Udalaren esker mezua Gabonetako ekitaldietan lagundu duten herritar guztiei

2024/01/08

Beste urte batez hamarnaka boluntariori eta herriko elkarteei esker antolatu ahal izan ditu Udalak Gabonetako ekintzak. Zumaiarrak elkarlanaren adibide izan dira beste behin.

Familia-giroan pasa ditugu egunok, eta, herrikideekin batera zenbait ekitaldiz gozatzeko aukera ere izan dugu azken bi asteotan. Beste urte batez arrakastatsuak izan dira Gabonen bueltan antolatutako ekitaldi guztiak: elkarte eta norbanakoen inplikazioari esker, Olentzero eta Gomezago, eta Hiru Errege Magoak Zumaian egon dira beste urte batez.

Tarteka eguraldia lagun izan ez badugu ere, ekitaldi guztiak egitea posible izan da zumaiar horiek guztiei esker. Hori ezinezkoa litzateke herritarren parte hartzerik gabe, eta horregatik, Zumaiako Udalak esker ona adierazi nahi die ekitaldien antolaketan zein egunean bertan ekarpena egin duten boluntario zein elkarteei. Beste behin, elkarlanaren adibide izan da Zumaia.

Halaber, neguko oporretarako antolatutako kultur zein kirol ekitaldien arrakasta nabarmendu nahi du Udalak. San Silbestre lasterketan parte hartze handia izan da aurtengoan ere, eta herritar ugarik gozatu dute ipuin kontaketez zein kontzertuez. Horiek horrela, urte berrian Zumaiako bizitza kulturalaz gozatzen jarraitzera eta horietan aktiboki parte hartzera animatu nahi ditu herritarrak.

Urte berri on!