Oikiako industrialdean 69.000 metro koadro atonduko ditu Sprilur-ek, enpresa berriak erakartzeko

2021/12/16

Sprilur sozietate publikoak XEY enpresaren instalazio zaharren 47.400 metro koadro baino gehiago berroneratuko ditu, eta 22.000 metro koadroko beste zazpi partzela berrurbanizatuko ditu Oikia industrialdean. Zumaiako Udalak eta Sprilur sozietate publikoak salerosketa akordioa sinatu zuten 2021 hasieran, eta gaur bertan eman dio onespena urbanizazio proiektuari.

Zumaiako Udalak eta Sprilur sozietate publikoak salerosketa akordioa sinatu zuten 2021 hasieran. Oikiako industrialdea egokitzeko, Udalaren jabetzakoa zen Xey industriaguneko lursail bat saldu zion Udalak Sprilurri. Xey industrigunea biziberritu eta herrira enpresa berriak ekartzeko pausuak eman nahi dute bi aldeek.

Orain, Zumaiako Udalak urbanizazio-proiektuari onespena eman eta gero, Gipuzkoako lurzoru industrialaren eskaintza indartuko du Sprilurrek, Zumaiako Oikia industriagunean 69.000 metro koadro erabilera industrialerako atonduz. Proiektu honen helburua da espazio aproposak sortzea eta ingurune industriala egokitzea enpresa-proiektu berriak ezar daitezen eskualde horretan.

2021ean, Sprilur-ek hainbat lursail erosi ditu Zumaiako Oikia ingurunean. Hartara, batetik, bereak dira Xey-ren instalazio zaharren 47.400 metro koadroak; lantegia eraitsi egin da espazioari erabilpen industrial berriak eman ahal izateko. Bestetik, Sprilur-ek erosia zuen lantegi horren inguruko beste partzela mugakide batzuen azalera bat (zehazki 22.000 metro koadro) berrurbanizatzeko. Sprilur-en esanetan, azalera hori guztia egokitzerakoan, asko indartuko da Gipuzkoako lurzoru industrialaren eskaintza.

Eusko Jaurlaritzak Azpiegituretarako Ezohiko Funtsak onartu ditu kaltetutako lurzoru industrialak berroneratzeko eta jarduera ekonomikoetarako balioan jartzeko, eta hain zuzen, Sprilur-ek funts horiek baliatuko ditu Zumaiako Oikia industrialdea birgaitzea helburu duen proiektua aurrera eramateko.

Iñaki Ostolaza alkatearen arabera herriko ehun industrialari indartsu eustea erronka garrantzitsua da, kalitatezko lanpostuak mantendu eta ahal den neurrian berriak sortzeko. Horretarako herrian dauden enpresak mantentzeaz gain etorkizunean enpresa berrien etorrera bilatzen da, eta helburu horretan aurrera egiteko paper garrantzitsua bete dezake Xey industrialdeak. “Industrialdea 1970 hamarkadakoa den arren impasse egoera batean aurkitzen da azken urteotan, eta orain ematen ari garen pausoekin etorkizunean industrigune hau garatzea nahiko genuke”, azaldu du.

Lehengoratze lanak martxan

Zumaiako Oikia industrialdearen lehengoratze-lanak bi fasetan egingo dira. Lehenik eta behin, Sprilur iragan azaroan hasi zen Xey-ren instalazio zaharrak -aspaldian erabiltzen ez zirenak- eraisten eta hondakinak erretiratzen, lurraren kalitateari dagokion ziurtagiria lortzeko. Hasierako 47.400 metro koadro horiek atondu ondoren, posible izango da jarduera gehiago garatzea edo enpresak bertan ezartzea. Aurreikusten da lehen fase hau 2022ko lehen hiruhilekoan amaituko dela, eta Sprilur-ek 240.000 euroko inbertsioa aktibatu du lanak garatzeko.

Garapen jasangarriko neurriei dagokienez, zorroztasun handiz kudeatu dira instalazio zaharrak eraitsi ondoren sortu diren hondakinak. Hala, eraisketaren ondoriozko materialak betegarritarako agregakin balorizatu bezala erabiliko dira hurrengo faseetan atonduko diren lursailetan.

Eraiste-fasearekin batera, Sprilur-ek datorren urtearen hasieran ekingo die XEY lantegi zaharraren aldameneko beste zazpi partzela (guztira 22.000 metro koadro inguru) lehengoratzeko lanei, Zumaiako Udalarekin Hirigintza Kudeaketako Hitzarmen bat onartu ondoren. Kasu honetan, proiektuaren helburua da espazioa berrurbanizatzea, eta hainbat lan egingo ditu horretarako: bi biribilguneen arteko errepidearen kota altxatzea, zazpi partzela industrialak agregakin balorizatuekin betetzea eta Urola ibaiaren ondoko partzeletan uholdeetatik babesteko neurriak hartzea. Horretarako, Sprilur-ek altxatu egingo du urez bete daitekeen azalera, babestuta egon dadin ibaiak gainezka egitean. Fase horretarako 705.000 euroko inbertsioa aurreikusi da.