Otsailaren 18an amaituko da Zumaian 'Beste bat!' zikloa, 'Urolatik barrena' kontzertuarekin

2021/02/11

Iparragirre jaio zela bigarren mendeurrenaren aitzakian, musika ikuskizuna prestatu dute Urval Ensemble, Jon Maia eta Gorka Hermosak. Sarrerak larunbat honetatik aurrera izango dira salgai turismo bulegoan.

'Beste bat!' zuzeneko ikuskizunen zikloak otsailaren 18an utziko du Zumaia. Ziklo honen baitan, negu honetan, Miren Amurizaren eta La Pulgaren Gorria ikuskizuna, Laboa Jazz Sextet kontzertua; Liher musika taldearen kontzertua eta Kukai dantza taldearen Gauekoak emanaldia ikusteko aukera izan dute herritarrek.

Zikloa Urolatik barrena musika ikuskizunak itxiko du: Iparragirre jaio zela bigarren mendeurrenaren aitzakian, Urval Ensemble, Jon Maia eta Gorka Hermosak prestatutako kontzertu berezia izango dugu gurean. Ekitaldia otsailaren 18an (osteguna) izango da, 19:00etan Aita Mari zineman.

Sarrerak larunbat honetatik aurrera egongo dira eskuragarri 5 euroren truke, turismo bulegoan.

UROLATIK BARRENA

Iparragirre jaio zela bigarren mendeurrenaren aitzakian, eta hari omenaldia eginaz prestatutako ekitaldia da honakoa. Gorka Hermosaren musika errepertorio moduan hartuta eta Jon Maia lagun, Urval Ensembleren ikuskizun berezi eta errepikaezinaz gozatu ahal izango dute zumaiarrek.

Urval Ensemble

Klarinete Maratoia Zumaian (Gipuzkoan) antolatzen den hezkuntza-egitasmo orijinal bat da. 2002an sortua, klarinetearen zabalkundea eta irakaskuntza ditu helburu nagusi. Hezkuntza-egitasmo hau abiapuntua izanik, bertan lanean aritzen diren lau klarinete joleek hainbat kontzertu eskaintzeko aukera izan dute. Honela sortu zen Urval Ensemble. Aita Donostiaren kantuak direla aitzaki, euskararen eremu geografikotik kanpo Euskal Kultura sustatzeko eta hedatzeko asmoz, kontzertuak eskintzeko hainbat lekutan gonbidatuak izan dira bai Euskal Herrian eta kanpoan ere; León, Ávila, Madril, La Rioja, Lincoln (Estatu Batuak), Ghent (Belgika), Assisi (Italia) eta Faroe Uharteak (Danimarka) besteak beste. Hala, aukera izan dute euskararen eremu geografikotik kanpo Aita Donostiaren eta Jesus Guridiren lanak klarinetearen mundutik abiatuta zabaltzeko; dantza, jokoa, ohiturak eta herri-kantak ikerketetako esentzia bihurtu bai zituzten, gustu ona, inspirazio berezia, dotoretasuna eta originltasuna emanaz.

Jon Maia

Urretxun jaio zen baina Zumaiara joan zen bizitzera sei urte zituela. Euskal Filologiako lizentziaduna da. Euskal prentsan kazetari eta kolaboratzaile aritu da, iritzi-emaile moduan, idazle lanetan ere aritzen da, eta Euskal Herriko musika talde askorentzat idatzi izan ditu abestien letrak. Karidadeko Benta musika taldeko sortzaile eta abeslaria izan da. Bertsogintza du bere jarduera nagusi baina kultur eragile lanetan ere aritzen da.
Bertsoarekin lehen harremana eskolan izan zuen, eta Zumaiako bertso-eskolan trebatu zen. Joanito Dorronsoro bertso-doinu biltzaile eta ikertzailea izan zuen irakasle.
1997an, 2001ean 2005ean eta 2009an Txapelketa Nagusiko finalista izan zen, eta baita Gipuzkoakoan ere 2003, 2007 eta 2015 urteetan.

Gorka Hermosa

Musika ikasketak Zumarraga, Irun, Donostia eta Gasteizko Eskola eta Kontserbatorioetan egin zituen. Thierry Paillet, Friedrich Lips, Amaia Liceaga eta Carlos Iturralderekin ikasketak areagotu zituen, Larrodeko (Auvergne, Frantzia) E.D. du Thor (Avignon, Frantzia) eta C.N.I.M.A ikastetxeetan bere akordeoi-heziketa osatu zuen eta Elsbeth Moser, Eric Pisani, Jean Luc Manca edo Jacques Morneten eskolak jaso zituen. 
Zazpi disko propio argitaratu ditu, eta beste artista batzuen hogeita hamar bat CDtan baino gehiagotan parte hartu izan du. Akordeoiaren historiari buruzko lau liburu idatzi ditu, eta gai horri buruzko hitzaldiak hogei herrialde baino gehiagotan eman ditu.