bitartekoetan. Udako ikastaro horietarako bigarren deialdian laguntzak eskatzeko epea irailaren 8tik urriaren 10era bitartekoa izango da.

Deialdia osorik eta agiri guztiak Udalaren DIRULAGUNTZAK atalean daude. Zalantzak argitzeko, interesdunak Euskara Zerbitzuarekin jar daitezke harremanetan (943865025-109 edo euskaratxanpan@zumaia.eus)