Zumaiako Udalak tasak eta zergak izoztea erabaki du, aho batez

2020/10/14

Udal talde politiko guztiek baiezkoa eman diote 2021eko tasa eta zerga guztiak izozteari, "herritarrak ez estutzeko". Bigarren urtez jarraian izoztu ditu zerga eta tasak Zumaiako Udalak, eta datorren urterako hainbat igoera egitea aurreikusten du Udal Gobernuak.

2021eko tasa eta zerga guztiak izoztu egingo dira, "bizi dugun egoeraren aurrean herritarrak ez estutzeko". Arantxa Gajate Ogasun zinegotziaren arabera "egoera zaila bizi dugu, eta uste dugu ez dela tasak eta zergak igotzeko unea".

Halaber, nabarmendu dute Zumaiako Udala ahalegin handia egiten ari dela egoera zail honetan beharrezkoak diren dirulaguntzak mantendu eta kalitatezko zerbitzuak bermatzeko. Izan ere, Gipuzkoako Foru Aldundiak diru-bilketa jaitsi dela iragarri ondoren, 2021ean Zumaiako Udalak ere ohi baino kopuru baxuagoa jasoko duela aurreikusten da, nahiz gaur egun daturik zehatzik ez dagoen. Gainera, 2020. urtean, Udalak ez ditu aurreikusitako 1.500.000 euro jaso funts horretatik. Erabaki horiek “egoera zailean eta babesgabe uzten dituzte Udalak”, adierazi du Gajatek. Zentzu horretan, Gipuzkoako Foru Aldundiari eskatu diote fiskalitatea egungo egoerara egokitzeko.

Udalbatzarrak adostasunez hartu du erabakia, eta Udal Gobernua pozik agertu da horregatik. EAJ jarraitutako prozedurarekin "gustura" agertu dira, proposamenak lantzeko eta negoziatzeko denbora izan dutelako. Iker Mardas EAJko ordezkariak 2021eko aurrekontuetarako ere prozedura antzekoa jarraitzea nahiko luketela nabarmendu zuen. PSE-EEk "salbuespenezko egoera batean" gaudela nabarmendu zuen, eta hori horrela izanik, salbuespenezko erabakiak hartu behar direla; "datu ekonomikoak ikusita eta etorriko dena aurreikusita, ordenantza fiskalak lasaitasuna ematen die herritarrei", adierazi du Arritxu Marañon PSE-EEko ordezkariak.

EAJk 2021eko ordenantza fiskaletarako ostalaritzarako zenbait neurri proposatu zituen. Horietako bi txertatu da ordenantzetan: tabernariek ez dute toldoak jartzeagatik ordaintzen den aparteko tasa ordaindu beharko 2021ean eta 100 metro koadrotik beherako establezimendu txikiek irekiera lizentzia eskuratzeko ordaintzen duten 300 euroko tasa 50 eurora jaitsiko da.

Horrez gain  terrazen tasa ez ordaintzea eskatzen zuen EAJk. PSE-EEren arabera neurri hori diskriminatzailea izan litezke hainbat establezimendurentzat; "guztiei lagunduko dieten formulak behar ditugu", nabarmendu du Marañonek. Udal Gobernuak azaldu du Udala ostalaritza eta merkataritza ekintza zuzenen bidez laguntzen ari dela, eta sektore horrekin elkarlanean diseinatutako laguntzak "eredugarriak" izaten ari direla. "Inguruko herrietan eman den laguntzarik handiena ematen ari gara", nabarmendu du Gajatek.

Datozen urteetarako aurreikuspenak

Bigarren urtez jarraian izoztu ditu Zumaiako Udalak zerga eta tasak. Hori horrela izanik, datozen urteetarako hainbat zerga eta tasatan igoerak egingo dituztela aurreratu du Gajatek.

Batetik, ekonomia jardueren gaineko zerga igo egingo dute hurrengo bi urtetan, pixkanaka, ingururko herri askotan bezala %2,2ra iristeko helburuarekin. Milioi bat euroko enpresei eragiten die zerga honek, eta enpresa horien zergaren ordainketan igoera handia suposatzen ez badu ere, Udalak zerga horretatik egin dezaken diru bilketak "abantailak" dakartza herriarentzat.

Bigarrenik, uraren tasa igotzea aurreikusi dute: "Gipuzkoako Ur Kontsorzioak 2022rako igoera egingo duela iragarri du, eta igoera hori estali egin beharko da".

Kreditu aldaketa

Ezohiko osoko bilkuran Udalaren 19. kreditu aldaketa ere onartu zen, aho batez. Honakoak dira kreditua jasoko duten diru partidak:

  • Kaleko argiteriko hornidurak
  • Covid-19ari lotutako gastuak (gelak, desinketzaileak...)
  • Oinherri herri hezitzaileen sareari kuota
  • Etxez etxeko laguntza zerbitzua
  • Apartamendu tutelatuak hobetzeko inbertsioak
  • Auzo bideetan hobetze lanak (seinalizazioak etab.)
  • Oikiako eskola zaharraren garbiketa (musika eskolako hainbat klase bertan ematen dira)
  • Hirigintzako azterlanak: araztegi naturalaren azterketa egiteko erabiliko da jasotako dirua