Zabalik dago euskarazko errotuluetarako dirulaguntzak eskatzeko epea
Establezimenduetan euskarazko errotuluak jartzeko dirulaguntza emango du Zumaiako Udalak aurten ere. Kanpoko errotuluak, toldoak nahiz erakusleihoetako itsasgarriak euskaraz jarri nahi dituzten Zumaiako saltokiek jaso ahal izango dute laguntza, urriaren 30a baino lehen eskaera eginez gero.
Urte asko dira Udalak laguntzak ematen dituela establezimenduetan euskarazko errotuluak jartzeko. Era askotako euskarriak izan daitezke: kanpoko errotuluak, toldoak, erakusleihoetako itsasgarriak… Euskara Zerbitzuak, gainera, merkatariei eskura jartzeko kartel batzuk prestatu ditu, diseinu berriarekin.
Ezinbestekoa izango da honako baldintza hauek betetzea:
- Establezimenduak helbide fiskala Zumaian izatea.
- Eskatzaileak zerga betebeharrak eguneratuak.
- Udalaren baimena (toldo eta antzekoak jartzeko)
- Errotulua euskaraz eta zuzen idatzia.
Errotulazio elementuaren kostuaren % 50 lagunduko da diruz, 300 euroko muga gainditu gabe.
Ez dira diruz lagunduko errotulu elebidunak, nahitaezkoa izango da euskaraz bakarrik egotea. Era berean, ez da laguntzarik emango izen berezia bakarrik agertzen denean; establezimenduaren jarduera euskaraz adieraztea hartuko da irizpidetzat.
Aurkeztu beharreko agiriak (urriaren 30a baino lehen):
- Eskabidea beteta
- Euskaraz jarritako errotuluaren edo toldoaren faktura (2026koa) eta ordaindu izanaren agiria
- Jarritako errotuluaren argazkia
- Hirugarrenen alta emateko agiria, banketxean sinatuta eta zigiluz jota (edo titulartasun ziurtagiria).
Interesdunek Euskara Zerbitzuan eta Udalaren webguneko egoitza elektronikoa dirulaguntzen atalean izango dituzte eskura deialdiari buruzko xehetasun guztiak. Eskaera Herritarren Arreta Zerbitzuan aurkez daiteke, edota telematikoki ere bai, zumaia.eus guneko egoitza elektronikoan.
Kartel berriak eskura
Merkatarientzat kartel berriak prestatu ditu aurten Zumaiako Euskara Zerbitzuak, Ongi Etorri Euskararen Herrira kanpainarekin lotuta: MERKEALDIA adieraztekoa, deskontuak zehaztekoa eta testu librea idaztekoak ere bai. Kartelak eskatzeko nahikoa da euskaraz@zumaia.eus helbidera idaztea edota 943865025 zenbakira deitzea (616 luzapena).
Albiste erlazionatuak
euskara
- Abian da Julene Azpeitia ipuin lehiaketa 2026/07/03



